Zuzenean

Ainara Rodriguez

Etorkizunera begirako orubea finkatuta ekin dio EH Baik ziklo politiko berriari

Sekuentzia elektorala amaituta, etorkizuneko erronkei ahalik eta egokien erantzuteko, «antolaketari» eta «ideologiari begirako korpusa» berritu dutela azaldu du Nikolas Blain EHBaiko koordinatzaile orokor berriak. Bere sorreratik 15 urtera ospatu dute abertzaleek I.Kongresua asteburu honetan.

Audio_placeholder

Etorkizunera begirako orubea finkatuta ekin dio EH Baik ziklo politiko berriari

Loading player...
Nikolas Blain lehen planoan, alboan Anita Lopepe militantea duela, aurreko agerraldi batean
Nikolas Blain lehen planoan, alboan Anita Lopepe militantea duela, aurreko agerraldi batean (Guillaume FAUVEAU)

Kontentu dira EHBaiko ordezkariak I.Kongresuaren prozesuak emandakoaz; «indarberrituta» eta etorkizunari begira «ilusioz» direla azaldu du Naiz irratian Nikolas Blain koordinatzaile orokor hautatu berriak. 250 lagunek hartu dute parte, ponentzien barne eztabaidetan ez ezik, baita itxiera ekitaldian ere. Horietatik asko gazteak: «Gazteak inplikatzeko prest dira, 37 urteko media du zuzendaritzak, bada zerbiat seinale. Badira militante zaharragoak, baina errespetuz ikasteko prest ditugu gazteak. Asmatu behar dugu mezua egokitzen eurei helarazteko». 

Izan ere, etorkizuneko lan lerroak definituta dituztem eta, horietan, guztiei begirako lanketa egin beharko dute: «Jendarte mailan gure tesiak geroz eta leku gehiago du. Estatus politikoaren aldaketari dagokionez, uste dugu lurralde kolektibitatearen auzia pixka bat ahantzia izan dela, eta guk lehen lerrora ekarri nahi dugu». Lurralde kolektibitatearena ez ezik, gatazkaren konponbidea edota etxebizitzaren auzia zerrendatu ditu Blainek erronken artean, gaineratuta «behar dugu aldarrikapenak eguneratu, lidergoan izateko». Izan ere, abertzaleek euren arrastoa indartu nahi dute, ez bakarrik «karrikan», baita instituzioetan ere: «Elkar osagarri dira biak, gure helburua da batak bestea elikatzea. Hautetsi izatea ez da helburu bat, tresna bat da aldarrikapenak burura eramateko».

2026 urtea, erdibideko geltoki

Ezin ahantzi 2026.urtea urte giltzarri izango dela instituziogintzari dagokionez; hauteskunde urtea izango da herriko etxeei dagokionez, eta ondorioz, baita Euskal Elkargoan ere. Azken honi lotuta dio Blainek, ezin dela ahaztu «aunitz eman duela» bere sorrerak, baina «mugetara» iristen ari dela: «Eskumen berezi batzuk nahi ditugu geureganatu: mugaz gaindiko harremanetan, hizkuntza politikan... erabakiak kanpoan hartzen diren erabakiak dira. garaia da kolektibitatearen auziari heltzeko, 2011n sustengu zabala lortu zuen, beraz urrats instituzional berria eman behar da». 

Bide horretan aliantzak beharko dituztela jakitun dira, baina argi dute ez direla hutsetik abiatzen: «2014ko hauteskundeen ondotik harremanak estutu ziren Uztaritz, Urruña, Ziburu, Itsasu... bezalako herrietan. Gure helburua da mugimendu abertzale hori senditu eta berrestea 2026ko hitzorduari begira. 

Nazio ikuspegitik, halaber, aliantzak sendotzeko beharra ere ikusten dute EHbildurekiko hartu-emanei dagokionez: «Bilana eginda dugu bi alderdien artean; nahi dugu berriz helburu batzuk finkatu bi mugimenduen arteko harremanak indartzeko, proposamen politiko integral bat badugu zazpi lurraldeetan zabaldu ahal duguna, barne prozesu batzuk martxan jarri behar ditugu orain». 

   

Jaurlaritza Logoa