Zuzenean

«Ziur naiz selekzioaren gaia berriro aterako dela eta modu ezberdinetan izan litekeela hori»

Uztailaren 30etik abuztuaren 6ra bitarte egingo da euskal selezioen aldeko azken martxa Ajangiz eta Getaria artean. Bidean, egindako lana «ospatzeko» aukera izango dutela diote Txumai Iturria eta Txiki Falero antolatzaileek. Martxa amaitu da, ez ordea ofizialtasunaren aldeko aldarria.

Audio_placeholder

«Ziur naiz selekzioaren gaia berriro aterako dela eta modu ezberdinetan izan litekeela hori»

Loading player...
2019an antolatu zuten azken mendi martxa. Hauxe, 2018ko martxarako aukeratu duten irudia. (Mendimartxa.eus)
2019an antolatu zuten azken mendi martxa. Hauxe, 2018ko martxarako aukeratu duten irudia. (Mendimartxa.eus)

2001ean antolatu zen euskal kirol selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzen zuen lehen mendi martxa. Eta halako ibilbide luzea egingo zutela jakin gabe, 2022 honetara heldu dira, bidean Euskal Herria osoa zeharkatuz eta herritarren ekarpenak jasoz. Txiki Falerok izan zuen martxa antolatzeko ardura nagusia 2013ra arte, eta ostera Txumai Iturriak hartu zuen lekukoa. Martxari amaiera emateko tenorea heldu dela ondorioztatu dute, baina argi dio Iturriak, euskal selekzio ofizial baten nahia ez dela desagertuko, «ziur naiz selekzioaren gaia berriro aterako dela eta modu ezberdinetan izan litekeela hori». Haien «ekarpena» egin dutelakoan eta «herrietako jendea gustura hartu» dituztela jakitun, pozik gelditzen da Iturria egindako lanarekin.

Falerok berriz, begi onez ikusten du martxari orain ematea amaiera. Nabarmendu duenez, «edozer gauza antolatzen duzunean jakin behar da, ez noiz hasi bakarrik, baizik eta bere garaian ere pasoa uztea». Ez du zalantzarik Falerok «ziklo bat amaitu dela»  eta martxarekin egun baldintzetan jarraitzea zerbait «behartua» litzatekeela.

Ofizialtasunaren egoera

Urte luzez, ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea izan zuten bidelagun martxaren antolaketan. Honek 2015ean desegitea erabaki zuen, eta zazpi urte geroago antzeko hausnarketek eraman martxaren antolatzaileak erabaki bera hartzera. Baldintzak ez dira duela 20 urteko berberak, eta pentsa daiteke Faleroren arabera, «lo dagoela» ofizialtasunaren aldeko jarrera, baina uste du «gutxi behar duela su horrek pizteko», nahiz eta erakunde publikoak «motelegi ibiltzen» direla pentsatu.

Erakundeek eta federazioek egin dezaketen lanaz harago, «gizartearen aktibazioa» ezinbesteko deritzo Iturriak. Ofizialtasunaren aldeko borroka, erabakitzeko eskubidearekin alderatu du, «lehen planotik aldendu da gaia urte hauetan. Horrek zer esan nahi erabakitzeko eskubideak ez duela lehentasunik jendearengan? Ez, horrek esan nahi baldintzak sortu behar direla eta baldintzak benetan sortzen direnean jendeak helduko diela».

Zortzi egun aberasteko

Uztailaren 30etik abuztuaren 6ra bitarte beraz, Ajangiz eta Getaria lotuko ditu euskal selekzioen aldeko martxak, bidean Bolibar ala Durango bezalako herriak zeharkatuz. Zentzu horretan, ekimena mendi martxa soil bat baino «askoz gehiago» dela uste dute biek. Euskal Herria, euskal herritarrak eta hauen kezkak eta borrokak ezagutzeko aukera izan da martxa. «Unibertsitate ibiltari bat» bezala definitu du Txumai Iturriak.

Egia esan, nahi beste erraztasun izango ditu interesdunak mendi martxan parte hartzeko; azken egunera arte izango da aukera izena emateko honako webgunean eta norberak du erabakitzen, martxa osoa egingo duen, etapa bakarra ala batzuk. Iturriak zehaztu du «erritmo guztietara» egokitzen direla eta ofizialtasunaren alde dagoen oro ongi etorria izango dela.

 

Jaurlaritza Logoa