Zuzenean

Naiz Irratia

Geroa Bai: «Gobernuak neurri estrukturalak hartu beharko ditu elektrizitatearen inguruan»

Aktualitate politikoari begira jarri gara Geroa Baiko bozeramaile Uxue Barkosekin. Nafarroako suteei lotuta baztertu egin du «momentu honetan» gobernuaren kudeaketa baloratzea eta elektrizitatearen BEZaren jeitsieraren iragarpenaren aurrean «neurri estrukturalak» eskatu ditu.

Audio_placeholder

Geroa Bai: «Gobernuak neurri estrukturalak hartu beharko ditu elektrizitatearen inguruan»

Loading player...
Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailea. (Iñigo URIZ / FOKU)
Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailea. (Iñigo URIZ / FOKU)

Nafarroan piztuta suteek egoera «oso gogorrak» sortu dituzte Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailearen esanetan. Orain gertaturiko eta izan diren ondorioak aztertzeko unea dela adierazi du eta Nafarroako gobernuaren kudeaketa baloratzeko itxoin egin behar dela, «uste dut ez dela momentua».

Pasa den apirilean sartu zen indarrean Aldaketa klimatikoaren legea Nafarroan. Herrialdea astindu duten suteetan aldaketa klimatikoak eragin zuzena izan duela diote ahots ezberdinek. Orain ez asko uholde handiak izan ziren Nafarroan eta kasu honetan ere aldaketa klimatikoari egin zioten erreferentzia askok. Nafarroan onartu den legeak planteatzen dituen neurriak nahikoak diren edo haratago joan behar den galdetuta, Barkosek defendatu du legea «oso aurrerakoia» dela, «agian neurriak areagotu» egin behar direla baina une honetan garrantzitsuena legea martxan jartzea dela. Ohartarazi du gainera estatu espainiarrak hainbat neurriren aurka egin lezakeela, «ikusiko dugu lehia horretan gai den Nafarroako gobernua legea mantentzeko».

Inflazioaren igoera denen ahotan dela, Barkosek aitortu du «gizarte osoa» dagoela kezkatuta prezioen igoerarekin eta egoerari aurre egitea ezinbestekotzat jo du. Zentzu honetan, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak argindarraren BEZa %10etik %5era murriztuko duela iragarri ostean, «neurri estrukturalak» aldarrikatu ditu Barkosek. Gogoratu du duela urte bete argindarraren BEZa %10 murriztu zuela gobernuak baina neurriak ez zuela «eraginik izan jendearen poltsikoetan». «Keinuak egiten dira, partidistak, baina ez dute inolako eraginik benetako arazoan», ohartarazi du Barkosek eta gaineratu «elektrizitatearen inguruan neurri estrukturalak hartu beharko ditu gobernuak».

Hezkuntza arloan 0-3 zikloko langileek aurrera daramaten borrokaldiaren aurrean elkarrizketa aldarrikatu du, «ez da elkarrizketarako mahai bat bideratu eta Geroa Baitik beti aldarrikatu dugu elkarrizketatik etorriko dela konponbidea».

Etxebizitzaren eta kamioien bidesarien legeak direla eta gobernukideen artean izan diren errezeloak «konpondu» direla baieztatu du Barkosek, «gauzak gaizki egiten direnean gure ustez salatu egin behar dira, hala egin genuen eta azkenean atzera egin zuen PSNk». Berretsi du ez zela «bidezkoa» izan PSNk «beste proiektu bat jartzea mahai gainean gauzak baldintzatzeko».