Zuzenean
Urak nahasita dabiltza Busturialdean; ur eskasia dela eta, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa joan den ostegunean hasi zen Busturialdeko hornidura-sarean ura sartzen. Datozen asteetan tanga-ontzi batek ura garraiatuko du Bilboko portutik eskualde horretara. Itsasontziak 4.000 metro kubiko ur biltzeko edukiera dauka eta Santurtzi eta Bermeo lotuko ditu 40 ordutik behin. Partzuergoak aurreikusten duenez, urri erdialdera arte erabiliko dute sistema hau eta 1,8 milioi euroko gastua izango du.
Gaiak nahikoa zeresan eman du; batzuek neurri egokia dela dioten bitartean, beste hainbatek adabaki bat baino ez dela uste du, eta sakoneko neurriak hartu behar direla. Horietako bat da egungo Eako alkate Iratxe Arriola. Busturialdeko errealitate hidrikoa ondo asko ezagutzen du, alkate izateaz gain Bizkaiko batzarkide eta Busturialdeko Ur Partzuergoko presidente ohia baita. NAIZ Irratiko “Informazioaren Haria”-n lehen edizioan izan zen atzo.
Arriolak azaldu zuenez eta Partzuergoak eta EH Bilduk aspalditik ohartarazi izan dutenez, «Busturialdeko ur-defizita historikoa da», batik bat uda garaian. Urte-sasoi honetan, hain zuzen ere, ur kontsumoa handitu egiten da eskualdean, eta aldi berean euri gutxiago egiten du. «Horrek suposatzen du gainazaleko uretan beherakada gertatzen dela», esan zuen Arriolak. Eta beherakada horrek «desoreka» sortzen du. Horretaz gain, gaineratu zuen lehorte handia egon dela aurten eta, bestetik, salatu zuen errekak berak eraman behar duen ur kantitatea ez dela beti errespetatu.
BBUPren tanga-ontzia
Izan ere, gogorarazi zuen aurtengoa ez dela inolaz ere kontu berria. «2012ko uda ere oso sikua izan zen eta garai hartan udalei eskatu zitzaien ez ureztatzeko beraien lorategiak, kaleak ur edangarriz ez garbitzeko... Eta esan beharra daukat, aurten gertatu den moduan, Gernika egon dela lorategiak ur edangarriz ureztatzen, baita futbol eta errugbi zelaiak ere, herritarrei eskatu zaienean ahalegin bat beraien lorategi eta ortuak ez ureztatzeko», salatu zuen.
Ur «desoreka» konpontzeko, aurten Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak tanga-ontzi batean garraiatutako edateko urarekin hornitu ditu Busturia eta Bermeoko hornidura sistemak. Hain zuzen ere, Bermeo, Mundaka, Sukarrieta eta Busturiko udalerriei eman die zerbitzua. Bitarteko asko erabili arren, Arriolak garrantzia kendu nahi zion itsasontziaren «pasadizoari», eta datuetan oinarritu zen.
«Bigarren maila batean geratuko da barkuaren gai hau eta laster pasadizo bihurtuko da. Komunikatiboki oso efektu-kolpe inportantea izan da, baina hau ere testuinguruan jarri behar da. Zer suposatzen du eskualderako barku horretan datorren urak? ‘Teleberri’-n entzun nuen 45.000 biztanleri hornidura emateko izango zela, eta hori ez da zuzena. Lehenengo eta behin, Busturialdean, bai, 45.000 biztanle bizi gara, baina barkuak Busturiatik Bermeorako tarte horretan emango du ura. Hor kontsumoa da 7.000 metro kubiko eta Busturialdean 12.000 egunean. Nahiz eta 4.000rako kapazitatea izan, barkuak 2.000 metro kubiko ekarriko ditu bi egunetik behin. Busturialdeko eskaera osoaren %8a da hori», zehaztu zuen Eako alkateak. Ildo horretan, bere ustez, «oso garrantzitsua da jakitea zertaz hitz egiten ari garen»; ur ekarpena ez da sistema osora begirakoa baizik eta eremu bati begirakoa; hain zuzen ere, ur-defizit handiena daukan eremurako.
Gainera, Busturialdeko Ur Partzuergoko presidente ohiak gehitu zuen baliabide hidrikoak ez direla «egoki kudeatu». Adibide gisa aipatu zuen Gernikako La Vega eremuko putzua, industria garaian kutsatua eta egun 60 litro segundoko ematen dituena, edateko ona ez den arren. Arriola kritiko agertu zen tanga-ontziarekin, bai bere prezioagatik bai beste aukera «egingarriago eta merkeago» batzuk ez aztertzeagatik: «La Vegako putzuak 60 litro segundoko ematen ditu; hau da, barkuak dakarrena baino askoz gehiago, zeren 60 litro segundoko dira gutxi gorabehera 6.000 metro kubiko. Ur hori erabilgarria da kalea garbitzeko, industriarako... Hor dago baliabide bat».
Baliabide naturalak bultzatu
Azkenean, Arriola baliabide naturalak bultzatzearen alde agertu zen. «Inork ez daki zein izango den biharko klima, eta horrek suposatzen du gaur egun kudeatzen den baino askoz arrazionalizatuago kudeatu behar dela ura», esan zuen Bizkaiko batzarkideak. Horretaz gain, Busturialdeko Ur Partzuergoko presidente ohiaren iritziz, dauden beharrak optimizatu eta zaharkituta geratu diren sareak berritu behar dira.
«Ez da logikoa ura galtzen egotea, eta hor inbertitu behar da», azaldu zuen. Hortaz, bere hitzetan, agenda publikoan eta politikoan urak garrantzia hartu behar du eta horren inguruan gobernantza eredu berri bat landu beharra dago, «deszentralizatua eta arrazionalizatuagoa gure baliabide hidrikoekin».