Zuzenean

Oihane Ozaeta

Udalekuak, pobreziari aurre egiteko tresna

Save The Children GKEak errenta baxuko familietako haurrentzat udalekuak antolatu ditu bosgarren urtez. Guztira, 310 haur eta nerabek hartuko dute parte. Bilboko udalekuetara gerturatu da Naiz Irratia beren lana ezagutzeko asmoz.

Audio_placeholder

Udalekuak, pobreziari aurre egiteko tresna

Loading player...
Save the Childrenek antolatutako errenta gutxiko haurrei zuzendutako udalekuak.
Save the Childrenek antolatutako errenta gutxiko haurrei zuzendutako udalekuak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Urteko garai honetan kokatzen ditugu udalekuak. Ziurrenik zu ere egonda izango zara, eta oraindik gogoan izango dituzu bertan ezagutu zenituen lagunak eta bizitako momentuak. Oroitzapen bakoitza poltsikoan gordeta bueltatzen ginen etxera. Baina udaleku hauek zerbait dute berezia: pobreziari aurre egiteko tresna bat dira.

Save the Childrenek pobrezia-arriskuan edo gizartean baztertuak izateko arriskuan dauden umeentzako udaleku irekiak antolatu ditu bosgarren urtez, Bilbo, Barakaldo eta Gasteizen. Bilbon, Bakuva elkartearekin elkarlanean egiten dituzte.

Aisialdia, garrantzitsua

Goizeko 10ak dira. Bilboko Bakuva zentroan gaude, eta heldu naizenerako prest daude gaurko protagonistak. Zentroko gela batean daude jesarrita, mahai baten bueltan, Save The Childreneko komunikazio arduraduna, begirale bat, eta udalekuetan parte hartzen duten bi ume. Denbora gutxi dugu hemen egoteko, minutu batzuk baino ez. Izan ere, ordu erdi barru BBK Kunak antolatzen duen Skape Roomera joango dira. Hori da gaurko irteera.

«Familia hauek ezaugarri bereziak dituzte, gehienek ezin dituzte opor arruntak izan ezta gastu bereziak egin»

Marta Garcia Save The Childreneko komunikazio arduradunak ondo daki nola eta zergatik sortu ziren udalekuak: «Save the Childrenetik uste dugu garrantzitsua dela aisialdia izatea, batez ere kalitatezko aisialdia eta hezigarria. Horregatik inbertitzen dugu denbora eta dirua haiekin egoteko. Familia hauek ezaugarri bereziak dituzte, gehienek ezin dituzte opor arruntak izan ezta gastu bereziak egin. Agian guretzat ez da oso inportantea igerilekura joatea, baina ume hauek ezin dute egin gurekin egiten ez badute».

Udan bakarrik ez, urtean zehar ere eskolaz kanpoko laguntza eskaintzen dute etxeko lanak egiteko eta euskara errefortzurako, besteak beste. Garciak azaldu du oso garrantzitsua dela eskola errefortzua egitea eta heziketarekin lotutako ekintzak egitea, «haurren eskubideak» direlako. Eta ez bakarrik biziraupena edo ikasteko aukera, baizik eta baloreak, gaitasunak eta ezagutzak lantzeko aisialdi eta kalitatezko espazioak sortzea.

Euskara errefortzua eskaintzea ez da kasualitatea. Eli Azkorra Save The Childreneko Haur eta Nerabeentzako Baliabide Zentroko Zuzendariak azaldu du udalekuetan parte-hartzen duten umeetako askok denbora gutxi daramatela Euskal Herrian, eta, beraz, «hesi linguistikoa orokortua den zerbait da» Ondorioz, egun, «udalekuen hizkuntza nagusia gaztelania da». Garciari galdetuta, egoera hala dela baieztatu du, eta adierazi du saiatzen direla euskara erabiltzen: «Errefortzua egiten dugu eta nabaritzen da. Haiek eskatzen dute eta uste dute ondo datorkiela. Gure hizkuntza orokorra gaztelera da berezitasun horregatik, baina saiatzen gara euskara erabiltzen».

Fatima udalekuetan parte hartzen duen ume bat da, eta eskolan ez ezik bakuvan ere ari da euskara ikasten. Siriakoa da Fatima, lehenengo gaztelera ikasi zuen bederatzi hilabetez, eta Urretxindorra ikastolara joan zenean hasi zen euskara ikasten. Lau urte daramatza euskara ikasten.

Eskakizuna instituzioei

Save the Childrenek ondoko eskaera luzatu die Aldundi, udaletxe, Lakua eta gizarte eragileei: «Beren hezkuntza-eskaintza heda dezatela udan, gaitasunekin lotutako edukiak txerta ditzatela –barnean hartuta ikasleei gizarte-ikuspegitik, akademikoki eta lan-arloan garatzeko aukera emango dieten ezaguerak, prozedurak eta jarrerak–, eta maila sozioekonomiko txikiko familiei doan eskain diezaietela sarbidea». Garciak azaldu du instituzioekin hitz egiten ari direla aurrekontuetan kontuan hartzeko egoera hau: «Gobernuz Kanpoko Erakundeok egiten ditugu, baina hau instituzionalizatuta egon behar da».

Begiraleak dira egunero haur ahulenei elikadura, hezkuntza-errefortzua eta laguntza emozionala ematen dietenak, baita haurren artean kirol-jarduerak eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzen dituztenak ere. Bakuva zentroan sei begirale dira, eta begiraleez gain bolondresek eta aurretik parte hartu duten eta dagoeneko nagusiak diren gazteek ere parte hartzen dute. Ane da begiraleetako bat: «Urtean zehar goizetan administrazio lana egiten dugu, eta arratsaldetan hiru ekintza egiten ditugu: futbola, saskibaloia eta etxerako lanak. Oporretan egiten ditugun ekintzak desberdinak dira».

Familien diru-sarrerak alde batera utzita, Euskal Herriko beste edozein txokotan topa daitezkeen udalekuak bezalakoak dira hauek; irteera kulturalak, txangoak, sentsibilizazio-jarduerak, igerilekuetarako irteerak eta bestelako tailerrak egiten dituzte.

«Egiten ditugun ekintzak haientzat dibertigarriak izatea saiatzen gara, zerbait ikasteaz gain»

Udaleku hauen helburua argia da: «Umeak etxean ez gelditzea, urtean zehar egiten ditugun ekintza guztiak alde batera uztea eta gurekin beste ekintza batzuk egitea, eta haien artean hobeto ezagutzea», adierazi du Anek.

Momentu horretan Fatimak Angelarekin batera, udalekuetan parte hartzen duen beste umearekin batera, hitza hartu nahi izan dute haien iritzia emateko. Ez dute zalantzarik, hobe da udalekuetara joatea etxean geratzea baino. «Etxean bakarrik eta ezer egin gabe egotea baino, hobeto da hona etorri eta parkera jolastera joatea, adibidez», nabarmendu du Fatimak.«Kirola egiten dugu eta gorputza apur bat mugitzen dugu. Etxean gaudenean sofan egoten gara gorputza mugitu gabe», gehitu du Angelak. Saskibaloia gustoko du berak.

Udalekuak oso ondo baloratu ditu Anek, eta nabarmendu du umeek oso ondo pasatzen dutela bertan: «Egiten ditugun ekintzak haientzat dibertigarriak izatea saiatzen gara, zerbait ikasteaz gain. Haiek ondo pasatzen dute eta gustatzen zaie».

Bukatzeko, Fatimak eta Angelak Bakuvaren eta begiraleen lana eskertu nahi izan dute. «Gustatzen zait Bakuva gurasoek ez dutelako ordaintzen, eta guk oso ondo pasatzen dugu», aitortu du Angelak. Fatimak ere begiraleen jarduna nabarmendu du: «Begiraleek garrantzia ematen diote gu triste ez egoteari eta oporrak txarto ez pasatzeari».

Jaurlaritza Logoa