Zuzenean
Lakuak proposaturiko Hezkuntza Lege Zirriborroarekin ez dago ados Eskola Publikoaz Harro plataforma. Publikoa «sendotu eta handitu» behar dela nabarmendu dute, gizarte kohesioaren aldeko eredua dela defendatuz. EAEn eskola pribatu eta publikoaren arteko zenbakiak salbuespenezkoak direla ohartarazi du Maribel Lopez de Luzuriagak. «Sare publikoan dauden ikasleak %50 dira eta sare itundu pribatuan beste %50a. Hau kaltegarria da hezkuntza publikoa ez duelako benetan ardatzean jartzen».
Lege zirriborroarentzako «norabide aldaketa» eskatu du Lopez de Luzuriagak. Paperean eskola publikoa ardatz izango dela zehaztu arren, dekretuetan exekutiboak kontrakoa sustatzen duela deitoratu du.
Euskal Hezkuntza Zerbitzuarekin ez dago ados Eskola Publikoaz Harro plataforma. «Ezin dira itunpeko patronal pribatuen eskuetan dauden ikastetxeak publikotzat jo», adierazi du Maribel Lopez de Luzuriagak. Halaber, gehitu du EAEko ikastetxe pribatuen gehiengoa Kristau Eskolen parte dela, eta ondorioz zalantzan jarri ditu hezkuntza laikoa edota euskara mailaren B2 lortzeko helburuak.
«Ikasleen salerosketa bat gertatuko da»
Aurrerantzean hezkuntza zentro guztiek lekuen ehuneko bat gorde beharko dute ikasle zaurgarrientzat. Maribel Lopez de Luzuriagak ez du ulertzen nolatan hartu den erabakia, «ikastetxeak ez daudenean beteta». Kezkati da hezkuntza pribatura igaro daitezkeen ikasleez. «Garbi utzi dute patronal ezberdinek kuotak behar dituztela, hizkuntza eskaintzak mantentzeko. Egoera ekonomiko zaurgarrian dauden ikasleek nola ordaindu ahalko dute jantoki garestiago bat? Nola ordaindu ahalko dute ikastetxeetako txandala? Nola ordaindu ahalko dituzte txangoak?».