Zuzenean
Gustavo Petro, Kolonbiako presidentetza kargua hartuko du igande honetan Bogotan egingo den inbestidura saioan. 100.000 lagun inguru espero dira, Petroren agintariak sortzen duen itxaropenaren seinale, Kolonbia barnean ez ezik, baita eskualde osoan ere.
Ikusgarria eta sinbolismoz betetako ekitaldia izango da. Besteak beste, Simon Bolivarren ezpata egongo da «Kolonbiaren bakea eta aldaketaren ikur gisa», Petrok berak azpimarratu duenez.
Izan ere, behin betirako bakea du helburu Petrok. Baina bide horretan «oztopoak» ere nabarmenak izango direla azaldu du Lertxundik. 72 ordutan hiru gerrillari ohi hil dituzte Kolonbian, horietako bat kartzelatik atera berria zen bake akordioaren sinadura ondotik, eta proiektu kolektibo batean lanean ari zen. Zifra ofizialen arabera 110 lider sozial hil dituzte aurten. «Zifra hauek Kolonbiak segurtasuna arloan dituen erronka izugarrien adibideak besterik ez dira», nabarmendu GARA eta NAIZeko kazetariak.
Kolonbiako Gobernu berrian izango diren pertsonak ezagutzen hasi dira azken egunetan. Horien artean, bakerako goi ordezkari izango den Danilo Rueda nabarmendu du Lertxundik: «Ezanguratzua da izendapen hau. Gobernuz kanpoko erakundeetan egin du lan eta giza eskubideen arloan eskarmentu handiko pertsona da». Euskal Herrian izan da hainbatetan bere herrialdean giza eskubideen inguruan bizi den egoera azalduz.
Alvaro Leyva Duranen izendapena ere nabarmendu du Lertxundik, izan ere, Kolonbian eman diren bake prozesu guztietan egondakoa da. Ivan Velasquez Gomez magistratu ohia Defentsa ministroa izango da. «Paramilitarismoaren kontra borrokatu zuen fiskal gisa eta mehatxuak jasan zituen», gogoratu du kazetariak azken honi buruz.
Cecilia Lopez 79 urteko emakumea Nekazaritza ministeritzako burua izango da. «Izendapen hauek Gobernu berriak aldaketak ekartzeko duen konpromisoa islatzen du», esan du Lertxundik.
Bloke ezkertiarra
Azken asteetan latinoamerikatik bira egin du Francia Marquez presidenteorde berriak eta kontinenteko beste presidente eta politikari ezkertiarrekin bildu da bertan: Gabriel Borik txiletarra, Alberto Fernandez argentinarra, Lula da Silva brasildarra...
Honi nahiko garrantzia eman dio Lertxundik: «Beste Amerika bat eraikitzeko asmoaren isla dela esan genezake».
Horren harira, Kolonbian gobernu ezkertiar bat egoteak Latinoamerikako bloke ezertiarra «indartu» dezakela apzimarratu du kazetariak.