Zuzenean

Diana Urrea: «Petroren inbestidurak erakusten digu ezinezkorik ez dagoela»

Diana Urrea kolonbiarraren iritziz Francia Marquez eta Gustavo Petro Kolonbiako historiaren «pasarte garrantzitsu bat idazten hasiko dira bake eta justizia sozialaren ikuspegitik». Euskal Herria bere bigarren etxetzat duen lagunak uste du garai berri bat hasi duela Kolonbiak.

Audio_placeholder

Diana Urrea: «Petroren inbestidurak erakusten digu ezinezkorik ez dagoela»

Loading player...
Gustavo Petro, arduratuta baina pozik, jada kargua hartuta.
Gustavo Petro, arduratuta baina pozik, jada kargua hartuta. (Juan Barreto | AFP)

«Petroren inbestidurak erakusten digu ezinezkorik ez dagoela, borroka egiteak beti merezi duela eta sufrimenduz, miseriaz eta prekarietatez betetako garaiak aldatu daitezkeela». Diana Urrea kolonbiarrak gertutik ezagutzen du politika instituzionala, EH Bildure parlamentari izan baitzen Gasteizko Ganberan, eta Gustavo Petro Kolonbiako lehen presidente ezkertiarra bihurtu izana zinez garrantzitsua dela iritzi dio, «berdintasuna, bakea eta justizia soziala lortu ahal izateko komunitatea afroak, indigenak eta nekazariak izango dira agintaldi honetan protagonista nagusiak». Hunkituta erantzun die Naiz Irratiaren galderei, «ezin dut hitzez deskribatu baina nire bihotza Kolonbian dago une honetan».  

«Kolonbiak ezin zuen oligarken eskuetan jarraitu», dio Urreak aldaketa ezinbestekotzat joz, «baliabide naturalekin aberastu dira, desplazamenduak eraginez, kolonbiarren dirua lapurtuz eta ekosistemak suntsituz». Hortaz gain, bake akordioak «sistematikoki» urratu dituztela baieztatu du eta buruzagi sozialen jazarpen edo erahilketen aurrean «beste alde batera» begiratu dutela edo zuzenean «konplize» bihurtu direla.  

Kolonbian pobrezia eta prekarietatea «izugarria» dela baieztatu du eta Petroren gobernuak, «ezkerrekoa eta aurrerakoia» izango denak, aberastasunaren eta boterearen birbanaketa izango duela oinarri, bake akordioari bultzada ematearekin batera.  

«Gizartea oso nekatuta zegoen» 

Zerk eragin du aldaketa Kolonbian? Zein izan da gakoa? Urrearen iritziz gizartea «oso nekatuta» zegoen Kolonbiak bizi dituen «ezberdintasun handien» aurrean. «Herrialdeak pairatzen duen indarkeria sistematikoa eta bake akordioak errespetatu ez izana» ere aldaketarako elementu izan direla uste du. «Herriak aski dela esan du eta Petrok ordezkatzen dituen ideien eta politika egiteko moduaren alde egin du».  

Konfidantza du eta uste du Petoren gobernuak «gizarte eraldaketan oinarritutako politikak» bultzatuko dituela eta bake akordioa betetzen saiatuko dela. Zentzu honetan, nahi duenak «diasporatik Kolonbiara itzultzeko eskubidearen alde borrokan» segiko dutela baieztatu du. Berak Euskal Herrian jarraituko du, «gozo hartu ninduen bigarren etxean», baina «pozez eta ilusio handiz» jarraituko du «Kolonbiako herrriak abiatuko duen eraldaketa».

Jaurlaritza Logoa