Zuzenean

Naiz Irratia
Elkarrizketa
TXOMIN LASA
ELA - Erresidentzietako arduraduna

«UGTk sinatu duen akordioa eskandalu bat da, oso urrun dago errealitatetik»

ELAko ordezkaria kritiko mintzatu da UGT sindikatuarekin, zein patronalek eta Aldundiak erakutsitako borondate ezarekin. Akordioa egungo hitzarmenak jasotzen dituen zenbait lan baldintzen azpitik dagoela gaineratu du. Testua aztertu eta zer egin erabakiko dute orain.

Audio_placeholder

«UGTk sinatu duen akordioa eskandalu bat da, oso urrun dago errealitatetik»

Loading player...
Gipuzkoako erresidentzietako langileak Donostian egindako mobilizazio batean.
Gipuzkoako erresidentzietako langileak Donostian egindako mobilizazio batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gutxiengoan diren arren, UGT sindikatuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta patronalek Gipuzkoako egoitzen hitzarmena sinatuko dute. Eta sektorean gehiengoa duten ELA eta LAB sindikatuak horren aurka egin dute. Txomin Lasa, ELA sindikatuko Erresidentzietako arduradunak adierazi du NAIZ Irratian akordioa «eskandalo» bat dela, sektorea ezagutzen dutenek badakitela «errealitatetik oso urrun» dagoela.

Sinatu duten akordioa baino «hitzarmen hobea» lortzea badagoela uste du Lasak; azken negoziazio mahaira euren proposamen propioa eraman dute, eta hor zehazten dituzte marra-gorriak: «KPIa bermatzea ezinbestekoa da, UGTren proposamenak ez du hori bermatzen, kontrakoa dioten arren.  Bestetik, sinatutako edukiak gaur egun dauden lan baldintzen gainetik egotea eskatzen dugu; izan ere, sinatzen dituzten eduki asko gaur egun dituzten lan baldintzen azpitik daude, gaur egun gutxienez 10 minutuko deskantsua dute langileek, eta hitzarmenean bost minutuko deskantsua proposatzen da». UGTk marra gorri horiek errespetatu ez izana kritikatu du Lasak.

Hitzarmena hobetzea dagoela uste du Lasak, eta horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta patronalek erakutsi duen borondate falta salatu du: «Patronal pirata hauen interesa eskua poltsikoan sartzea eta diruz betetzea da».

Greba egun asko eta borrokaldi luze baten ondoren langileena da orain azken hitza. Lasak azaldu du lehenik eta behin testua ondo aztertuko dutela zer egin erabaki aurretik.

Jaurlaritza Logoa