Zuzenean

«Estatu sakonaren eta Sanchezen gobernuaren arteko pultsuan eragin behar dugu independentistok»

Konstituzio Auzitegiak Botere Judizialaren berritzea blokatu izanak ezker abertzalearen irakurketa berresten du Oihana San Vicente Sortuko Nazio Kontseiluko kidearen esanetan, «ez zen trantsizio demokratikorik izan». Eskuina «boterera» irits ez dadin, arduraz jokatu beharra nabarmendu du.

Audio_placeholder

«Estatu sakonaren eta Sanchezen gobernuaren arteko pultsuan eragin behar dugu independentistok»

Loading player...
Oihana San Vicente
Oihana San Vicente (Naiz Irratia)

«Larria» da estatu espainiarrean gertatzen ari dena baina sorpresa handirik ez dio eragin Sorturi hamarkadan baitaramatza esaten duela 40 urte ez zela «benetako trantsizio demokratikorik» izan. «Dena ondo lotuta utzi zuten», baieztatu du Oihana San Vicente Sortuko Nazio Kontseiluko kideak Naiz Irratian, «trantsizio moduko bat saldu zioten espainiar herriari eta Euskal Herriari baina badakigu frankismoko botereek boterean jarraitu zutela, politikoan, judizialean, mediatikoan nahiz polizialean». Horren islatzat jo du «Euskal Herriko independentismoaren aurka» azken 40 urteetan egin dutena, «estatu terrorismoa, torturak nahiz legez kanporatzeak». Harago, M-15 mugimenduaren aurka erabili zen «errepresioa» ere ekarri du gogora, baita Kataluniako prozesuaren aurka «polizia eta judikatura» erabili direla «arazo politiko bat indarrez isilarazteko». Hala, San Vicentek ohartarazi du eskuina eta ultraeskuina «edozer egiteko prest» daudela eta Konstituzio Auzitegiaren azken erabakiak erakutsi duela «legearen eta edozein irizpide demokratikoren gainetik» jarduteko prest daudela.

Hamarkadetan zehar «estatu sakonak» egin duen «apustuaren» eta Pedro Sanchezen gobernuaren artean «pultsu bat» dagoela baieztatu du eta Sorturentzat garrantzitsua dela talka horretan eragitea, «independentistek badugu zereginik pultsu horretan eskuina eta ultraeskuina gobernutik urrun mantentzeko».

Izan ere, hurrengo hauteskundeetan eskuina eta ultraeskuina boterera irits litezkeela ohartarazi du, «badago aukera». San Vicenteren esanetan «eskenatoki hori oso latza litzakete Euskal Herriarentzat» eta zehaztu du egoera honetan ari direla elkar lanean Sanchezen gobernuarekin. Zehaztu duenez Sorturen helburua edo «misioa» ez da gobernua bera mantentzea, baizik eta eskuina blokeatzeaz gain «aurrera urratsak» eman ahal izatea. Eskubide sozial eta ekonomikoetan nahiz nazioen aitortzan aurrerapausoak lortzea da helburua Sortuko ordezkariak baieztatu duenez. Argitu du gobernu espainiarrarekin elkarlanean aritu arren begirada etxean dutela, «han gaude Euskal Herriari begira».

Jaurlaritza Logoa