Zuzenean

Ion T. Barrena
Elkarrizketa
Mikel Otero
EH Bilduko legebiltzarkidea

«Norvegiarren proposamenak urduri jarri ditu batzuk, eredu aldaketa suposatu dezakeelako»

Parte hartze herritarra eta publikoa bermatzen bada beste eredu bat ezarriko luke Statkraft enpresa norvegiarrak sustatutako proiektuak Mikel Oteroren (EH Bildu) iritziz. Uste du horrek «urduritasuna» sortu duela hainbat eragiletan, «orain arte garatu duten eredua zalantzan jartzen du». 

Audio_placeholder

«Norvegiarren proposamenak urduri jarri ditu batzuk, eredu aldaketa suposatu dezakeelako»

Loading player...
Mikel Otero
Mikel Otero (Raul Bogajo | FOKU)

Statkraft enpresa norvegiarraren eolikoen proiektua EH Bilduk begi onez hartu duela dirudi, zergatik?
Dioguna da norvegiarren proiektuak berritasun batzuk ekartzen dituela. Batetik, enpresa publikoa da %100ean baina hortik harago eskema berritzaile batekin etorri da. Irekia dago proiektuaren jabegoan eragile publiko, pribatu, komunitarioak eta herritarrak sartzeko moduko eskema bat esploratzeko. Horrek berritasuna ekartzen du, orain arteko proiektuak urruntasun batetik etortzen ziren non enpresek leku batzuk hautatzen zituzten hor negozio bat egiteko asmoarekin eta herritarrek kalteak jasaten zituzten baina onuraren inguruan ez zuten berririk izaten. Egin behar den, bai ala bai egin behar den, trantsizio energetiko honetan proiektu berritzaile hauek badituzte esploratu beharreko elementuak.

Hasiera-hasieran gaude, noski. Begiratu behar da ia bideragarria den, ingurumen afekzioak asumitzeko modukoak diren ala ez eta ikusi behar da ere lurraldearen plangintzan ondo enkajatzen duen. Elementu guzti horiek argitzen badira eredu berritzaile honi aukera eman behar zaiolakoan gaude.

Jabego publikoari garrantzia handia eman diozue, baina EAJk erantzun dizue gainerako parke eolikoetan ere %40 inguruko parte hartzea duela administrazio publikoak...
Egia da Aixeindar sozietatea Energiaren Euskal Erakundeak (EEE, EVE gazteleraz) eta Iberdrolak osatzen dutela baina egia da ere Iberdrolak duela gehiengoa eta ez dago argi etorkizunean zer paper jokatuko duen zati publikoak. Historiko bat ere badu kontu honek, bere garaian gaur egungo hainbat parke eoliko Eolicas de Euskadiren bultzadaz sortu ziren. EEEk eta Iberdrolak zuten jabegoa. Zer gertatu zen? Parkeak martxan jarri zirenean parte publikoak osorik pribatuari, Iberdrolari, saldu ziola eta gaur egun %100 pribatuak dira. Iberdrolak erabakitzen du energia horrekin zer gertatzen den: non, nola, nori eta zer prezioetan saltzen duen.

«Herritarrek zuzenean jabegoan parte hartu behar dute gero hortik irteten diren onurak, adibidez prezio jaitsierak, zuzenean beraien fakturetan izateko»

Uste dugu eskema berri batzuetara bagoaz EVE ere sartu beharko litzatekeela baina egonkortasun batekin, proiektuaren bizitza osoan parte hartze publiko hori bermatuz. Kontua ez da soilik publikoa-pribatua, hanka komunitarioa ere oso garrantzitsua da. Herritarrek zuzenean jabegoan parte hartu behar dute gero hortik irteten diren onurak, adibidez prezio jaitsierak, zuzenean beraien fakturetan izateko. Beraz, aldeak daudela esango nuke.

Jabegoaren inguruko ezberdintasunaz harago, inpaktuari dagokionez biek antzekoa izan dezakete, hala ere...
Hastapenetan gaude eta oraindik ingurumen inpaktuen azterketa egin gabe dago. Egitasmo honek hainbat baldintza bete beharko lituzke eta puntu nagusi bat ingurumenaren aldetik asumitzeko moduko inpaktua izatea da. Inpaktua badu eta izango du, orain erabiltzen dugun energiak ere inpaktua badu, baina beste lurralde batzuetan eta badirudi gutxiago inporta zaigula, baina baliabide fosilak erretzean honek honek inpaktu oso nabarmena eta lehentasunezkoa du aldaketa klimatikoan eta gero guztiok pairatzen ditugu ondorioak. Hemen oreka bilatu behar da, proiektuen inpaktuen eta onuren artean.

Gure sistema energetikoaren deskarbonizazioa desfosilizazioa eman behar da derrigorrean, subiranotasunean aurrerapausoak eman behar dira eta horrek esan nahi du bertatik bertara ekoitzi eta kontsumitzea, baina inpaktu batzuk izango ditu, noski. Argi dago esfortzu sozial bat suposatzen duela lurraldearen ikuspegitik trantsizio energetikoa egiteak baina egin beharrekoa da.

«Energia kostu prezioan jasotzeko aukera eskaintzen baldin bada proiektuak beste leku batean kokatzen du eztabaida eta hau trantsizio energetikoaren eredura doa»

Esfortzu soziala aipatu duzu, diferentzia agian onuran egon daiteke? Gutxi batzuentzat edo denontzat izatea?
Hemen aukera erreal bat baldin badago, eta hori konfirmatzeke dago, oraingoz intentzioak besterik ez baditugu ezagutzen; baina konfirmatzen bada inguruko herritar denek parte hartu dezaketela jabegoan eta beraz, energia kostu prezioan jasotzeko aukera eskaintzen baldin bada proiektuak beste leku batean kokatzen du eztabaida eta hau trantsizio energetikoaren eredura doa. Horregatik uste dut hainbat eragile politiko eta mediatiko urduritasun puntu batekin azaldu direla, ikusten dutelako orain arte defenditzen zuten eredua seguru zegoela eta orain egitasmo berritzaile hauen sarrerarekin eredua bera zalantzan jartzen da. Gerta daiteke beste eredu batekin garatutako proiektu baten ostean onura zuzenak ikusten badira beste leku bateko egitasmo batek afektatutakoek esatea, ‘aizu, ba posible baldin bada beste eredu batekin egitea, zergatik zatozte betiko ereduarekin?’ Nik uste dut horrek urduritasuna sortu duela hainbat eragiletan.

Beharrezko trantsizio energetiko horri begira zer egoeratan gaude gu? Beste batzuk baino atzerago, aurrerago, parean?
Nafarroan garapen berriztagarri nahiko handia izan da eta hor egoera nabarmen hobea da EAErekin alderatuz gero. Orokorrean esan dezakegu, ordea, gure egoera kezkagarria dela energiaren ikuspegitik. Energia kontsumitzaile handiak gara, baliabide fosiletan dago oinarritua erabat gure erabilpen energetikoa, %80aren inguruan, oinarrian petrolioa eta gasa erabiltzen dugu eta gure ibilbidea nahiko eskasa izan da. Jaurlaritza ezberdinek garatutako estrategiak gasari oso lotuta izan dira, baliabide fosilei oso lotuta eta hor egon dira euren egitasmo nagusiak arlo energetikoan.

Berrezaugarritu egin behar da euskal energia politika guztia eta arlo publikotik energia berriztagarrien aldeko apustu sendoa eta argia egin behar da. Bereziki gasaren kontsumoa jaisteko eta orokorrean kanpo energiarekiko menpekotasuna murrizteko.

Prozesu hauek ez dira egiten urte batetik bestera eta horrek esan nahi du gutxieneko nazio akordio batzuk behar ditugula, bestela urtez urteko edo hauteskundez hauteskundeko borroka politikoetan erortzeko arriskua dago.

Halako bide komunik egiteko oinarririk badago?
Ikusi beharko da. Guk urteak daramatzagu, hiru urte eta erdi badira EH Bilduk EAENn apustu integral baterako eskaintza egin zuenetik. Metodologia bat ere proposatu genuen. Orain arte aurrerapauso gutxi izan dira, egia esan, baina denbora honetan gero eta aktore gehiago konturatu dira erronka energetikoak apustu estrategikoa behar duela.

Azken aldian ari dira Urkullu eta Tapia honetaz hitz egiten... gu hitz egiteko prest gaude, beharra ikusten dugu baina oinarriak finkatu behar ditugu. Ez badugu argi trantsizio energetikoak aurrezte handi bat eskatzen duela, gasaren eta petrolioaren erabileraren beheratze azkar bat behar duela, ez badugu lortzen energia berriztagarriek behar duten bultzada izatea, ez bagara ados jartzen zer eredurekin egin behar dugun hau (herritarrena, parte hartzailea, enpresen, komunitate energetikoen, partikularren eta administrazio publikoaren parte hartzearekin), aktore denek sustatu behar dutela... ez badugu hori guztia adosten zailtasunak izango ditugu.

Beharra gero eta handiagoa izango da eta errealitatearen gordintasunak berak behartuko gaitu guztiok esertzera eta gutxiengo batzuk adostera. Esperantza hori dut eta EH Bilduk horretarako egingo du lan, ea zer etekin ematen duen lan horrek.