Zuzenean

Garazi Castaño

«Konpromisoa behar da. Militantziaren urteak amaitu ziren»

Opari bat izan da Mikel Alvarezentzat Zubikarai saria. Hari esker ondu du bere lehen eleberria: ‘Euskalia’. «Ideia zoro» bat zena errealitate bihurtu da. Irakurlea euskara eta euskal gizartea nagusi den etorkizun batean murgilduko duen zienzia fikziozko istorioa idatzi du.

Audio_placeholder

«Konpromisoa behar da. Militantziaren urteak amaitu ziren»

Loading player...
Mikel Alvarez, ‘Euskalia’ eleberriaren egilea
Mikel Alvarez, ‘Euskalia’ eleberriaren egilea (Maialen Andres | FOKU)

Euskalia XXIII. mendeko unibertsoa da. Euskaldunak jaun eta jabe diren unibertso ezagunak biltzen dituen 14 galaxiek osatzen dute Euskalia. Ongizate maila altua dute bertan eta euskara nagusia da. Muturgogorrek, ordea, unibertsoaren ordena aldatu eta gaztelaniaren ordena berrezarri nahiko dute. Enpatia ariketa edo jolas bat proposatzen du eleberriak. Nolakoa litzateke euskara eta euskaldunak nagusi diren unibertso bat? Nola jokatuko genuke boterea geure esku izatekotan?

Literatura ez da Alvarezen berezko “kodigoa”. Hasiera batean gidoi bat izan behar zuenak eleberri forma hartu du azkenean. Idazleak oraindik ere uste du istorioa bere horretan euskaraz telesai bat izaten jarraitzen duela. Liburuak formalki zinemagintzaren eragin nabarmena du, mekanismo eta elementu asko gidoigintzarenak baitira. Ideia kaxoi batean gelditu ez zedin erabaki zuen eleberri bilakatzea.

Zientzia fikzioa eta komedia uztartzen dituen nobela beltza da ‘Euskalia’. Aurtengo azokan presente dagoen generoa da. Besteak beste, Katixa Agirrek ere zientzia fikzioren bidea hartu du ‘Zentauro’ liburuarekin.

 

Euskal iruditegia

Iruditegi kolektiboaren eraikuntzaren garrantzia azpimarratu du Alvarezek. Haren aburuz, erreferentzia konpartituak sortu behar ditugu euskaratik, geure istorioak guk geuk kontatu. Etorkizunari begira ere erreferentzia berriak asmatu ditu eleberrian, eta alde jostari horrekin gozatu du autoreak. Alvarezek bere erreferentzia kultural pertsonalak ere baliatu ditu istorioari gorputza emateko: «Hartu ditut gustatzen zaizkidan gauza guztiak, sartu ditut cocktelera batean, nahastu ditut eta bota ditut».

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak sustatutako Zubikarai bekari esker ondu du eleberria. Urtebeteko tartea izan du liburua diruz lagunduta idazteko.  Alvarezen ustez halako beka batek posible egiten du behintzat gauzak sortu ahal izatea; bestela, zailtasunak handiak baitira. Laguntzarik gabe zalantza egiten du autoreak proiektua bukatuko ote zuen. Edukiak euskaraz behar ditugula argi du Alvarezek. Haren sutetan euskarak, ordea, ez du dirurik ematen eta horregatik babes publikoa behar-beharrezkoa da: «Konpromisoa behar da. Militantziaren urteak amaitu ziren».

Jaurlaritza Logoa