Zuzenean
Naiak betidanik izan ditu gustuko dokumentalak eta errealitatea erakusten duten pelikulak. Horrek eraman zuen ikus-entzunezkoak ikasteko aukera aztertzera, nahiz majisteritza ere buruan izan zuen. Hala ere, azkenean ikus-entzunezkoak aukeratu zituen; «beti gehiago maitatu izan ditut irudiak» aitortu digu.
Ikus-entzunezkoetan lanean zebilela arte eszenikoak ezagutu zituen eta unibertso horretaz erabat maitemindu zen. Iñaki Ziarrusta sortzailea 2015. urtean ezagutu zuen, eta 2016. urtetik Atx teatroan dihardu, banaketa, ekoizpen, mediazio eta komunikazio lanean.
Atx teatroan antzerki obrak sortzeaz gain, maiatzean eszenografia ezberdinak egiteko lokal berria hartu zuten eta zerbitzu hori ere eskaintzen dute. Gai sozialak lantzen dituzte, Naiaren baloreekin bat datozenak, eta euskaraz. «Gure hautu politikoa izan da, zaila da askotan, baina argi dugu; euskaraz bizi eta sortzen dugu, eta gai sozialak lantzen ditugu, bihotzetik». Sektorearen egoeraz galdetzean hauxe dio; «artea orokorrean eta bere osotasunean nahiko sektore prekarioa da; gainera, euskaraz bakarrik aritzeak, prekarietatean jartzen zaitu gehiago, baina hautu politiko bat da».
Berak dioen bezala, «Euskal Herriko eszena ez da hain handia, pastela banatu behar da» eta askotan zaila izaten da ekoizpenak zabaltzea. Kultura beretzat zer den galdetzean oso argi du; «ez dut imaginatzen nire bizitza musika gabe, antzerki gabe, libururik gabe».