Zuzenean

«Ezkaba gure Auschwitz txikia izan daiteke»

Bi memoria gune berri izango ditu Euskal Herriak Memoria Demokratikoaren legearen negoziaketetan EH Bilduk Espainiako gobernuarekin lortutako akordioari esker. Donostiako La Cumbre jauregiaren eta Ezkaba mendiko gotolekura hurbildu gara Iñaki Egaña historialariaren eskutik.

Audio_placeholder

«Ezkaba gure Auschwitz txikia izan daiteke»

Loading player...
Ezkabako gotorlekua.
Ezkabako gotorlekua. (Iñigo URIZ | FOKU)

80. hamarkadako gazteentzat «ikur iluna» da Donostiako La Cumbre jauregia, Lasa eta Zabala torturatzeko erabili zuten lekua. Estatu espainiarreko gobernutik Donostiako Udalaren eskuetara pasatzea, «herrira itzultzea», garrantzitsua da Iñaki Egaña historialariaren esanetan. Kontakizunarekin batera «ikurren» eremuan ere gatazka zabalik dela, urratsari balioa eman behar zaiola nabarmendu du.

Egañak azaldu du lehen mundu gerarren garaian Tovar dukeak erosi zuela jauregia eta 1979. urtean geratu zela Estatu espainiarraren esku, Barne Ministeritzaren esku zehazki. Juan Carlos Borboikoa lehen aldiz Euskal Herrira etorri zenean, Gernikako Batzar Nagusietan izan zenean, La Cumbren hartu zuen ostatu. 1983. urtean, berriz, Lasa eta Zabala bertan izan zituzten, «ezkutuko espetxe» gisa erabili zuten jauregia eta bertatik Alkantera eraman eta tirokatuta hil zituzten bi gazteak. La Cumbren pertsona gehiago torturatu ote zituzten galdetuta, «ez dakigu baina auskalo», dio Egañak. Euskal Memoria Fundazioak jaso zituen torturatuen testigantzak haintzat hartuz uste du posible dela, «baina ezin frogatu».

Urte hartan obra batzuk hasi zituzten La Cumbren eta amaitzerakoan, 1988. urte inguruan Donostiara etortzen ziren «nazioarteko ordezkari eta diplomatikoek» erabili zuten jauregia. 1999. urtean Herri Lanen Ministeritzaren esku geratu zen eta azken urteetan gobernuko ordezkarien egoitza gisa erabili izan da. 2014. urtean Pablo Malo zinemagileak Lasa eta Zabala filma osatu zuenean, La Cumbren grabaketa batzuk egiteko baimena eskatu zuen baina ukatu egin zioten. «Beti ezkutuan egon den toki bat da», dio Egañak eta horregatik «lorpena handia» dela esku aldaketa «errepresioaren ikur handi bat berreskuratu da eta egiaren bidean» ekarpena delako.

XX. mendeko Euskal Herriko «sarraskirik handiena»

 

Ezkaba mendian dagoen San Kristobalgo gotorlekua ere memoria gune bihurtzeko erabakia pauso «oso positiboa» da Egañarentzat. Uste du negoziaketetan «zailtasun handiagoa» egon dela Ezkabaren inguruko akordioa lortzeko, «zergatik? Defentsa Ministeritzarenpean dagoelako». Azaldu du 2007. urtean Aranzadik gotorlekuaren inguruan egindako hainbat indusketetan hartu zuela parte eta «zailtasun handiak» izan zituztela. Hasiera batean ukatu egin zieten gotorlekuan sartzea, Espainiako Kongresuan euskal talde baten interpelazio baten ostean, garaiko barne ministroak baimena eman zuen eta «garaiko gobernadore militarrak esan zidan ez zitzaiola batere gustatzen gu han sartzea baina ministroak baietz esan zuenez baimena eman behar izan zigun».

Ezkabako gotorlekua XIX. mendean eraiki zuten eta 1934. urtean bihurtu presondegi. Frankoren estatu kolpearen ostean bertan espetxeratuak izan zirenek «egoera oso latza» bizi izan zutela azaldu du historialariak, «lur azpian zeuden ziegetan» egoten zirela eta gehienek biriketako gaixotasunak izan zituztela. Preso asko hil ziren eta kanposantua bete egin zenez mendian hasi ziren gorpuak lurperatzen, «magal batean aurkitu genituen guk 140 bat gorpu».

1938ko maiatzean Europako ihesaldirik jendetsuenetarikotzat jotzen dena gertatu zen. 800 preso inguruk egin zuten ihes, hiru edo lau izan ezik gainerako guztiak harrapatu egin zituzten eta 300 inguru fusilatu, «batzuk Ezkaban bertan eta beste batzuk inguruko mendi eta basoetan». Oraindik gorpu askok desagertuta jarraitzen dutela gaineratu du. «Duela hamar egun Melillako harresian lurperatu dituztenak bezala lurperatu zituzten, izenik gabe, azkar eta presaka, gero ukatzeko sarraski bat egon zela». Frankisten estatu kolpearen baitan Nafarroan 3000 pertsona hil zituztela gogoratu du eta Ezkaban hildakoak %10a izan zirela.

«Neurri baten Ezkaba gure Auschwitz txikia izan daiteke», baieztatu du eta gaineratu hala ulertu zutela «garaikideek». Izan ere, «II. Mundu Gerran Polonian, Katyn-en, 14.000 herritar hil zituzten eta klandestinitatean Ezkabako guneari 'Katyn txikia' deitzen zioten. «Nazioartean Euskal Herrian baino sarraski handiagoak izan ziren , noski, baina Ezkabakoa XX. mendeko Euskal Herriko sarraskirik handiena izan zen».

Jaurlaritza Logoa