Zuzenean

Elkarrizketa
Juan Karlos Izagirre
EH Bilduko Donostiako alkategairako proposatua

«Herritarrekin berriro konektatzeko konpromisoa hartuko duen Gobernua eskainiko dugu»

EH Bilduk Juan Karlos Izagirre proposatu du Donostiako alkategai izateko. Batzar Nagusietako eleduna kanpaina betean sartuko da, militanteen babesa jasotzen badu. Donostian haserrea eta kexa hauteman ostean, udal Gobernua herritarrekin konektatzeko konpromisoak bultzatuta onartu du erronka.

Audio_placeholder

«Herritarrekin berriro konektatzeko konpromisoa hartuko duen Gobernua eskainiko dugu»

Loading player...
Juan Karlos Izagirre, Naiz Irratian.
Juan Karlos Izagirre, Naiz Irratian. (Naiz Irratia)

Juan Karlos Izagirre proposatu du EH Bilduk 2011n lortu zuena berriz eskuratzeko asmoz: Donostiako Alkatetza. Asteazken honetan egon da NAIZ Irratian eta oraindik EH Bilduko kideek berretsi beharko duten hautagaitzaren nondik norakoak azaldu ditu.

Aurrehautagaiarentzat «errespetu falta» da udal programaz hitz egiten hastea militanteen berrespena jaso gabe, baina argi du oinarriak etxebizitza, turismoa edota hiriaren garapenean egongo direla.

Berriro alkatetzara aurkezteko erabakiaren zergatia eta zer duen eskaintzeko galdetuta, Izagirrek nabarmendu du 2011-15 legealdia, Bilduk alkatetza izan zuenekoa, «oso aberasgarria» izan zela eta «gauzak egiteko beste modu bat eta beste eredu bat posible dela erakusteko oinarriak» jarri zirela, baina bere ustez «batzuk» garai hura «ezabatu edo ezkutuan utzi nahi dute.

«Hori da nik aportatu dezakedana, eta horrekin batera, ilusia, gogoa eta borondatea gauzak ondo egiteko. Badugu esperientzia, badago jende asko inguruan gaitasun handia daukana eskaintzeko hiri honi Gobernu sendo eta sinesgarri bat beste proektu bat mahai gainean jartzeko», esan du.

Izagirreren iritziz, legealdi hartan koalizio abertzaleak markatu zuen norabidea azken zortzi urteotan EAJ-PSErekin aldatu egin bada ere, «oraindik badago aukera zuzentzeko eta berriro herritarrak udal Gobernuarekin konektatzeko».

Ideia horretan sakonduta, militantziak alkategai gisa berretsiko balu, «hiritarrekin berriro konektatzeko» konpromisoa hartuko duen udal gobernua agindu du: «Hiritarrak parte sentitu daitezela hartzen diren erabakietan eta egon daitezela erabaki guneetan»; etxebizitza, turismoa edo hiriaren garapenaren inguruan hiritarrek egiten dituzten proposamenek «lekua izango dute gurean», ziurtatu du.

Etxebizitzaren garestitzeari eta arazoari helduta, Izagirrek egungo politikak aldatzeko apustuaren alde egin du. Etxebizitza berriak egitearen alde azaldu da, baina «kontu handiarekin». Txomin auzoaren adibidea aipatu du, nola «degradatuta zegoen zona bat» errekuperatu zen eta «auzo berri bat eraiki», planifikazioa «auzotarrekin batera eginda».

«Goia bera konturatu da»

«Eneko Goiaren Donostiak» hiritar askok «konpartitzen ez duen bidea» hartu duela iritzi du. «Ez da nahikoa hiri bat garatu edo poliki-poliki egitea pentsatuz bakarrik gero eta erakargarria izan behar duela baina bertan hiritarrak bizi direla ahaztuta. Denok nahi dugu Donostia kanpoan ezaguna izatea; turismoa oso inportantea da eta hori jorratu behar da, baina hazkunde hori ezin du izan hiritarren eguneroko beharrei erantzun gabe, zerbitzuak murriztuz edo garapen horrekin hiritarrak kaltetuta. Oreka hori bilatu beharra dago. Goia bera konturatu da astakeria bat egin dutela azken urteetan».

Odon Elorzak berriro PSEko alkategai izateko asmoa adierazi duela eta, «errespetua» adierazi du, baina emaitza edozein dela ere «argi dugu modelo alternatiboa gurea da, ez dago besterik».

Jaurlaritza Logoa