Zuzenean

Elkarrizketa
MARITXU PAULUS-BASURKO
JAKES ESNALEN ABOKATUA

«Urteak borrokan eman ondoren emozioz betetako eguna da»

Ion Kepa Parot eta Jakes Esnali baldintzapeko askatasuna aitortu die Dei Auzitegiak. Sententzian gaurko egoera politikoa «kontuan» hartzen dela esan du Maritxu Paulus-Basurkok, Esnalen abokatuak, eta orain arte erabili dituzten argudio politikoek «pisua» galdu dutela.

Audio_placeholder

«Urteak borrokan eman ondoren emozioz betetako eguna da»

Loading player...
Jakes Esnal eta Jon eta Unai Paroten etxeratzea galdegiten manifestariak.
Jakes Esnal eta Jon eta Unai Paroten etxeratzea galdegiten manifestariak. (Bob EDME)

Pariseko Dei Auzitegiak Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal baldintzapean aske uzteko erabakia hartu du. Esnalen abokatu Maritxu Paulus-Basurkok «urteak borrokan» eman ondoren lehen urrats gisa kalifikatu du. «Benetako askatasunaren bidea hasiko dute, emozioz betetako eguna da», esan du.

Parotek sei aldiz egin du eskaria, prozedura osoa; eta Esnalek, birritan. Sententzian gaur egungo egoera politikoa aintzat hartu du Dei Auzitegiak, «gizartea zein egoeratan dagoen». Inolako arriskurik ez dagoela berriro delitua egiteko jaso du epaiak, «lehen auzitegiak aurreratutako argudioak bere egin ditu».

Azken auzi saioan, Fiskaltza antiterrorista baldintzapeko askatasunen kontra agertu zen eta askotan honi jarritu izan dio epaitegiak. Abokatuak dioenez, «aurrekoetan esan izan da ETAren su etenak ez zuela ezer segurtatzen, armak entregatzerakoan gauza bera eta disolbatu zenean oraindik goiz zela delituak ez errepikatzeko bermeentzat. Denbora aurrera joan da eta argumentu horiek pisua galdu dute», esan du.

Askatasun osoa 82 urterekin lortuko dute

Orain prozesu bat abiatuko dute bi preso lapurtarrek. Etxeko kartzelaldian egongo dira, pultsera telematikoarekin. Etxetik ateratzeko ordutegi zehatzak izango dituzte. Urtebete ongi pasatzen bada, baldintzapeko askatasunean jarriko dituzte. Horrek debeku eta betebeharrak ditu, mugimenduekin lotutakoak, justiziaren segimenduarekin eta biktimen kalte-ordainen harira.

Behin hamar urte pasata eta gauzak ongi bidean, askatasun osoa berreskuratuko dute 82 urterekin.