Zuzenean

Garazi Castaño
Elkarrizketa
Sustrai Colina
Bertsolaria

«Denontzat da seinale ona txapelketek plazan gertatzen dena islatzea»

Jendetza bildu zen pasa den larunbatean Irungo saioan. Sustrai Colina gailendu zen Ficoban; atzetik (eta tarte handiegiarekin, askoren iritzitan) gelditu ziren Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus eta Ane Labaka. Guztien artean saio ona egin zutela uste du Colinak.

Audio_placeholder

«Denontzat da seinale ona txapelketek plazan gertatzen dena islatzea»

Loading player...
Sustrai Colina Irungo saioan
Sustrai Colina Irungo saioan (Andoni Canellada (FOKU) | FOKU)

Txapelketan larunbatean estreinatu zinen, Irungoa izan zen zure lehen saioa. Asteburukoetan murgildu aurretik, zer moduz ikusi duzu aurreko fasea? Eta zer moduzkoa izan da zuretzat itxaronaldia?

Aurreko fasea ongi ikusi nuen. Saio bat jarraitu nuen bertatik bertara, Donostiakoa, eta gainontzekoak hurrengo astelehenean bertsoa.eus-etik jarraitu ditut. Eta egia esan, jendea oso prest eta beretik ematen. Kontuan hartuta beti ere txapelketa dela eta txapelketak denetik izaten duela, gozotik eta gazitik. Beti ez direla baldintza errazenak gailurrak igotzeko, baina oro har jendea lana eginda, so emateko jarrerarekin eta gauza ederrak uzten somatu dut lehen bueltan.

Eta niri itxaronaldian... gorabeherak izaten dira. Batzuetan, nire burua hasteko desiatzen, beste batzuetan beldurrez ere bai. Besteak ikusten diztuzu gauza oso onak egiten eta pentsatzen duzu ea zu gai izango ote zaren jende horren ondoan bertsotan egiteko... Zurrunbilo horretan eta nire barne orekari eusten eta nire lanean zentratzen saiatu naiz.

2.500 bertsozale baino gehiago bildu ziren Irungo Ficoban. Goraino beteta zegoen aretoa. Konplizitatea sumatu zen oholtzan eta publikoak berotasunarekin erantzun zuen. Zer moduz sentitu zinen oholtza gainean?

Ez nuen gorputzaldi txarrik, inondik inora. Tripetatik aritu nintzela esan nuenean, esan nahi nuen bertsolariei batzuetan pasatzen zaigula guk eraman beharrean bertsoa, bertsoak eramaten gaituela. Hori berez ez da ez ona ez txarra, tripetatik oso bertso onak kantatu daitezke. Kontua da batzuetan hor goian zaudenean kontrol sentsazio handiago bat nahi izaten duzula. Eta normala den bezala, martxan doan tren batera salto egiten duzunean, ez duzula lehen bertsotik lortzen. Nik behintzat ez dut sekula lortu orain arteko txapelketan lehen bertsotik edukitzen kontrol hori lehen final erdi batean. Eta hori zen esan nahi nuena tripetatik ari nintzela esaterakoan.

Gainontzekoan giroa itzela zegoen. Uste dut taldea ere nahiko talde berezia zela. Bost emakume zeuden, Hiru lapurtar, bertso eskola berean ibiliak gainera... Saioak bazituen aliziente batzuk sailetik aparteko irakurketak ahalbidetzen zituenak. Eta uste dut giroan hori dena bazela eta guk pertzibitu genuela; eta horrek bertsotan egitea erraztu zigula. Eta nahiz eta ardura ere sortu plaza horren aurrean erantzun beharrak, uste dut oro har erantzun genuela.

Bertsolari bakoitzak zuen alea jarri zenuten, bakoitzak bere kolore printza. Nola ikus zenituen bertso kideak?

Ez naiz ni onena saioak atzetik entzuten. Bada jende bat beti gauzak oso zorrotz, argi eta hotz neurtzen dituena. Hasteko, ni belarri batekin entzuten duen horietako bat naiz. Bestetik, gehiago zentratzen naiz askotan publikotik jasotzen dudan horretan, emozio, aztarna horietan, bertsoak goitik behera entzutean baino. Baina esan dezakedana da oso haienean nabaritu nituela:

Nerea oso langile nabaritu nuen, gauza ederrak etengabe bilatuz. Miren, oso libre, oso gauza ederrak egiteko gogoz, kolpeak jotzeko gogoz, hemen nago esateko gogoz... Anek ere lan borobila egin zuen. Joneren zortziko handia itzela iruditu zitzaidan. Ez dakit noizbait entzun dudan txapelketan publikoa hirugarren puntuak kantatzen. Ez laugarrenak, hirugarrenak baizik. Ez dakit inoiz entzun dudan. Maddalenek ere uste dut gauza hunkigarriak utzi zituela. Eta bai, ongi ikusi nituen. Ez nuen inor ikusi sufritzen eta hori txapelketan ez da gutxi.

Gai sozialak oso presente egon ziren Irungo saioan. Mezu zehatzak eta diskurtsoak garatzeko aukera izan zenuten.

Egia esan ez nuen irakurketa hori eginda baina bai, egia da oso-oso presente egon zirela. Esango nuke agian bertsolaritzan azken bolada luzetxoan ere badutela lehen ez zeukaten presentzia bat. Esango nuke agian gaiaren mamian ez daudenean ere, dekoratuan hor daudela gai sozial horiek. Eta normala iruditzen zait, guk gure aldiari kantatzen diogu eta aldiaren konexio soziala oso-oso begi-bistakoa da. Begira zein garaitan bizi garen: udazkenik ere iragartzen ez ziguten udazken batean gaude, inflazioa, pandemia batetik gatoz... Pandemia horren analisi sozialak digeritzen hasi gara. Uste dut oso garai politikoak direla, oso garai sozialak direla, eta diskurtso horiek ateratzeko plaza bat gehiago dela bertsolaritza.

Bazegoen halako espektatiba edo zirrara larunbateko saioarekiko. 6 bertsolaritik 5 emakumezkoak ziren, zu gizonezko bakarra. Argazki ezohikoa Irungoa. Aurtengo txapelketan, puntuazioak gora edo behera, emakumeak eta haien ahotsak arrastoa uzten ari dira.

Aurtengo txapelketan eta plazan. Nik ez dut dudarik, azken urteotan lan itzela egiten ari dira bai kolektiboki eta bai pertsonalki. Eta arrastoak ja nabari dira. Nik ez dakit finala nola geldituko den, baina kopuruei begiratu besterik ez dago. Semifinaletako kopuruak ez dakit zehazki zeintzuk diren baina esango nuke inoiz baino parekideagoak direla; eta begiratu herrialdekako txapeldunak: hor dago Saioa Alkaiza, hor dago Nerea Ibarzabal, Miren Artetxek buruz burukoa jokatu zuen Xilaban... Ez dakit, iruditzen zait ja oso ebidentea dela emakumeen presentziarena; eta zehaztuko nuke emakume belaunaldi horrena, plazan itzel dabiltzalako. Eta niretzat ez da sorpresa bat. Badakigu zenbaterako gai diren, badakigu zer aportatzen duten, niretzako gauza batzuetan haize fresko handi bat da; eta txapelketa hau horren isla izaten ari da eta espero dut izango dela aurrerantzean ere. Denontzat delako seinale ona txapelketek plazan gertatzen dena islatzea. Uste dut badela bertsolaritza ongi geroratzeko tresna bat.

Txapelketan ezin diegu ihes egin zenbakiei eta batuketei. Oso bero egon zen Ficoba eta sorpresa puntu bat izan zen puntuazioekin. Batez ere puntuazio tarteekin. Eta horrek bigarren itzuli estua uzten digu.

Aurreko erantzunean esan badizut saioa belarri batekin entzuten duen horietako bat naizela, orain pretenziosoa irudituko litzaidake horri buruzko analisi zorrotz bat egitea. Berriz entzun beharko nuke saioa. Ez dizut gezurrik esango, nik uste dut, ni lehenengoa, zegoen giroa ikusita, zegoen erantzuna ikusita... Ba bai, uste nuen nire kantu kide batzuk gelditu zirena baina puntu gehiagorekin geldituko zirela. Gero, esan dizut, belarri batekin entzun nuen saioa, ez dut berriz entzun, ez naiz jarri puntuatzen eta beno... Ba bai, hori hor dago. Eta aurrera begira zer geldituko den, oraindik ezin da jakin. Nik uste dut txapelketa honek, guztiek, baina honek batez ere, erakusten duela hemen zuhurtzia handiz egin behar direla kalkuluak. Eta begira, aurreko astean Garazin ematen zuen oso puntu gutxi zirela, jende bat remontadetara kondenatua zegoela, eta ez da hala momentuz. Eta agian hurrengo astean dena iraultzen da berriz, eta ez dakigu.

Nahiko garbi dudana da, hala ere, Euskal Herriko txapelketako finalean sartzeko bi finalaurreko on egin behar izaten direla. Eta hori berdin dela nor zaren eta berdin dela lehenengoan zer puntu atera dituzun. Kanpotik hala eman dezake, baina esperientziz esaten dizut inongo bertsolarik ez duela sentitzen finalean bere tokia aseguratua lehenengo buelta bukatu eta gero. Eta berdin du zenbateko koltxoia duen.

Azaroaren 26an Baionan kantatuko duzu. Posizio egokian zaude sailkapenari dagokionez, a priori. Baina txapelketak eta lehiak duena da, esan duzun bezala, edozein puntutan egoera irauli daitekeela. Nola egingo diozu aurre bigarren itzuliari?

Niretzat da... Beste 14 bertso. Agurrekin beste 16 bertso. Eta horrek esan nahi du 16 aukera. 16 aukera gauza ederrak egiteko, jendea hunkitzeko, harritzeko, interpelatzeko, gauzak zure modura egiteko... Bertsotan egiteko. Eta horretan zentratuko naiz. Momentuz gainera ezin dut beste ezertan zentratu, zeren eta ez dakit ezta norekin kantatuko dudan ere. Orduan, asko errazten dit horrek. Eta gero, niretzat Baionan kantatzea bada plus bat, bada emozionalki hunkitzen nauen zerbait. Ni lapurtarra naiz eta Lapurdiko hiriburuan kantatzea Euskal Herriko finalaurreko batean... Laugan oso oroitzapen gozoak ditut gainera. Bai bertsotakoak, bai bertsoaz kanpokoak ere. Beraz plazer bat da, eta saiatuko naiz plaza horri merezi duen atentzioa, indarra eta dedikazioa ematen eta horrek balio dezala bertsotan oso ongi egiteko.

Jaurlaritza Logoa