Zuzenean

Garazi Castaño

«Egiatasunak irabazi egin du eta aurrera egiteko izugarria da hori»

Iñaki Muruak bizitza osoa eskaini dio bertsoari. Bertsolari gisa, Bertsozale Elkarteko lehendakari gisa, zein bestelako hamaika eginkizunetan. Berari egokitu zaio aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari txapela jartzeko ardura. «Zortekoa» du bere burua eta «gustura» beteko du egitekoa.

Audio_placeholder

«Egiatasunak irabazi egin du eta aurrera egiteko izugarria da hori»

Loading player...
Iñaki Murua Jauregi
Iñaki Murua Jauregi (Jagoba Manterola | FOKU)

Iñaki Murua Jauregik (Gabiria, 1956) jarriko dio aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari txapela. Gabiriarrarentzat ohore bat izango da igandekoa. Ardura ere sentitzen duela aitortu du, nahiz eta «ardura txapela irabazi behar duenarena» dela gaineratu duen.

Proposamenak sorpresaz hartu du. Bertsogintzan bizitza osoa pasa du bere aletxoa jartzen, eta hortaz, ez zuen halako ohore edo aitortzarik espero, «lasai nengoen». Zortekoa sentitzen dela azaldu du.

2005 eta 2018 artean Bertsozale Elkarteko lehendakari izan zen. Urte horien oroitzapen ona du eta bertako kideek egindako lan ezkutua balioan jarri du. Txapelketek elkarteari astindua ekartzen diotela gehitu du eta, zentzu horretan, aurtengoak ere gauza bera eragingo duela uste du.

Aurtengo txapelketa berezia izango dela ezin izan du ezkutatu: 3 emakumek (Alaia Martin, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabalek) parte hartuko dute finalean eta, elkarteak antolatzen duenetik lehen nafar finalista (Joanes Illarregi) izango da oholtza gainean. Aurtengo txapelketan «egiatasunak irabazi» egin duela azpimarratu du. Bertsogintzaren egoera orokorrari buruz galdetuta, ordea, pandemiaren eragin negatiboa aipatu du Muruak. Hala ere, bertso lagina «izugarria» iruditzen zaiola aitortu du, baita inbidiaz ikusten duela egoera ere.

Finalisten bertso-maila goretsi du. Saio bikaina eta gozagarria espero duela azaldu du. Irabazleari txapela «gustura» jarriko diola esan digu: «edozein dela ere. Denok ditugu gure kuttunak baina ez da kontua hemen zein den kuttunago esaten hastea baizik eta gai horiekin, egun horretan eta epaile horiek emandako puntuen arabera txapelduna bat izendatuko da eta hari jantziko diot txapela». Euskaldun guztientzako egun «bikain» eta «borobila» desio du Muruak.

Jaurlaritza Logoa