Zuzenean

Ion Garate
Elkarrizketa
Unai Laso
Baikoko aurrelaria

«Egia da erritmo falta dudala baina garrantzitsuena minik ez izatea da»

Gorriz jantzita pasa duen lehen uda ez da Bizkarreta-Gerendiaingoak amestu bezalakoa izan, bi lesiok –ezker kuadrizepsean uztailean eta aldakan irailean–, nahi baino denbora gehiago izan dutelako kantxetatik at, baina lehiakorra da oso eta desiratzen dago bere onena berriz ere emateko.

Audio_placeholder

«Egia da erritmo falta dudala baina garrantzitsuena minik ez izatea da»

Loading player...
Unai Laso.
Unai Laso. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Larunbat honetan Elezkano II.aren aurka lehiatuko da Unai Laso (Bizkarreta-Gerendiain, 1997), Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako lehen partidan. Zaratamokoak Artola kanporatu zuen aurre-kanporketan eta nafarrak «ondo ikusi» zuen, ezker eskuarekin mina ematen. Aldakako lesioa dela-eta, irailean hiru astez egon behar izan zuen kantxetatik kanpo eta Lau eta Erdikoaren aurretik, bi partida jokatu ditu. Partidaren bezperan NAIZ Irratian azaleratu ditu bere sentsazioak.

Hasi gara txapelketetako errutinekin, material aukeraketa nola joan zen?

Ondo. Azkenean, bien pilotak antzekoak ziren, ondo ibiltzen ziren eta materialaren aldetik ez da arazorik egongo.

Udan lesio batzuk ere izan dituzu, nola heltzen zara, guztiz osatuta?

Bai, hala da, orain hiru aste egon naiz kantxetatik kanpo eta bi partida jokatu ditut ordutik. Garrantzitsuena izan da ez dudala inolako molestiarik sentitu bi partida hauetan, egia da erritmoa falta dudala, baina azkenean garrantzitsuena minik ez izatea da. Hala izan da eta ea larunbatean zer moduz aurkitzen naizen.

Zortzi pilotari geratzen zarete lehiaketan eta Baikoko bi baino ez, Peña eta zu, ardura berezi bat sentitzen duzue?

Tira, alde horretatik bai, azkenean kanporatu egin dituzte enpresa kideak, bi geratzen gara eta ea egurra ematen dugun, gutxienez txapelketa ona egiten dugun eta finalerdietara heltzen bagara, ba oso ondo.

Buruz burukoan lortu zenuen arantza kendu eta Altuna mendean hartzea, Lau eta Erdian hortxe dago erronka. Iaz justu, 22-20, galdu zenuen bere aurka. Oraindik ere lehia asko falta da baina txapela janzteko edo, gutxienez, finalera heltzeko asmo irmoarekin egongo zara, ala?

Bai, asmoa bai. Baina nire helburua beti da partidaz partida joatea eta orain, Danelen aurkako partida horretara joango naiz eta ea partida ona egiten dudan.

B multzoan zaude zu, Ezkurdia, Elordi eta Elezkanorekin batera, multzo gogorra. Nola ikusten duzu?

Bai, multzo gogorra da baina azken finean denak dira gogorrak. Ezkurdia oso ondo dago eta Danel ere konfiantzarekin; eta Elordi bera ere partida bat irabazita dator eta gogor etorriko dira. Dena eman beharko dut eta topera aritu.

Larunbaten Elezkanoren aurka ariko zara, nolako partida espero duzu?

Beste egunean Danel ondo dagoela ikusi genuen, ezker horrekin min handia egiten du zabalean eta txokoan eta erne egon beharko dut. Baina nik nire jokoa ondo egiten badut, nik uste aukera dezente izango ditudala, baina ea nola nagoen, ea erritmoa hartzen dudan partidan eta nire jokoa ondo egiten dudan.

Beti ere oso garrantzitsua izaten da lehen partida irabaztea.

Bai oso oso garrantzitsua konfiantza hartzeko eta ondo hasteko; ea lortzen dugun.

Buruz buruko txapelduna izanda, gorriz arituko zara, presio gehigarri bat suposatzen du honek edo ez diozu aparteko garrantzirik ematen?

Ez diot aparteko garrantzirik ematen, azkenean uda osoa gorriz jokatu dut, eta ondo aritu naiz. Gainera denak maila handian daude eta horrekin ez dut arazorik.

Jaurlaritza Logoa