Zuzenean

Ion T. Barrena

«In crescendo batean gira, Gorteak askatasuna onartzen ez badu aitzina eta gorago joango gara»

Ipar Euskal Herriaren blokatze egunaren biharamunean herritarren inplikazioa txalotu du Bake Bideako Anaiz Funosasek. Ion Parot eta Jakes Esnalen auziei Parisek erantzun baikor bat eman ezean «indar handiagoarekin» erantzuteko determinazioa aurreratu du. 

Audio_placeholder

«In crescendo batean gira, Gorteak askatasuna onartzen ez badu aitzina eta gorago joango gara»

Loading player...
Anaiz Funosas atzoko ekimeneko une batean
Anaiz Funosas atzoko ekimeneko une batean (Bake Bidea | Bake bidea)

«In crescendo batean sartuak gira, irailaren 22an ez bada entzun Euskal Herritik eman den deia honek biharamuna ukanen du, handiagoa eta indar handiagoarekin emango duguna». Egun horretan ezagutaraziko du Parisko Dei Auzitegiak Ion Parot eta Jakes Esnalen baldintzapeko askatasunen inguruko ebazpena, «onartzen ez badie gu aitzina eta gorako joango gara», azaldu du NAIZ Irratian Anaiz Funosas Bake Bideako kideak. 

Atzoko ekimenaren inguruan Gobernu frantesaren erantzunik ez dute oraingoz, «ez bada prefetak blokeorik ez dela izan esanez igorri duen mezua». Iluntzean hautetsien ordezkaritza bat, hamalau lagunekoa, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetarekin bildu zen, hala nola Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Frederic Espagnac senataria, Emilie Dutoya Akitania Berria eskualdeko hautetsia. Spitzek euren eskakizunak helaraziko zituela erantzun zien. Gaur, hala ere, «frantses gobernuaren erantzuna baino herriak emandako erantzuna» azpimarratu behar dela azaldu du Funosasek.  

Komunikatiboki, prefeturatik oso aktibo aritu ziren, bezperan debekua eman zuten unetik. Hala ere, Funosasen arabera, «agerikoena» da ez zutela atzokoa espero. «Ez ziren prestatu horrelako egun baterako, ohartzen direnean aste luze hauetan zehar Ipar Euskal Herriko partaide guztiekin egindako lanaz, harreman guzti horiek ekarri dutenaz, gogor jo zuten gure aurka, ez uzteko gauzak egiten nahi ditugun moduan», gaineratu du.

«Korrika eta presaka, eta autoritatea markatu nahian, sartu zen prefeta, Estatuak nahi izan zuelako, baina guk segurtasun osoa bermatu genien guztiei eta ez geunden hor jendea izorratzeko, mezu indartsu bat helarazteko baizik: Ipar Euskal Herrian ez dugula onartuko mendekuaren gainean etorkizuna eraikitzea», nabarmendu zuen Bake Bideako kideak. 

Iragarria zuten bezala, bidea zabaldu zieten larrialdi zerbitzueei Bakegileek, txalo artean. «Puntu guztietan adostatukoa bermatu genuen, suhiltzale eta anbulantzia guztiak pasa ahal izan ziren. Gauzak ongi antolatu ditugu», adierazi du Funosasek.

Esparru guztietako hautetsi guztien sostengua jaso zutela nabarmendu du ere Funosasek. «Guztien lorpena da, baina elkargoko kargudunak egotea Estatuak ez du ulertzen. Ipar Euskal Herria martxan zen atzo», azpimarratu du.

Izan ere, aireportuan, autopistan eta trenbidean aritu ziren bakegileen izena zabaldu zituzten, hauen artean hautetsiak eta militante ezagunak zeudelarik. «Gure izaera bera da hori. Bakegileak diren militanteak gizarte zibileko esparru guztietako kideak dira. Eta atzo arrisaktze maila altuarekin aritu ziren», azaldu du.

Atzo 26 atxilotu izan ziren eta Estatuaren partetik erantzun errepresiboa jasoko dutela argi dute. «Bi auziri aurre egin beharko diegu, autopista eta trenbidearena, eta ikusiko dugu zer gertatzen den aireportuarekin. Hurrengo egunetan ere ikusiko dugu zer gertatuko den Bake Bidearentzat, arduradun gisa identifikatu gintuztelako», aurreratu zuen.

Desobedientzia zibilaren ekimen batean 1.700 lagunek parte hartu izanaren balorea nabarmendu du Funosasek. «Oso hunkigarria izan da. Debekuaren aintzinean euskal herritar ugari ikusi genituen, manera goxoan ordagoari eutsiz. Kapital bat da hori eta zaindu eta ahal bada handitu behar dugu», esan du.

Jaurlaritza Logoa