Zuzenean

Ainara Rodriguez
Elkarrizketa
Garbiñe Larrea, Iñaki Segurola zenaren bikotekidea

«Ulermen maila txikia dago gizartean buruko gaitzei dagokionez»

Iñaki Segurola idazleak bere buruaz beste egin zuen apirilean eta ingurukoak hortxe ari dira, erruaren eta minaren artean, balekoa izan daitekeen esplikazio bat bilatu nahian. «Ez da erraza», Garbiñe Larrea bikotekideak esan digunez. Buru Osasuneko Nazioarteko egunaren bezperetan izan gara harekin. 

Audio_placeholder

«Ulermen maila txikia dago gizartean buruko gaitzei dagokionez»

Loading player...
Iñaki Segurola, 'Koiteretzia' lana aurkeztu zuen egunean
Iñaki Segurola, 'Koiteretzia' lana aurkeztu zuen egunean (Juan Carlos Ruiz | Foku)

Erantzuten zailak diren galderak daude; esaterako, galera traumatiko bat jasan ostean zer moduz ote gauden galdetzen zaigunean. Sei hilabete egitera doa urriaren 14an Iñaki Segurola idazle eta filologoa gurea artean ez dela, berak deitzen zuen moduan barruko «sakoneta beltzak» bere buruaz beste egiteko erabakia hartzera eraman zuena. «Zer moduz zaude gaur?», galdetu diogu abiapuntuan bere bikotekide Garbiñe Larreari. Eta segidan eman du erantzuna, «erantzuten zaila den» galdera dela, ez delako «prozesu lineal bat», galera traumatikoaren «minak maila asko» dituelako.

Buru osasunaren nazioarteko egunaren bezperetan hitz egin dugu berarekin, eta gordin azaldu digu nola Iñakiren kasuan «lo galerak, antsietateak eta depresioak» eraman zuten bere buruaz beste egitera; indarrez eta ausardiaz betetako erabakia ere badena neurri batean, Larreak dioen moduan «berak adierazten zuen ezinbiziak», azkenean, «sufrimendu handi batekin» amaitzera eraman zuelako. Saiatu dira horren atzean baleko arrazoirik topatzen: «Esplikazioak nahi izaten ditugu, naturala ere bada. Baina suizidioaren gaia konplexua da, ez dago esaterik kausa garbi bat medio gertatu denik».

Errua, barruko zarata

Dolu hauek bereziki traumatiko eta luze egiten dituena errua da. Ez diogu guk, Larreak berak Biziraun elkarteko Agustin Erkiziari Azpeitiko Osasun mentaleko jardunaldietan entzundakoak dira. «Hau egin izan banu, bestea egin izan banu... Norbera saiatzen da horren kontra egiten; marmar moduko bat da, zarata bat. Hori hor dago, eta horrekin bizi behar da». Baina oso gogoan du nola izugarri lagundu zion momenturik latzenetako batean alboan zuen pertsona batek esandakoa: «Bere gorpua eraman zutenean ondoan nuen ertzainak esan zidan ‘zuk errurik ez daukazu eta berak ere ez. Ez izan tentaziorik berari errurik botatzeko, hau edozeinek jasan dezakegun gaixotasuna bat da’. Planteamendu horrek erakutsi zidan hau guztia nondik begiratu kokatzen».

Buruko gaitzarekiko estigma, ordea, bere horretan dela azaldu du; kontatu du Iñakik ahalegin handia egin zuela bere mina ezkutatzen, gizartean «ulermen maila oso txikia» dagoelako horiekiko. Lehen ere depresioa jasandakoa zen, eta gordin utzi zituen idatzita ‘gaixo zaudenean inork ez zaitu behar’, ‘horrelako egoeretan ez duzu enpatia, ulermenik topatzen’... bezalako esaldiak. Eta horrek badu zergatia: «Asko egiten da minaren ukazioa, positibitatearen tirania bat dago. Nola ez dago izango tabu bat? Erraz esaten dugu podologoarena goazela, psikologoarena beharbada ere bai, baina psikiatrarengana goazela ez horrenbeste».

Baliabide falta

Ahaleginak egin zituen Iñakik lo falta, antsietate, depresioari izkin egiteko; tratamenduak ere jaso izan ditu, «ez dira balekoak izan bere kasuan», Larreak kontatzen duenez. Alta, bere prozesuan bada faltan sumatu duenik ere: «Bada erantzule garbi bat, eta hori Osakidetza da. Ez profesionalak, baina bai horien faltak. Iñaki ostiral batez hil zen eta hurrengo ostiralerako zuen lehen zita emana. Hainbat herritarako psikiatra bakarra dugu. Murrizketak direla medio, ez dago gehiago. Ez du ezertarako balio kanpainekin ahoa betetzea eta ‘elkar zaindu dezagun’ eta horrelako gauzak esatea, gero maila praktikoan hori bada egoera. Pribatura ari dira bideratzen jendea, ezagutzen ditut maileguak eskatu behar izan dituztenak psikiatra pribatu batera joateko».

Ez du zalantzarik, horrelako egoerei aurre egiteko «beharrezkoak» direla profesionalak horiek. Horregatik deritzo «salagarria» egun bizitzen ari garen «desmantelazioa».

‘Ganorexia’, azken alegatu bat

Iñakiren hil osteko azken lana orain astebete argitaratu dute: ‘Ganorexia’. Ez da gaitzaren lekuko, baina bai dago presente Larreak azaldu duenez. Hil baino hiru egun lehenago jaso zuen azken pasartea berak, eta oso presente izan zuen, agur ekitalditik bertatik, argitaratu beharra zutela. Edizio «zaila eta konplexua» izan dela dio, baina pozik daude emaitzarekin: «Ederra izan da publikatua izatea. Hainbat pertsonentzat ari da balio izaten Iñakiren galera haundi hau hobeto eramatean. Neurri batean zor geniola uste dut».

Jaurlaritza Logoa