Zuzenean

Naiz Irratia

Udalerri euskaldunetan, euskara atzerantz

UEMAk udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoa aztertu du, batetik, eta bertako haurren hizkuntz ohiturak, bestetik, Soziolinguistika kluster eta DREAMekin. Euskara lehen hizkuntza dutenen proportzioa jeitsi egin dela azaldu du Garikoitz Goikoetxeak eta eskolak «gizartearen isla» direla.

Audio_placeholder

Udalerri euskaldunetan, euskara atzerantz

Loading player...
Udalerri euskaldunetako haurren profil soziolinguistikoa aldatzen ari da.
Udalerri euskaldunetako haurren profil soziolinguistikoa aldatzen ari da. (Oskar Matxin | FOKU)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Eustat-ek urrian argitaratutako Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsua iturri gisa hartuta, udalerri euskaldunen errealitate soziolinguistikoa aztertu du. Emaitzak ez dira oso esperantzagarriak baina alarma hitza gehiegizkoa dela iritzi dio Garikoitz Goikoetxea UEMAko teknikariak, kezkarako arrazoiak badaudela onartu arren. Ez da kezka berria, 2000. hamarkadan jada nabaritu zuten udalerri euskaldunetan euskararen erabilerak behera egin zuela.

Orohar, Goikoetxeak baiezatu du euskararen ezagutza gorantz doala Euskal Herrian, «bereziki inguru batzuetan eta belaunaldi berrien eskutik» eta aurreikus daitekeela «udalerri euskaldunen kopurua areagotu egingo dela». UEMAren parte diren herrietan euskararen ezagutza %70ekoa da, are eta handiagoa arnasguneetan. Gehienak herri txikiak dira, baina badira hainbat handi ere. «Txanponaren bi aldeak» aipatu ditu Goikoetxeak, UEMAn gero eta udalerri handi gehiago dago, aldiz, herri euskaldunenetan, arnasguneetan, jeitsi egin da euskararen erabilera.

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak positiboki baloratu du «ezagutza zabaltzen doan heinean» gero eta udalerri euskaldun gehiago egotea UEMAn eta horrek erakundea «sendotzen» duela nabarmendu du, baina Goikoetxeak esandakoa berretsiz, arnasguneetan «beherakada» ematen ari dela eta egoera «kezkatzeko modukoa» dela adierazi du. Arnasguneak babestu egin behar direla defendatu du eta euskararen erabilerak ahalik eta espazio gehien lortzeko «politika ausart eta aurrerakoiak» eskatu ditu. UEMAko lehendakariaren esanetan normalizazioaren bidean «ahalik eta espazio gehien ikutu» behar dira. Hezkuntzan eragitea «ezinbestekotzat» jo du, baita «pantailak eta ingurumen digitala» nahiz eremu soziekonomikoa euskalduntzea, «industria, ostalaritza nahiz turismoa».

Euskara lehen hizkuntza dutenen proportzioa, behera

UEMAren azterketak erakutsi du udalerri euskaldunetan euskara lehen hizkuntza duten familien kopuruak behera egin duela. Goikoetxearen esanetan horrek ez du esan nahi «euskara dakitenek ez dutenik transmititzen» eta arrazoia «2000. hamarkadan izan ziren mugimenduetan» kokatu du, «jende asko joan zen hiriguneetatik udalerri euskaldunetara bizitzera, asko ez ziren euskaldunak eta beste askorentzat euskara bigarren hizkuntza zen». Horrekin batera, «bi hizkuntzen transmisioa hedatzen» ari dela aipatu du, etxean askotan «euskara soilik ez», euskara «gaztelaniarekin edo beste hizkuntza batekin» batera dagoela presente.

Hala, euskaldunen profila asko aldatu dela baieztatu du, udalerri euskaldunetan «euskara etxean jaso dutenak» direla oraindik gehiengoa, baina gero eta gehiago direla euskara bigarren hizkuntza gisa dutenak, «eskolan edo euskaltegian ikasi dutenak, gazteleraz erosoago aritzen direnak, egunerokoa erabat euskalduna ez dutenak».

Aldaketa sozialak

Aldaketa sozialak eta «arau sozialak» haintzat hartu behar direla adierazi du UEMAko teknikariak, «duela 10 urteko herriak eta oraingoak ezberdinak dira». Gertuago, pandemiak herri askotan «kaleko bizitza hautsi» egin duela adierazi du, gogoratuz kalean euskarak indarra duela, «batzuetan etxean baino gehiago, motibo asko tarteko». Zentzu honetan, Goikoetxeak berretsi du arnasguneak «babestu» egin behar direla baina baina bultzatu ere, «garapena behar da, bizitasuna kalean, ez dugu nahi lotarako herriak izatea».

Eskolak, «gizartearen isla»

Fokua txikituz, udalerri euskaldunetako haurren hizkuntza ohiturak ere aztertu ditu UEMAk, Soziolinguistika klusterra eta EHUko DREAM taldearekin batera. Haurren profil soziolinguistikoa aldatzen ari dela ondorioztatu dute, euskararen kalterako. DREAMeko zuzendari, Eider Saraguetak ikusentzunekoetan jarri du fokua, «nerabe asko pantailara begira daude eta eduki kopuru handi bat gazteleraz dago». Goikoetxeak baieztatu du «haurrekin kezka handia» dutela, euskaraz gehien aritzen direnak eurak direla argituz. Haurren erabilerari begiratzerakoan, helduena oso gogoan izan behar dela zehaztu du, «kezka handia sortzen da parke batean umeak erdaraz ari direnean, baina ez hainbeste gurasoak erdaraz ari direnean».

Udalerri euskaldunetako ikastetxeetan ere kezkatuta daudela baieztatu du UEMAko teknikariak, euskararen erabilerak behera egin duelako, «gainbehera baten lekuko dira». Eskolaren testuingurua udalerriarenarekin oso lotuta dagoela azaldu du eta ondorioz, «eskoletan ikusten den bilakaera gizartearen isla» dela. Gizarteari begira, erabilerari dagokionean, «arazoa ez dira umeak» dio Goikoetxeak, «helduak dira, 50 urte bueltakoak, horiekin dugu arazo handiena, hor dago ezagutza eta erabilera apalena, hor eragin behar da».

Jaurlaritza Logoa