Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Gari eta Josu Zabala
Hertzainak taldeko kideak

«Diseinatutako produktuek ez dute aukera handirik gure merkatu txiki honetan»

40 urte baino gehiago pasa dira Hertzainak taldeak lehen pausuak eman zituenetik eta 2023an 40 beteko dira taldea erabat egonkortu zenetik, baina agur esango dute. Ilusioa piztu dute zaletuen artena eta errematea urtarrilaren 6an emango diote Gasteizen. Ibilbideaz eta kontzertuez aritu gara haiekin.

Audio_placeholder

«Diseinatutako produktuek ez dute aukera handirik gure merkatu txiki honetan»

Loading player...
Gari, Josu eta ‘Txanpi’ elkartu dira Hertzainaken agur kontzertuetarako.
Gari, Josu eta ‘Txanpi’ elkartu dira Hertzainaken agur kontzertuetarako. (HERTZAINAK)

Zer moduz zaudete kontzertu berez hauen atariko luze honetan, bero?

Gari: Bero ez dakit hitz egokia den. Lan asko eginda gaude azken sasoi honetan, gogotsu, urduri, irrikaz sortu dugun espektakulua jendaurrean erakusteko.

Zikloa ixteko noiz heldu zenioten berriz ideiari?

Josu Zabala: Nire ustez 2018koa bukaera faltsua izan zen. Ez zen rockerako egokia, jendea jarrita eta elegante bai, baina ez zen rock festa batentzako tokirik egokiena. Jendeak aske eta libre dantzatzea nahi genuen, eserita-eta serio samarra izan zen hura. Gure istorioa Gasteizi lotua dago, gainera, eta faltsua zen Bilbon bukatzea, nahiz eta hiriari asko zor diogun eta publikorik onena bertakoa izango den. Baina gure salda egosi zuen hiria Gasteiz zen eta bertan bukatu behar zen guztia. 2018koaren ostean pandemiaren kristoa etorri zen eta dena bertan behera geratu zen. Baina horiek pasata berriz ere suertatu da aukera hau eta horretan gabiltza.

Askok gogoratuko du Donostiako kontzertua ere, motorrak berotzeko sare sozialetan orduko bideoa ikusi dugu azken egunetan. Zuek kudeatzen dituzue zuen sareak?

G.: Guk ez dugu adinik halako soroetan sartzeko eta zorionez ez dugu horretarako beharrik ere. Donostiakoa oso berezia izan zen eta bideoan oso garbi ikusi da hori. Hertzainaken liburu potoloa ixteko gertatu zena erakustea ere polita da, su bat piztu da eta guztiei jai giroan berriz ere hori guztia biziaraztea da gure nahia.

Gasteizko gonbidatu zerrenda erakutsi duzue, ez da erraza izango irizpideak markatzea.

J.Z.: Gaur egun estandarizatutako irizpide batzuk badaude Euskal Herrian: generoa, adina, lurraldetasuna… Hori haintzat izanda, jende batek ezin izango du gure azken saioetara bertaratu, nahiz eta ilusio handia egiten zigun. Dena dela, Gasteizko saiorako irizpide garbiena zen gonbidatuak euskaldunak izatea eta euskaraz aritzea beren jardunetan, eta, bestetik, arabarrak edota arabartu direnak nahi genituen gure kontzertuan. Gotzon Barandiaranen laguntzarekin saiatu gara hainbat ate jotzen, guztiak gurean izatea ez da posible izan, baina euskal musikaren ordezkaritza polita izango da bertan, gainera sasoi desberdinetakoak, eta espero dut kristo polita muntatzea bertan.

Euskaraz aritzearena aipatu duzue, erabat euskaraz egin duzue zuen ibilbidea Gasteizen 80etan egindako hautuari jarraika. Nola ikusten duzue euskararen eboluzioa bide guzti honetan?

G.: Ez dakit nondik hasi.

J.Z.: Aurrekoan, elkarrizketa batean, harrotu egin nintzen eta astakeria bat bota nuen: Guk Gasteizi asko zor geniola esan nuen baina hiriak ere gurekin zor bat baduela. Feedback hori jaso dugulako esan nuen hori. Harrotasunez begiratzen ditut datuak Gasteiz euskarak gora gehien egin duen hiria dela ikustean, eta horren erruaren zati txiki-txiki bat gurea dela sentitzen dut. Euskaldun gehiago daude iraganean baino, nahiz eta euskararen erabilera behera doan alde guztietan nabarmen. Aisialdiko eta kulturako erreferentzia asko falta dira eta euskal musikak babesa behar du, modernotasunarekin lotutako eremuak inbaditu behar ditu euskarak. Badaukagu belaunaldi berriekin zer landua.

G: Hertzainaken saio hauek gure kultura balorean jartzeko balio dezaten nahi dugu. Jaialdi erraldoi hauek horretarako balio dezakete. Gasteizkoa eta Bilbokoa bezalako saioak eta bertan izango diren gonbidatuek horretarako balio dezatela, gure kultura balioan jartzeko.

Musika esparruan sartuz. Non dago kantu arrakastatsu baten gakoa edo inoiz sentitu al duzue tekla egokia sakatu izana?

J.Z.: Zientziak ondo aztertuta du hori eta lelo errazak, parametro musikal batzuk, letra errepikatuak… Horrek guztiak lortzen du kantu bat famatu bihurtzea. Baina nik uste dut kantu batek jendearekin konektatu eta edozein motatako emozioa sortzeko gaitasuna behar duela, eta gauza horiek ezin dira kontrolatu. Normalean kantu bat egitean ez zara horra begira jartzen, barrutik daukazun zerbait edo garatzen duzun zerbait botatzen duzu eta kitto. Gero, jendearekin konektatzen duzu edo ez, eta hor gauza konplexuak sartzen dira. Duzun jarrerak edota kasu batzuetan edertasun fisikoak ere badu garrantziarik. Ni seguru nago George Michaelen kantu batzuk nik egin izan banitu ez zirela arrakasta bihurtuko. Gauza asko daude, baina nik uste dut entzulearekin konektatzea dela inportantea.

Zuk, Gari, ze kantu sortzen ‘flipatu’ izana duzu gogoan?

G.: Nik uste dut ez nukeela kantu bat aipatuko, gurea jarrera zen nabarmendu zena hasieratik, bai oholtzan eta baita oholtzatik kanpora ere. Hainbat aldagai daude ekuazio horretan eta asko ez dira ulergarriak. Jarrera, indarra, proiektuaren erotasuna momentu berezi hartan… Kantek baino sortu zen indar bereziak bat egin zuen gure errepertorioarekin eta eztanda bat eman zen. Gaur oraindik ere indar horri buelta bat eman nahi diogu eta liburu potolo hori itxi despedida polit baten moduan.

J.Z.: Nik tontakeria bat gehitu nahi nuke. Euskal Herria oso txikia da eta hemen ez dute balio musika industrian diseinatutako produktuek. Hemen autentikotasuna oso garrantzitsua da arrakatsa lortzeko, diseinatutako produktuek ez dute aukera handirik gure merkatu txiki honetan.

Bardeetako tiro eremuaren aurka egindako jaialdia, militarren esparrua oraindik hor badago ere, esaterako, bizi izan zenuten. Mugimendu soziala beste era batetara dagoela eta bareago dagoela nabaritzen duzue?

J.Z.: Bai, zentzu guztietan. Baina agertu dira beste mugimendu batzuk. Aldarrikapen asko baretu dira helburuak lortu zirelako, soldadutzaren bukaera esaterako. Eta badaude behar eta mugimendu asko behar duten kontuak eta bare daudenak, larrialdi klimatikoarena, adibidez. Beste asko ez dira konpondu, ondasunen banaketa ez da egokia, Euskal Herriak ez du erabakitzeko eskubiderik, benetako berdintasunerako ere bide luzea dago nahiz eta emakumeen eskubideetan aurrera egin den, etxegabetzeak gertatzen dira… Geroz eta gehiago pribatizatzen dira estatuaren prestazioak eta abar luze bat badago hor. Dirudienez, mobilizatzen den klase inportanteena jubilatuena da. Baditugu kontraesan itzelak, baina esango nuke orohar mugimendu sozialak oso bare daudela. Jendeak eta politikariek beren buruari galdetu behar lieke ea zergatik gertatzen den hau guztia eta ea gizarte hobea lortuko ote dugun bide honetatik, nik neure zalantzak baditu.

Musikara itzuliz, egun ekoizlearen figura gehiago erabiltzen da, baina zuek 1989an sartu zenuten Ruper Ordorika zuen ‘Salda badago’ diskoan.

G.: Nik ez dut gogoratzen garai hura. Baina figura hori derrigorrezkoa dela pentsatzen dut, ikuspegi desberdin bat ematen dizulako. Kantuak eta proiektuak egiterakoan zure perspektiba murriztu egiten da eta kanpotiko begirada horrek zabaltasuna ematen dio proiektuari, zure ideiak bateratzeko zuzendari bat behar duzu. Disko horren inguruko ekoizpenaz ez dut askorik gogoratzen.

J.Z.: Ruper lagun handia zen eta diskotik diskora aldatzen gindoazen gu. Ez genuen lerro zuzen bat eraman estilistikoki eta estilo aldaketa horiekin-eta inguruko baten laguntza izatea egokia zela uste genuen, gainera Jean Phocasekin harremana zuen. Bitartekari lanak ere egin zituen, hortaz. Ordura arte, nahiz eta horrela aipatu ez, Marino Goñik betetzen zuen ekoizlearen papera, rol horretan izendatuta egon gabe bazegoen ere. Saio guztietan egoten zen eta grabaketetan ere bai, ontzat emateko egiten genuena eta lasaitasuna eta konfiantza transmitzeko guri. Eta hori da ekoizle baten lanetako bat. Euskal musikan, zorionez edo zoritxarrez, ekoizlearen papera ez dago oso hedatua. Diskoetxe askorik ez dago eta autoekoizpen asko dagoela da errealitatea. Esan beharra dago gu hasi ginenean zeharo hasiberriak ginela, jotzen ere ez genekien, baina egun musikalki zein musikako gainerako esparruetan oso prestatuta daude gazteak. Hori bai, euskal musikan gertatzen denak ez du parekork mainstreamean gertatzen denarekin.

Atzera begira jarriz berriz ere, zein da gogoan duzuen momentu kuriosoren bat?

G.: Asko izan ziren 11 urte horietan, baina horrela boteprontoan, esango nuke Madrilera egindako txango berezi bat. Carabanchelgo espetxera joan ginen Karlos Agirreurreta ‘Mahoma’-rekin, R.I.P. taldeko abeslariarekin, eta espetxe hartan gertatutakoa oso berezia izan zen. izugarri flipatu genuen.

J.Z.: Pelikuletako istorio bat.

G.: Askok ez du izango halako gidoirik prestatzeko gaitasunik ere.

J.Z.: Hasieratik modu berezian hasi zen. Bergarako kontzertu batean, bukaeran, 70.000 pezeta eman zizkiguten eta Yeseriasko kartzelan jo behar genuela esan ziguten. Hiru neska zeuden preso eta baten urtebetzea zenez, oparia gu ginen. Mahoma prestatu zen gure gidari izateko eta berarekin joan ginen. Pelikula eder eta oso tristea osatu genuen. Handik atera ginenean bi orduz mutu egon ginen, zer esan ez genekiela elkarri eta zeharo traumatizatuta.

Nola konbentzitu zenuten Luis Javier Saiz, ‘Txanpi’ azken kontzertu hauetan zuekin izateko?

J.Z.: Bera konbentzitu zen. Aurreko kontzertuetarako deitu genion, baina aitaren zaintzarekin lotuta zebilen eta une txarrak pasatzen ari zen. Euskal Herriko hiriburuetatik bira bat egin nahi genuen eta dena bertan behera geratu zen, Euskaldunakoa salbu. Orain berriz ere esan genion, ez zuen ezer garbi erantzun, baina zurrumurrua iritsi zitzaion orduko, deitu gintuen eta gu pozik bere parte hartzearekin. Bingen Mendizabalek ere baietz esan digu eta datozen kontzertuetan izango da. Lortu duguna lehengo koadrila errekuperatzea da nolabait ere, autentizidadea ematen dio egingo dugun erremate honi.

Ikuskizuna prestatzen lan handia hartu duzuela esan duzue, entseatzen ordu asko eman dituzue?

G.: Ordu pila bat, ez da erraza Hertzainakena bezalako errepertorio zabal bat estilistikoki eta erritmikoki garatzea, lan asko jasotzen ari gara guztia prestatu eta esparru bakoitzari bere intentzioa definitzeko. Tradizionalena, rock gogorrena, pop garaiak edota jai giroko kanta latinoak edota desfasearekin bat egiten dutenak prestatu ditugu. Guzti horri forma ematen lan asko egiten gabiltza.

J.Z.: Herdoila kentzeko ordu asko sartu behar izan ditudala ere gehitu nahi diot nire kasuan.

1981eko abenduaren 31n, Gari taldean ez zela, The Clashekin hasi zenuten eta azken diskoan taldearen ‘I fought the law’ kantuaren bertsioa sartu zenuten. Legeak ez zaituzte ito eta jendea festara batzea nahiko duzue noski. Sarrerak noiz arte daude salgai?

J.Z.: Agortu arte!

Itxi dezazuela sinadura polit batekin Garik aipatu duen liburu potolo hori.

J.Z.: Mila esker!

G.: Besarkada handi bat, aio!

Jaurlaritza Logoa