Zuzenean

NAIZ irratia

Gipuzkoako haurren erbesteari «aurpegia jartzen» dihardu Intxorta 1937 elkarteak

1936. eta 1937. urteen artean Euskal Herriko milaka haurren patua bilakatu zen erbestea. Belgika, Erresuma Batua edota Sobietar Batasuna izan ziren horietako askoren helmuga. Beldurrez betetako bide horiek hartu zituzten Gipuzkoako haurren zerrenda egiten ari da Intxorta 1937 elkartea.

Audio_placeholder

Gipuzkoako haurren erbesteari «aurpegia jartzen» dihardu Intxorta 1937 elkarteak

Loading player...
Haur erbesteratu baten agurra Bilboko portuan.
Haur erbesteratu baten agurra Bilboko portuan. (Sancho de Beurko funtsa | Euskadiko Artxibategi Historikoa)

Euskal Herriko ume askoren patua erbestea izan zen 36ko gerra zela medio. Horietako asko ez ziren inoiz bueltatu etxera, Euskal Herrira. Beste batzuek, ordea, egin zuten sorterrira itzulera. Hain justu, Gipuzkoako ume haien testigantzak jasotzen ari da Intxorta 1937 elkarte memorialista. Kontakizun horiek berebiziko garrantzia dute ondarea diren heinean: memoria historikoaren funtsa osatzen laguntzen dute.
Arnaldo Bolunburuk Eibar utzi zuen sei urte zituela. Okzitaniako Tolosara joan zen aurrena, bederatzi hilabetez. Handik Donibane Lohizunera ihes egin zuen, urtebetez. «Han ez zegoen gerrarik. `De la noche a la mañana` alde egin behar izan genuen. Ogirik ere ez genuen. Zer pasatzen ari zen ulertu ezin». Donibanetik oroitzapen onak ditu. Txokolatea jaten zuela gogoratzen da oraindik.

Jose Sarasuak eta Asun Angerak beren begiez ikusi zituzten Santurtzitik Errusiara joaten ziren itsasontziak. Ilara luzeak gogoratzen dituzte, umez beteta. «Haiek negarrak! Bizitza salbatzeko hanka egin behar izan zuten; nahiz eta ama eta aita hil, baina umeak salbatzearren edozer. Gaur ikusten dugun moduan», diote bizi izandakoaz.

Margarita Murgizu Belgikara iritsi zen Anberesen ezkondua zen Gregorita Olañetaren laguntza jaso ondoren, beste ume euskal herritar askok bezala. «Euskaldunoi asko lagundu zigun haren familiak», eskertzen du.

Bi urteko ikerketa lana

Testigantza hauek jazotakoaren zertzelada bakan batzuk baino ez dira, gerraren testuinguru hartan bizi izandakoaz eta sufritutakoaz. Garaiko Eusko Jaurlaritzak antolatuta, Bilboko portutik itsasontzi ugari atera ziren arren, aipatzekoa da beste askok oinez egin zutela erbesterako ihesaldia. Intxorta 1937 kultur elkartea haurren zerrenda Debagoienaren bueltan osatzen hasi zen arren, ekimenak Euskal Herrirako zabalkundea hartu du.

Julia Monje elkarteko kideak NAIZ Irratian kontatu duenez, duela bi urte ekin zioten 36ko gerraren baitan erbesteratutako haurren zerrenda osatzeari; apurka-apurka egindako lana izan da, beraz.
Gerra hasi zenean Gipuzkoako familia ugarik ihes egin behar izan zuen. Asko lehenengo babes bila Bizkaira joan ziren. Milaka umek etxea utzi zuten, eta 1937ko udaberrian fronteak hautsi izanak are eta gehiago gogortu zuen egoera. «Bonbardaketak indartu zirenez, umeak ebakuatu behar izan ziren», dio.
2020an ikerketaren lehen pausuak emanda, orduz geroztik buru belarri ari dira elkartean datuak biltzen, alderatzen, zuzentzen eta osatzen.

«Ia egunero ibiltzen gara datuak aldatzen. Artxiboetara joaten gara eta apuntatu egiten ditugu han jasotakoak. Oso zerrenda luzea dugunez, gero berretsi behar dugu topatu ditugun izenak jada ditugun edo ez. Uneotan 7.073 pertsona ditugu identifikatuta. Herrietan jarri ditugun arreta-bulegoak oso lagungarriak izaten ari dira, zeren eta datu asko iristen dira bertara». Bizkaia aldera egin bazuten ere, gipuzkoar gehienek Frantziarako bidea hartu zuten. Momentuz, 3.139 neska-mutikoren izenak dituzte.

Testigantzei aurpegia jartzea helburu

Artxiboko lana eginda, jaso dituzten izen horiei aurpegia jartzea da helburuetako bat. «Garbi genuen behin ikerketa eginda jasotakoa sozializatu behar genuela. Zerrenda handia izatea gauza bat da, eta zenbat ume zehatz izan ziren ez da sekula jakingo, baina zerrenda eta zenbaki bat baino ez jasotzea oso hotza da. Nahi genien, ahal zen neurrian, lekukotza horiei aurpegia jarri, ahotsa eman».

Izan ere, bizipenek balio erantsia dute; oso inportanteak dira, beraz, elkarrizketak, «hori geldituko delako». «Gauza bat da jakitea familia batean bederatzi kide joan zirela, eta beste bat da ahotsez jakitea zein ibilbide egin zuten, zelako familiek jaso zituzten, bueltatu ziren edo ez, erbestean hil ziren… Dokumentuak ere behar ditugu. Batzuek badituzte garai hartako argazkiak, eta oso baliagarriak eta baliotsuak dira denon artean partekatzeko», diote elkarte memorialistatik.

Halako ikerketa batekin amaitzea zaila da, ia ezinezkoa, asko direlako ezkutuan gelditzen diren datuak, ahanzturan… Adibidez, itsasontzietan antolatuta joan zirenak zenbatzea errazagoa da;  beren kabuz joan zirenak zehaztea, ordea… Horregatik, laster «bukatutzat emango du Intxorta 1937k. Dena bildutakoan, otsailean ziur aski, omenaldi-ekitaldi bat antolatuko dute, Donostian. Bestetik, elkarrizketa eta dokumentuekin erakusketa ibiltari bat egitea pentsatzen ari dira. «Izugarrizko lana egin dugu, eta sozializatzea oso inportantea da».

Gaur egun oso nagusiak dira erbesteratu ziren haurrak. Horrek zailtasun erantsi bat suposatu du informazioa lortzeko garaian; beste asko, zoritxarrez, zendu egin dira haien lekukotzak eman gabe.

«Beren seme-alabak eta ilobak dira istorioak kontatzen dizkigutenak, eta beste askok gure bidez jakiten dute gertatutakoa, artxibo batean fitxa bat topatu ondoren, familiarengana jotzen dugunean», kontatu du Monjek.

Bizipenen memoria

Momentuz, 49 elkarrizketa eginak dituzte, eta funtsa «oso anitza» dela aurreratu du Monjek. «Errusiara joandakoak, daude, Belgika, Frantzia zein Erresuma Batuan egondakoak…».

Pertsona batzuek kontatu dute «positiboa» izan zela: «Oroimenak dira direnak: umeak ziren. Zenbait kasutanjoan ziren anaia-arrebekin, edo ama eta izebarekin. Batzuk familietan egon ziren eta beste batzuk, ordea. egoitzetan egon ziren. Horrek ere markatzen du esperientzia. Adibidez, Errusiara joan zirenek sekulako harrera izan zuten, denek diote hori. (…) Baina pentsatu behar dugu gero Bigarren Mundu Gerra datorrela. Beraz, oso-oso bizipen gogorrak dituzte baita ere. Errusian egon zirenek, emakumeek batez ere, karrerak egin zituzten. Hemen gure amonek ezin izan zituzten mailako ikasketak egin zituzten han».

Gaur egun, Ukraina den lekuetara joan ziren neska eta mutiko asko. «Harrituta daude nola garai honetan hortik bertatik ari diren alde egiten ukrainarrak. Ez dugu ezer ikasi», iritzi du Intxortako kideak.

Memoria historikoaren osasunaz galdetuta, Monjek uste du gauza gehiago egin daitekeela berau lantzeko, eskoletan, eta bereziki gazteriari begira.