Zuzenean

Oinatz Aizpuru

Kalean bizi direnekiko Donostiako Udalaren «inplikazio falta» salatu dute

Donostiako Parte Zaharreko 'kaleko afari solidarioak' ekimenak egunean 160 bat laguni eskaintzen die otordua. Udalaren inplikazioa eskatu dute, jantoki solidario bat zabaldu dezala. Agus Rodriguezek «erantzun integrala» eskatu du: izotza egiten duen gauetatik haratago ireki ditzala aterpeak.

Audio_placeholder

Kalean bizi direnekiko Donostiako Udalaren «inplikazio falta» salatu dute

Loading player...
Donostiako Parte Zaharreko 'kaleko afari solidarioak' ekimenak agerraldia egin du.
Donostiako Parte Zaharreko 'kaleko afari solidarioak' ekimenak agerraldia egin du. (Andoni CANELLADA)

Bi urte daramatza Donostian kalean bizi diren pertsonei otordu solidarioa eskaintzen 'Kaleko afari solidarioak' ekimenak. Bi urte hauetan udalaren partetik «babesik ez» dutela izan adierazi du Agus Rodriguezek NAIZ Irratian. Egunean 160 bat laguni ematen diete jaten: Parte Zaharrean 60 bat, Egian 75 eta Amaran 25.

Erakundeei dagokien ardura hartzeko eskatu diete: «Beharra ikusten dugun bitartean jarraituko dugu ekimen solidario honekin, baina eurei dagokie bitartekoak ezartzea». Donostiako Udalak jatetxeekin hitzarmenak sinatzea du asmoa, 60 bat laguni jatordua emateko. Alabaina, «motz» geratzen dela uste du ekimenak eta jantoki sozial bat irekitzeko eskaera zehatza egin diote Eneko Goiaren Udalari. 

«Gurekin ez zen fio Udala eta enpresa baten bidez ikerketa bat egin zuen kalean bizi diren pertsonak zenbatzeko», esan du Rodriguezek. «Enpresa horrek guk geniona baieztatu zuen: 220 bat lagun bizi direla kalean». Gainera, salatu du Udalak zentro sozial bat zabaltzeko proiektua aurkeztu duela, baina bertan ez dagoela jantoki soziala aurreikusita, «beharra handia da».

Bestalde, Agus Rodriguezek ohartarazi du geroz eta bertako jende gehiago gerturatzen zaiela otorduen eske.

Erantzun integrala

Jantoki sozialaz gain, «erantzun integrala» eskatu dute. Negu giroko eguraldia hasi den honetan, Donostiako Udalak etxegabetuentzat kanpaina aurkeztu du. 100 ohe izango ditu Donostiako Ła Sirena aterpetxeak, baina izotza iragarrita dagoen gauetan soilik irekiko dute. Pasa den neguan protestak egon ziren La Sirena neguko gau guztietan irekitzeko aldarrikatuz. «Hau izugarrikeria iruditzen zaigu», esan du Rodriguezek.

Ezer ez dutenei gauzak errazteko eskatu du: «Etortzen diren pertsonek hizkuntzarekin zailtasunak dituzte eta askok esan digute zerbitzu sozialetara jotzean ez dietela argitzen baliabideak zeintzuk diren. Ikusten dugu borondate falta handia dagoela. Udalak bere kupoa betetzen duela dio, eta kitto».

Horregatik guztiagatik beste jarrera bat hartu eta «inplikazioa» eskatu diote Donostiako Udalari.

Jaurlaritza Logoa