Zuzenean

Garazi Castaño eta Iker Gurrutxaga

Amatasunaren inguruko hizkuntza berrasmatzen

Urain musikaria da, Iguaran bertsolaria eta Bilbao idazlea. Hirurak elkartu ditugu mahaiaren bueltan. Hiruak dira sortzaileak, eta hiruak ama. «Zenbat aldiz galdetuko ote zidaten ama izanda sorkuntza nola neraman, eta nire taldekide gizonezkoei, ordea, ez» bota du hasi bezain laster Urainek.

Audio_placeholder

Amatasunaren inguruko hizkuntza berrasmatzen

Loading player...
‘AMAraun’ ikuskizuna
‘AMAraun’ ikuskizuna (Egoitz Bengoetxea)

Amatasunaren inguruan asko ari dira sortzen azken aldian, orain arteko amatasun idealizatu horretatik hurren, bizipen anitzen berri ari gara izaten, literaturaren bidez, saiakera, musika edo komiki. Dena da baleko. Loraldi hori aitzakia bezala hartuta, mahai ingurua antolatu dugu Landako gunean eta hiru sortzaile ama gonbidatu ditugu plazaren erdigunera. Zalora Uriain musikaria, Oihana Iguaran bertsolaria eta Leire Bilbao idazlea. 

Zaloa Urainek hasiera-hasieratik erabaki zuen ez zuela musika alde batera utziko ama izanda ere. Dio pertsonalki eraldatzen duela bat amatasunak; eta beraz, derrigor duela eragin bat sortzailearengan eta bere sorkuntza lanean. Bide bederetik Iguaranek gehitu du sentitzeko, idazteko eta sortzeko modua eraldatzen duela amatasunak.  Nolakoa den eragin hori, horixe da koxka. Leire Bilbaok 2020an amatasunaren inguruko poesia liburu bat idatzi zuen ‘Etxeko urak’,  (Susa, 2020), bere barrenak hala eskatu ziolako, beharra sentitu zuelako. Erantzukizuna azpimarratu du Bilbaok, ama izateak baduelako asko horretatik. Izan ere, «ama izatearena da daukagun kontratu mugagabe bakarra». 

Denbora falta

Hirurak ados daude hurrengoan: bizitzaren parte diren zenbait konturi uko egin behar izaten zaio amatasunaren eraginez. Zenbait konturi ezetz esan behar izaten zaie, edo ezetz esaten ikasi egin behar izaten da. Oihana Iguaranek azaldu du berak orain asko hausnartzen duela horren inguruan, eta maiz egiten diola galdera hau bere buruari: alabari eskaini diezaiokeen denborari zenbat kendu hautazkoa den zerbait egiteko? Bilbaok ere denbora gutxiago du idazteko. Bere kasuan, literatura-genero baten eta bestearen artean aukeratu behar izan zuen. Eta horregatik idazten du orain poesia edota haur-literatura. Sortzeko eta zaintzeko, bietarako behar baita denbora.

Prekarietatea

Amatasunak emakumeen pobretze sistematikoan eragiten duela salatu du Iguaranek, baita, beraz, emakumezko sortzaileen kasuan ere. Enplegua edo ogibidea ez den sorkuntza lanetan, sortzea gozamenerako ekintza da, afizioa. Eta beraz, amatasuna betebehartzat dugun heinean, afizio horren gutxiespena edo mailakatzea eragin dezake. 

«Bide asko daudelako»

Hiru sortzaileen aburuz, hamaika erronka daude oraindik amatasunaren aferan. Baina errelato eta erreferente aniztasunaren ikusgarritasuna beharrezkotzat jo dute. Amatasuna bizitzeko hautu guztiak dira zilegi, baina «zein praktika garatu nahi dugun hautatzeko» erreferentzien falta nabarmena da. «Amatasunaren diskurtso bakarra ezagutzen dugu gaur-gaurkoz: erruduntasunetik eta ukaziotik eraikitakoa», hain zuzen ere. Diskurtso horien biderkatzea defendatu du Bilbaok eta «amatasunaren inguruko hizkuntza berri» baten sorrera aldarrikatu.

Jaurlaritza Logoa