Zuzenean
Leire Milikuak (Abadiño, 1985) begirada poliedrikoa du. Arkitektura, agroekologia eta genero berdintasunaren alorretan ibilitakoa da bera. Egindako ikerketei eta bestelako proiektuei esker, edota bertan sortutako hausnarketa eta idei esker, hobe esanda, ondu du ‘Lur gainean, itzal azpian’ liburua. Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren 12. alea da; bildumak genero begiradazko saiakerak batzen ditu.
Astelehenean aurkeztu zuen bere lana Milikuak, Donostiako Gros auzoko Pandora tabernan. Bertan izan ziren Jule Goikoetxea, Lisipe bildumako editorea, eta Josebe Blanco nekazaria. Berak idatzi du liburuaren hitzaurrea eta aurkezpenean azaldu zuen liburua «aukera ezin hobea da gu ezagutzeko, estereotipoen estalkia kenduta».
Milikuak zapalkuntza hirukoitzaren paradigma aplikatu du bere saiakeran. Landa eremukoak, nekaraziak eta emakumeak izateagatik subalternoak direla azaldu du. Patriarkatua, kapitalismoa eta hirizentrismoa ardatz dituen gizartean, zapalduak eta ikusezinak.