Zuzenean

Eli Pagola

«Ez diegu Ibai-basoak garbi mantentzeko ardura duten instituzioei lan zikina egin nahi»

Ibai eta ingurumen garbiketa-egun bateratua antolatu du Baso Biziak Plataformak irailaren 24an 17 herritan,  baina xedea ez da soilik zaborra biltzea. Bertako bioaniztasunaren eta uraren egoera zein den jakitea da helburua, eta beharrezkoa bada, «administrazioei ardurak eskatzea».

Audio_placeholder

«Ez diegu Ibai-basoak garbi mantentzeko ardura duten instituzioei lan zikina egin nahi»

Loading player...
Erreka garbiketa
Erreka garbiketa (Juan Reig Peiro | Getty Images)

Iraila ekimenak abiarazteko garai egokia izaten da, izan ilusio gehigarria dugulako edo udararen luzagarri gisako garaia delako. Baso Biziak Plataformako kideak ibaietara begira jarri dira eta, begiratzen duenak ikusi egiten duenez, ibai eta ingurumen garbiketa antolatu du zenbait udalerritan hilaren 24an. Edu Zabala plataformako kidea izan dugu Gelditu Makinak saioan.

Garbiketa aipatu dugu baina hori baino lehen Baso Biziak Plataformak merezi du aipamena. Edu Zabalak azaldu duenez, 2021eko martxoan plataforma sortzearen arrazoia izan zen pinuaren gainbera gero eta nabarmenagoa zela xingola marroia zela eta. Lehendik zetorren gaixotasuna zen baina, gaitzaren zabalpenarekin, herriz herri taldeak antolatzen hasi ziren. Mugimendu horiek ikusita, egituratzeko eta proposamenak egiteko garaia zela iruditu zitzaien.

Abiapuntu gisa, plataformak ‘Baso bizien alde, eukaliptorik ez’ dokumentua osatu zuen eta, bertan, euren helburuen berri eman zuten.Izan ere, eukaliptoaz baino harago joan nahi dute, monolaborantza dute jo-puntuan, eredu horrek ekartzen baititu kalteak. Zabalak dio monolaborantzetan oinarritutako ereduak dituen arriskuen artean daudela baliabide naturalen premia handia (besteak beste, ustiaketa mota horrek ur kantitate handiak behar eta lur higadura handia eragiten ditu), bioaniztasunean duten eragin zuzena eta landaketetan garatzen diren izurri kronikoak. Gainera, urtez urte egindako landaketa klonikoak direnez, ez dute gaixotasunei aurre egiteko mekanismorik garatzen, hau da, ez dira erresilienteak.

Eukaliptoaren gaiari helduta, Baso Biziak Plataformako kideak azpimarratu du ‘alperraren landaketa’ gisa ezagutzen dela behin ebakitako enborretik zuhaixka berria jaiotzen baita. Landaketa horretan esku-hartze txikiagoa behar izateak «lehen sektorearen abandonatzea» dakarrela dio eta kritikatu egin ditu «basoaren abandonatzeaz» kezkatuta mintzo diren arduradun politikoak, esanez, eurek indarrean mantentzen dituzten baso-politiken ondorio dela basoaren baztertzea.

Era berean, basoa eta ibaiak ekosistema beraren parte direnez, Zabalaren hitzetan, bereizi ezinak dira eta osotasunean ulertu behar dira. Horrela, uraren emaria eta kalitatea zenbat eta aberatsagoa izan, orduan eta onura gehiago ekarriko dizkio basoari eta alderantziz. Jakina, onura horiek guregan ere eragina dute. Oroitarazi du Eusko Jaurlaritzatik egon badagoela 1994-2030 plan bat non ‘baso-babesleen’ figuraren premia agertzen den. Bertan, milaka hektarea birlandatu eta babesteko egitasmoa plazaratu zen ibaiak, ibilguak eta akuiferoak babesteko. Gaur-gaurkoz, ordea, ez da baso-babesle hektarearik landatu. Zabalak argi du premiaren erakusle direla ibai-basoak, «monolaborantzetan lanak egiten direnean erreka erabiltzen da bilgune bezala, hau da, dena bertan metatzen da, pistak ere inguru horretan daude eta ez zaio inongo jaramonik egiten hor gerta daitekeenari».

Hori dela eta, garbiketa-egun bateratua antolatu dute irailaren 24an 17 herritan. Zabala argitu duenez, garbiketa horien xedea ez da soilik zaborra biltzea, «badaude ardura hori duten instituzioak eta gu ez gara lan zikina egingo diegunak. Egin egingo dugu sinesten dugulako beharrezkoa dela baina asmoa behaketa egitea da hondakinak nondik datozen eta ze motatakoak diren eta inguru horretako bioaniztasunaren eta uraren egoera zein den jakiteko». Ondoren, ardurak eskatuko dizkiete administrazioei, euren konpetentzia baitira eremu horiek.

Irailaren 24ko ibai eta ingurumen garbiketa hauetan parte hartu nahi duenak Baso Biziak Plataformaren sare sozialetan aurkituko ditu herri bakoitzeko deialdiaren xehetasunak, baita zer biltzeko asmoa duten eta nola prestatuta joatea komeni den.