Zuzenean

Ion Garate
Elkarrizketa
Nerea Arruti
Herri kirolaria

«Aizkora hartu nuenean lasaitu egin nintzen; dena ondo joan zen»

Nerea Arruti (Urnieta, 1990) da banakako eta binakako euskal pentatloiko gaur egungo txapelduna. Aurten lehen aldiz plazaratu da horrelako txapelketa batean eta jokoan egon diren bi txapelak jantzi ditu; binakakoan, Amalur Arbelaitzekin batera, banaka, joan den larunbatean Azpeitiko zezen plazan.

Audio_placeholder

«Aizkora hartu nuenean lasaitu egin nintzen; dena ondo joan zen»

Loading player...
Nerea Arruti, euskal pentatloiko garaipena ospatzen.
Nerea Arruti, euskal pentatloiko garaipena ospatzen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Estreinakoz aritu zen Nerea Arruti banakako euskal pentatloi txapelketan joan den larunbatean eta binakakoan egin legez, erakustaldia eman zuen. Bi minutu pasatxoko aldea atera zion Karmele Gisasolari, lehen txapeldunari. Mallabitarrak NAIZ Irratian aurreratu zuen urnietarra ikusten zuela faborito argiena eta ez zuen hutsik egin.

Aizkora lanetan garaipena erabakitzen hasi zen, nahiz eta bere iritziz, lehendabiziko bi probetan gaizki aritu zen. Azkenean, nerbioei buelta eman eta sekulako garaipena erdietsi zuen. Urrezko Aizkoran txapeldun, Binakako pentatloian ere garaile –Amalur Arbelaitzekin batera–, baita banakakoan ere... Urte ikusgarria ari da izaten urnietarrarena. Ez da urtebete pasatu herri kirolean lehiatzeari ekin zionetik, baina jada izen propioa egin du plazan Nerea Arrutik. Azpeitiko zezen plazan «oso giro polita» izan zela eta behin aizkora hartuta lasaitu zela adierazi du NAIZ Irratian eginiko elkarrizketan.

Hasi aurretik iritsi zitzaizkizun urduritasunak, baina dena dela, lan ona egin zenuen. Nolakoa izan zen zure bilakaera?

Egia esan, lehendabiziko proban gaizki hasi nintzen eta bigarrengoa uste baino askoz okerrago egin nuen. Hor pixka bat gurutzatu egin nintzen nire buruarekin, baina aizkora hartu nuenean lasaitu egin nintzen eta nire probak egin nituen. Aizkoratik aurrera dena ondo joan zen, eta oso pozik.

Karmele Gisasolari bi minutu eta 15 segundoko aldea atera zenion. Lucia Orbe are atzerago geratu zen. Uste baino errazago esango zenuke?

Pentsatzen nuena baino hobeto, bai. Entrenamenduetan hobeto egina neukan, baina azkenean, entrenamenduak eta txapelketak oso ezberdinak dira. Oso pozik nago azkenean bi minutuko aldea lortzearekin.

«Crossfitak ematen dizkizu indarra eta aerobikoki ondo ibiltzea; txingetarako, giza-probarako eta harria jasotzeko ere oso lagungarria da»

21 minutu eta 9 segundoan bukatu zenituen lanak. Etxeko lanetan hobeto aritu zinela aipatu duzu. Eguraldiak baldintzatu zuen?

Bai, apur bat beldurtuta joan ginen. Azkenean, eguraldiak baretu egin zuen eta horrek urduritasuna jaitsi zuen, baina hala ere, plaza plaza da eta nerbioak hor daude, tentsioa hor dago. Nahiz eta lanak eginak eduki etxean, oso ezberdina da plaza.

Nolakoak izan ziren finalaren aurreko egunak?

Ondo ibili nintzen. Bertara iritsi arte lasai nengoen. Jendeak animoak ematen zizkidan, baina egun horretara arte oso lasai egon nintzen.

Crossfit mundutik zatoz: nola egokitzen da bat pentatloi batek eskatzen dituen lanetara? Antzekotasun handiak dituzte? Uztartzeko edo elkar elikatzeko egokiak direla esango zenuke?

Bai. Crossfitak ematen dizkizu indarra eta aerobikoki ondo ibiltzea. Gero beste gauza bat da aizkoran ibiltzea, baina behintzat txingetarako, giza-probarako eta harria jasotzeko ere oso lagungarria dela uste dut.
 

Orain, Gipuzkoako aizkolari txapelketa izango duzu laster. Atsedenerako tarte handirik ez, beraz.

Atsedenik ez. Ostegunean erakustaldi bat ere badaukagu herrian, Gabirondorekin. Ez dago atsedenik.

Jaurlaritza Logoa