Zuzenean

Bigarren Kafea

«Zaugarritasuna balorean jarri behar dugu, gure beldurren kargu egin. Hori da ausarta izatea»

'Itsasoa da bide bakarra' lana aurkeztu du Ines Osinaga musikariak. «Oso harro nago egindako lanaz. Elkartu ditugunak elkartzeaz, ikusgarritasun, plaza eta aitortza beste batzuek izateaz». Harro egoteko arrazoiak ez zaizkio falta. 

Audio_placeholder

«Zaugarritasuna balorean jarri behar dugu, gure beldurren kargu egin. Hori da ausarta izatea»

Loading player...

Durangok ez du kostarik, baina olatuek ekarri gaituzte azokara; izan ere, 'Itsasoa da bide bakarra' izena jarri dio Ines Osinagak bere azken proiektuari. Itsasoa bezain zabala eta konplexua den diskoaren aurkezpen kontzertua eskaini du gaur Ahotsenean, Durangoko Azokaren baitan. 

Bidaia interesgarria proposatu digu musikariak 16 abestiren bueltan. «Ez egotea, egoteko modu bat badelako. Disko honek kontatzen du plazatik urrun edo beste plaza batzuetan, agian ke askodun horietatik urrun egon naizen bost urte hauetako bidaia. Ez da Kubara, neronen bidaia da».

Kuban egonaldi artistikoa egin du musikariak. «Kubak eman dit narratibarako asko, beste musikalitate bat, nire pribilegioak zalantzan jartzeko aukera bat» esan digu. Prozesu horretan hainbat sortzailerekin egon da, eta ikerketa antropologiko bat egin du. «Sorkuntza prozesu guztiek sortzen dituzte talkak, zalantzak. Uste dut hori izan behar dela, lokaztu, erori, zaurgarri sentitu, eta hortik eraiki» esan digu. 

Lan horren emaitza da 'Itsasoa da bide bakarra', disko-liburua. «Diskoa irekitzen duen kanta Ane Martinezek abesten du, eta zeharo erabaki politikoa da. Gu etsaiak izan behar ginen, baina elkarrekin hitz egiten jarri gara, elkarri eskua eman diogu eta erabaki dugu aliatuak izatea» aitortu digu. 

Onartu digu ez dela prozesu erraza izan, eta azkeneko lana izango zela pentsatu duela. «Doluari gorazarre egiten dion lana da; batzuetan bizitzak mina ematen du, zoragarria da, baina batzuetan mina ematen du». Eta mina ematen duenean, ez dago musika bezalakorik. 

Jaurlaritza Logoa