Zuzenean

Sara Iriarte

«Errotik datorren arazoa da hemen euskarak ez duela ofizialtasunik»

Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egitearen gaia pil-pilean dago, urtero bezala. Aldarria garbia da, baina gaian sakontzeko aukera izan dugu NAIZ Irratian. Horretarako, Bernat Etxepare Lizeoan izan gara Iker Altuna irakaslearekin, Asier Arbelaitz ikasle ohiarekin eta beste hainbat ikaslerekin.

Audio_placeholder

«Errotik datorren arazoa da hemen euskarak ez duela ofizialtasunik»

Loading player...
Azterketak Euskaraz dinamikako kideak, Baionan eskaini zuten agerraldian.
Azterketak Euskaraz dinamikako kideak, Baionan eskaini zuten agerraldian. (Guillaume FAUVEAU)

Hotz egiten du beti ikastetxeetako korridoreetan, baina metaforikoki hitz eginez gero, ez hainbeste Ipar Euskal Herriko Seaskako Ikastoletako, Kolegioetako eta Bernat Etxepare Lizeoko ikasgeletan. Bertako tenperatura zein den jakiteko aukera izan dugu NAIZ Irratian; izan ere, Iker Altuna Bernat Etxepare Lizeoko irakaslearekin, Asier Arbelaitz ikasle ohiarekin eta bertako beste hainbat ikaslerekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Garbia da Seaskako guraso, ikasle eta irakasleen aldarria: Ikasleek azterketak euskaraz egiteko aukera izan behar dute. Iker Altunak azaldu digunez, «Frantziak onartzen du inbertsio sistema, hau da, euskaraz irakatsi ahal izatea onartzen du. Baina, azterketa ofizialetan ez du onartzen euskara erabiltzea, eta kontraesan handiak sortzen dira. Ikasleek ikastola, kolegio eta lizeoko urteak euskaraz ematen dituzte, baina Baxoako azterketan ezin dituzte euskaraz ikasitako gaiak euskaraz egin. Baxoa eta Brebeta frantsesez egin behar dituzte, ez dituztenean gai horiek frantsesez ikasi».

Asier Arbelaitzek azpimarratu du bertan ikasten dutenak euskaldunak direla. «Txiki-txikitatik euskaraz ikasten dugu, eta egun garrantzitsuenean azterketa frantsesez pasa beharra... Frantsesez badakigu, hemen denok dugu frantsesezko maila ona; baina, adibidez biologian hitz gakoak ez ditugu frantsesez ikasi. Beraz, ikaslearentzat desabantaila bat sortzen du.  Euskara Euskal Herriko gure hizkuntza izanik, euskaraz ikas dezakegu, euskaraz ikasten dugu, eta ezin ditugu azterketak euskaraz egin?». Altunak eman du honen inguruko erantzuna: «Frantziak ematen dio espazio bat euskarari, baina iristen denean momentua non titulu ofizial bat eman behar den,  beti pareta jarriko du».

«Logika guztia hausten du»

Ikasleek ere argi dute beraien iritzia zein den gai honen inguruan, eta azpimarratu dute azterketak euskaraz egitea «ezinbestekoa» dela. «Alde batetik, euskal hiztun bezala azterketak euskaraz egitea berezko eskubide bat izan beharko luke. Bestetik, txiki-txikitatik eman dugu ikasketa prozesua hizkuntza batean, eta azterketa eguna izaten da prozesu horren balorazio unea. Bada, debekatzen digute azterketa euskaraz egitea». «Gure ibilbide guztia euskaraz ikasi ondotik, azken azterketa Kolegioan zein Lizeoan frantsesez pasa behar dugu. Beraz, honek logika guztia hausten du».

Beraz, argi geratu da Frantziak inposatzen duela frantsesa eta Frantziak inposatzen duela hizkuntza gutxituak, kasu honetan euskara, zapaltzea. Altunak garbi azaldu du arazoa nondik datorren: «Frantziako Konstituzioaren bigarren artikuluan jartzen du Frantziako hizkuntza frantsesa dela. Sinesten dute frantsesa dela beraien identitatearen funtsa». Gainera, azterketak euskaraz egitearen aferaren aurrean, Frantziaren argudioa da azterketak hizkuntzari dagokionez proportzionalak izan behar direla, bestela frantsesa galtzeko arriskua dagoelako. Arbelaitzen autokritika egitearren,  gaineratu du esaten dela «historikoki giza eskubideen herrialdea dela Frantzia. Hizkuntza gutxituen karta sinatua du baina ez berretsia, esanez bezala, Frantzia horrekin ados dagoela baina ez duela martxan jarriko. Bestalde, Frantzia osoan erabaki guztiak Parisetik datoz, horrek suposatzen duen guztiarekin: Hemen Baionako Euskal Elkargoak ez du ahotsik ezta bozkarik ere».  

Ikasleei egoera honek «amorrua», «segurtasun eza» eta «beldurra» sortzen diote; Izan ere, «ama hizkuntza ez den beste hizkuntza batean adieraztea ez da batere erraza. Horrek lana bikoizten diete azterketa egiterako orduan, galderak erantzuteaz gain itzulpen lana ere egin behar dutelako». «Ezin dugu ulertu askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna baloretzat dituen Estatu batek nola eskubideak urratzen ahal dizkion hizkuntza bati eta baita bere hiztunei ere. Haserrea sentitzen dugu ikusten dugunean hainbat urtetako borroken emaitzak ez dutela gehiago balio, eta horiek ere berriz lortu behar ditugula urraketak geroz eta sakonagoak direlako. Inoiz baino argiago dugu gure hizkuntzak zein balio duen, eta horren alde borrokatu behar dugu».

Ikasleen egoerari buruz hitz egin dugu, ikasleen borrokaz hain zuzen ere. Baina, irakasleek ere egiten dute borroka azterketak euskaraz izan daitezen. Desobedientziarako bidea hartu izan.Honen ondorioz, santzio ekonomikoak izan dira. Desobedientziaren bidea hartu eta Brebeta euskaraz zuzendu zuten irakasleei soldataren parte bat kendu zitzaien. Hala ere, Baxoak beste dimentsio bat du, eta ondorioz, hori zuzentzea ukatzeak ondorio larriagoak izan ditzake: Hilabeteko soldata dago jokoan.

Egingo dugu errepasotxo bat: 1995ean, frantziar Hezkuntza Ministerioak onartu zuen Historia-Geografia azterketa euskaraz egitea. Matematika ikasten zuten hizkuntzan idazteko parada izan zuten bigarren mailako ikasleek. 2017an, lehen aldiz, zientzietako azterketak ere euskaraz zuzenduak izan ziren. Baina, 2018an hau atzera bota zen, esan baitzen azterketak hizkuntzari dagokionez proportzionalak izan behar direla. Arbelaitzek azaldu digunez, aipatutako onarpen guztiak «zirkularren bidez» egiten dira. «Zirkularra frantses Justizian dagoen tresnarik txikiena da. Zirkular bat baldin badago aipatzen duena azterketak euskaraz egitea ahalbidetu behar dela, baina Konstituzioan idatzita dagoen legeak esaten badu Frantziako hizkuntza frantsesa dela, legeak zirkularra deuseztatzen du. Zirkularren gainetik dauden lege guztiek jaten dute zirkularra».

Altunak zehatz adierazi du: «Errotik datorren arazoa da hemen euskarak ez duela ofizialtasunik. Testuinguru honetan normala da hau gertatzea».

Bestalde, duela gutxi Seaskako guraso, ikasle eta irakasle batzuek Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitza okupatu zuten, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Honek aurrean, «ilusioa» eta «borrokatzeko» grina sentitzen du Altunak. «Borrokak emaitzak eman ditu, emaitzak txikiak dira, baina frogatu da borrokatuz lortu ahal direla gauzak. Gainera, neurri batean horrelako momentuak izatea ere pizgarria da Seaskarentzat».

Solastutako guztia laburbiltze aldera: «Ikasten dugun bezala, euskaraz bizi nahi dugu».

Jaurlaritza Logoa