Zuzenean

NAIZ Irratia

«Gure gizartean ez zen elikagai banku bat egon behar»

Nafarroako elikagaien bankuak «herena» jaso du elikagaien despentsa handia izeneko 2022. urteko kanpainan. Bankuak 25.000 pertsonentzako elikagaiak jasotzen ditu, 180 erakundek bana dezaten. Mari Luz Murgia boluntarioak uste du bankuen jarduna instituzioek egin beharko luketela.

Audio_placeholder

«Gure gizartean ez zen elikagai banku bat egon behar»

Loading player...
Janari bilketa Nafarroako Elikagai Bankuan.
Janari bilketa Nafarroako Elikagai Bankuan. (Nafarroako Elikagai Bankua)

Nafarroako Elikagai Bankuak alerta piztu du ekarpenen beherakadaren aurrean. Fundazioaren azken elkartasun kanpainak aurreikusitakoaren herena lortu du: 135.000 euro eta 124.000 kilogramo oinarrizko janari. Pandemian diru kantitate txukunak jaso arren, Mari Luz Murgia boluntarioak NAIZ Irratiari egindako adierazpenetan baieztatu duenez, ekarpenen beherakadaren atzean «beldurra» eta «ziurgabetasuna» daude. Elikagaien prezioen gorakadak eta bestelako laguntza eskaerek ere herritarrak «nekatu» dituela uste du.

Ekarpenen murrizketak zuzeneko eragina izan du banatzen den janari kantitatean. «Lehen 13-14 kilogramo ematen genituen pertsonako, orain erdia. Ez dago emateko behar beste», ohartarazi du. Testuinguru horretan, oilaskoa banatzeari utzi behar izan diotela jakinarazi du. Izan ere, inflazioa eta elikagaien prezioen garestitzea asko nabaritu dituztela jakinarazi du.

Bestalde, Murgiak azaldu du janari bilketetan herritarrek lekaleak, pasta eta arroza bezalako elikagai asko ematen dizkietela, baina beste produktu mota batzuk, freskoak eta dieta osasuntsu baterako beharrezkoak, falta izaten zaizkiela: «Olioa eta esnea bezalako produktuak guk erosten ditugu, eta horretarako dirua behar dugu. Dirua aprobetxagarriagoa da guretzat, behar ditugun produktuak behar ditugunean erostea ahalbidetzen baitigu».

Langileak janari eske

Murgiak azaldu duenez, 25.000 pertsonak eskuratzen dituzte elikagaiak Nafarroako Elikagai Bankuaren bitartez, eta guztiak oso profil desberdinetakoak dira. Erabiltzaileen artean «etorkinak», «hemengoak», «langabeak» eta «langileak» daudela argitu du boluntarioak.

Murgiak salatu du lanpostua, izan arren, asko prekarizazioaren ondorioz gerturatu behar izan direla laguntza eske. «Soldata prekarioekin jan ala alokairua ordaindu erabaki behar duzu», kritikatu zuen boluntarioak. «Alokairua ordaindu behar badute, nola jan? Horiek janari bila joan behar dira. Egoera oso larria da», azpimarratu du.

Alabaina, gizarteak pertsonok ikusten ote dituen galdetzean, Murgiak erantzun tinkoa eskaini du: «Ez dut uste. Denok dakigu, prentsa eta komunikabideetan asko azaltzen da, baina gero bakoitza bere etxean sartzen da eta kanpoan zer dagoen ahazten du. Horregatik egiten dugu deialdi hori, denok pixka bat ematen badugu denon artean aurrera egingo dugu».

Bilketaren funtzionamendua

Murgiak azaldu duenez, hiru iturri nagusitatik eskuratzen dituzte elikagaiak: Europar Batasunaren bitartez, enpresetatik eta partikularren dohaintzen bidez. Zehaztu zuenez, Europar Batasunak urtean bi aldiz egiten ditu jakien dohaintzak, «galtzen ez diren produktuak normalean».

Jarraian, enpresek ere ekoizten dituzten produktuak ematen dizkietela eskertu du Murgiak, «asko laguntzen dute beraien produktuak ematen».

Bukatzeko, partikularren dohaintzak egongo lirateke, horiek egiteko hiru metodo egonik: supermerkatuetako bonuak erostea, webgunean ekarpen ekonomikoak egitea edo produktuak zuzenean Nafarroako Elikagaien Bankuari helaraztea.

Dena den, Elikagaien Bankuak ez ditu eskuratu edo erositako elikagaiak zuzenean banatzen. Hau da, Murgiak esplikatu duenez, erabiltzaileen eta Bankuaren artean bitartekari lana egiten duten 180 erakunderen artean banatzen dituzte jakiak, eta ondoren, beraiek arduratzen dira banaketaz: «Guk 180 gizarte erakunde ditugu eta hilean behin etortzen dira jakien bila, produktuak prestatzen ditugu, eta gero beraien erabiltzaileei emateko eramaten dituzte».

Erakundeen ardura

Bestetik, Murgiak baieztatu du herritar zaurgarrienak elikagaiz hornitzea erakunde publikoen zeregina izan beharko litzatekeela. «Instituzioek egin beharko lukete, baina egiten ez duten bitartean, zer egingo dugu ba? Gure gizartean ez litzateke elikagai bankurik egon behar. Baina instituzioek ez dituzte dauden beharrak betetzen». Erakunde publikoek Elikagai Bankuen funtzioak betetzen ez dituzten bitartean, Murgiak baieztatu du beraiek jarraitu beharko dutela lan hori egiten. Hori horrela, www.bancoalimentosnavarra.org webgunean dohaintzak egin daitezkeela gogorarazi du.