Zuzenean

Naiz Irratia

«Hiesak pandemia izaten jarraitzen du»

Hiesaren nazioarteko egunaren testuinguruan Harri Beltza elkarteko Joseba Errekaldek gogoratu du GIB birusaren transmisioa mundu osoan dagoela zabalduta, egoera zinez ezberdina den arren herrialde aberats eta pobreen artean.

Audio_placeholder

«Hiesak pandemia izaten jarraitzen du»

Loading player...
Harri Beltzako Joseba Errekalde, ezkerrean
Harri Beltzako Joseba Errekalde, ezkerrean (Jon Urbe | Foku)

Abenduaren lehenean ospatzen da Hiesaren aurkako nazioarteko eguna, gaixotasun honen inguruko kontzientziazioa bultzatzeko hitzordua. Hiesaren aurka lan egiten duen Harri Beltza elkarteko Joseba Errekaldek baieztatu du gaixotasun hau dutenekiko estigma badagoela oraindik, duela lau hamarkada seinalatu ziren «arrisku taldeen» inguruan esandakoek oraindik eragina dutela gure gizartean. «Urte gogorrak izan ziren», dio. Bitartean, Covid 19a lehen pandemiatzat jo dutenen aurrean, Hiesak pandemia izaten jarraitzen duela gogoratu du, «tamalez askorentzat Covidarena ezagutu dugun bigarren pandemia izan da, ez lehena».

Bada ezberdintasunik, ordea, egoera ezberdina baita herrialde aberats eta pobreen artean, baina «birus baten bidez transmititzen den infekzio» hau mundu osoan zabalduta dagoela gogoratu du Errekaldek. Herrialde pobreetan edo gerra egoeran daudenetan kaskarragoa da egoera, bai prebentzioari dagokionean baita kutsatuen bizi kalitateari dagokionean ere.

Emakumea, kutsatuagoa

Jaioterria funtsezkoa da, beraz, Hiesari dagokionean ere, eta baita emakume edo gizona izatea. «Emakumeek infekzio gehiago jasan dituzte beti munduan zehar», azaldu du Harribeltzako kideak. Bortxaketek eragin dute hori, besteak beste, baita hainbat uste zitalek ere, «garaian Afrikan susmo bat zegoen, esaten zen emakume birjin batekin sexu harremanak izanda sendatu egiten zela gaxiotasuna, oso zabalduta zeuden garaian halakoak». Honi tiraka, Euskal Autonomia Erkidegoan «eminentzia bat» izan zen eta urtetan zehar Hiesaren plana zuzendu zuen Daniel Zulaikaren hitzak ekarri ditu gogora, «aspaldi esan zuen baldintzarik okerrenetan zegoena emakume beltza zela».

Gazteeak ere haintzat hartu behar direla uste du Errekaldek GIBa, batez ere, sexu bidez transmititzen den infekzio bat bilakatu delako, «honek esan nahi du sexu heziketa on bat» beharrezkoa dela. Baina ez du halakorik ikusten, ez hezkuntza sisteman ezta familietan ere, «sexuaz tabu asko dago, ez da ondo jorratzen gaia eta hortik datoz gero hainbat arazo». Sexu harremanetan ahalduntze bat bultzatu behar dela uste du, zer nolako sexu harremanak eta zer nolako babesak behar diren zehazteko.

Adibide batekin baieztatu du emakume askok jarrera sumisoa izan ohi dutela, «kontatu izan didate emakumeek mutil lagunak esaten dietela ez dutela preserbatiborik erabili nahi, emakumea prestatuta egon behar da ‘horrela ez’ esateko». Baina hori lortzeko «urtean behin ordu beteko klase batekin» ez dela nahikoa ohartarazi du. Gainera gaia ezin dela soilik eskoletan landu defendatu du, «guztien artean egin behar da, lagunen artean, Interneten eta etxeetan ere». Zentzu honetan kezka agertu du, bera gaztea zen garaian ez zelako gaiaz hitz egiten baina orain ere ikusten duelako ez dela egiten.

«Asko ikertzen da»

«Harrituko zinateke», dio Errekaldek Hiesaren inguruko ikerketa mordoa dagoela baieztatuz. Covidak bezala, gaixotasunak «izugarrizko iraultza» suposatu zuela azaldu du eta ikerketa mordoa egin dela. «Agian ez hainbeste txertoari» lotuta, gaixotasuna ekidingo lukeen txertoari begira, baina bai botiketan. Badu azalpen ekonomiko bat honek, «salmenta handia dago, negozio handia».

Jaurlaritza Logoa