Zuzenean

NAIZ Irratia

«Pentsa dezagun hurrengo sanferminetan beste udal gobernu bat egon daitekeela»

Sanferminetako txupinazoa jaurti baino ordu batzuk lehenago Naiz Irratiarekin hitz egin du Joseba Asiron EH Bilduk Iruñeko Udalan duen bozeramaileak. Maya alkatearen jarrera «probokatzailea» kritikatu arren, iruindarrak ongi pasatzera deitu ditu, «haserrea erakusteko unea» helduko delako.

Audio_placeholder

«Pentsa dezagun hurrengo sanferminetan beste udal gobernu bat egon daitekeela»

Loading player...
Sanferminetako txupinazoaren artxibo irudia.
Sanferminetako txupinazoaren artxibo irudia. (Jagoba Manterola | foku)

Jantzi zuria eta zapi gorria prest zuela eta San Fermin jaiei hasiera ematen dien txupina bota baino lehen hitz egin du Naiz Irratiko Informazioaren Hariarekin, Iruñeko alkate izandako eta egun EH Bilduk Iruñeko Udalan duen bozeramaile Joseba Asironek. Hainbat herri mugimenduk Iruñeko alkate Enrique Mayak baztertu dituela salatu dute eta aniztasunaren aurka egiten duela. Kritika horiek bere egin ditu eta baikorki, bestelako udal gobernu bat izan dezaketela gogorarazi die iruindarrei Asironek, «Pentsa dezagun hurrengo sanferminetan beste udal gobernu bat egon daitekeela». 2023ko udal hauteskundeetan, EH Bilduren alkategai izango da Asiron eta ziurtatu du posible dela udal gobernu ezberdin bat eratzea, «hiritarrak, emakumeak, LGTBI kolektiboak eta aniztasunaren alde lan egiten duten pertsonak erdigunean kokatuko dituena».

Bi urteren ostean, normaltasunez ospatu beharko lirateke sanferminak Iruñean, baina hainbat kolektibok ez dute aukera hori izango, Iruñeko alkateak jarri dizkien oztopoak direla-eta. Herri Sanferminak bezala, pertsona migratzaileak biltzen dituzten kolektiboak ere hiriko zentrotik urrundu nahi izan ditu, eta hainbat peñen ohiko jarduerak debekatu ditu. «Nik uste dut Enrique Maya oso kontziente dela politikoki zein egoeran dagoen. Bere bakardade horretan erabaki du probokazioaren alde jotzea» nabarmendu du Asironek.

Dena dela, orain iruindarrak jaietan ongi pasatzera deitu ditu EH Bilduren alkategai izango denak, «haserrea erakusteko unea» helduko delako eta bitartean, Mayaren probokazioak «umorez » hartzea iradoki du, San Fermin jaiek hala merezi baitute.

Jaurlaritza Logoa