Zuzenean

Naiz Irratia

«Barakaldon lau etxegabetze gertatzen dira astero»

Etxegabetzeak errealitate bat dira gurean. Barakaldon emakume bat eta bere 15 urteko alaba etxegabetzeko agindua indarrean da. Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak, berriz, bi etxe kaleratze arriskuren berri ohartarazi du. Berri Otxoaken esanetan, «argi dago» etxebizitza eskubidea ez dela bermatzen.

Audio_placeholder

«Barakaldon lau etxegabetze gertatzen dira astero»

Loading player...
Berri Otxoak plataformaren protesta Barakaldon, etxekaleratua izateko arriskuan dagoen 52 urteko emakumearen etxe aurrean
Berri Otxoak plataformaren protesta Barakaldon, etxekaleratua izateko arriskuan dagoen 52 urteko emakumearen etxe aurrean (Berri Otxoak)

Barakaldon 52 urteko emakume bat eta bere 15 urteko alaba «printzipioz kalean geldituko dira» abenduaren 30ean. Bizitzeko Gutxieneko Errenta jasotzen du eta ezin dio 700 euroko alokairuari aurre egin. Auzitegi batek etxetik kaleratuak izan daitezela agindu du. Berri Otxoak plataformako David Gonzalezek salatu du ez Lakuako Gobernuko, ezta Barakaldoko Udaleko zerbitzu sozialek ere ez dietela irtenbiderik eskaini. Etxe kaleratzeak errealitate bat direla ohartarazi du, «argi dago onartutako etxegabetzeen aurkako legedia ez dela aplikatzen, kaleratzeak behin ata berriz gertatzen dira, Barakaldon astero lau kaleratze gertatzen dira eta azken 10 urtetan 2.000 baino gehiago izan dira». Horrekin batera, instituzio publikoek ez dutela «irtenbiderik» eskeintzen salatu du.

Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuko Ionek bi etxe kaleratze arriskuren berri ohartarazi du NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan. Hiru seme-alabekin bizi den emakume batena da kasuetako bat, 67 urteko pentsiodun batena bestea. Batzuen milioitako irabaziak eta besteen bizi ezina, parez pare. Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak bi etxegabetze arriskuren berri eman du. Bietan bankuak eta funts putreak ageri dira atzetik.

Bankuak eta funts putreak

Lehena, adin-txikiko hiru seme-alaba dituen emakume batena. Bere kasuan Santander bankuak 2008ko krisiaren ostean bereganatutako etxebizitza bat da eta bankuarekin berarekin saiatu dira sindikatukoak soluzio bat bilatzen baina banketxeak «ez du horretarako inolako borondaterik azaldu».

«Krisia gutxi batzuen negozio nola bilakatu zenaren adibide adierazgarria da kasu hau». Etxebizitza Sindikatuak azaldu duenez, milaka jabetza bereganatu zituen Santander bankuak, horrekin Global Pantelaria deitzen den sozietate bat sortu eta Cerberus Capital Management funts putreari saldu zion. Azken honena da orain elkarte horren jabetzaren %80. Etxebizitza sindikatua saiatu da funts honekin ere irtenbide bat bilatzen baina ez dute erantzunik jaso.

Galdakaon salatu duten bigarren kasua Patxirena da. 67 urte ditu eta Kutxabank da etxegabetu nahi duena. Kasu honetan ere konponbide bat bilatzen saiatu dira Etxebizitza Sindikatukoak. Etxegabetzea gauzatu ahal izateko legezko jukutria bilatzea ere egotzi diote sindikatukoek behinola publikoa izan zen bankuari. Patxiren kasuan, bere gurasoena zen etxea da erosten saiatu zena, egoera ekonomikoa okertu ostean ezin izan zion aurre egin eta orain etxerik gabe eta zorra kitatu gabe utzi nahi dute kalean.

Jaurlaritza Logoa