Zuzenean

Naiz Irratia

«Klima aldaketarena erlojuaren aurkako borroka da, pausuak azkartu egin behar ditugu»

Eremu urbanoan fokoa jarrita, 8 egitasmo zehatzez osatutako 'Eraginez Piztu' proiektua aurkeztu du Debagoiena 2030 komunitateak. Trantsizio energetikoan eragitea dute helburu, eta, herritarren, eragile ezberdinen eta instituzioen inplikazioa sustatu nahi dituzte. Gurean izan dira azalpenak ematen. 

Audio_placeholder

«Klima aldaketarena erlojuaren aurkako borroka da, pausuak azkartu egin behar ditugu»

Loading player...
Pasa den astean egin zuten 'Eraginez Piztu' dinamikaren aurkezpena, Bergaran
Pasa den astean egin zuten 'Eraginez Piztu' dinamikaren aurkezpena, Bergaran (Jaizki FONTANEDA - FOKU)

Gizarteak hainbat erronka mardul ditu eskuartean eta horietako bat da klima aldaketa. Hausnarketa hori egin dute Debagoiena 2030 komunitateko kideek, eta hortik abiatuta heldu nahi izan diote erronkari 'Eraginez Piztu', trantsizio energetikoan eragiteko helburuz aurkeztu duten proiektuarekin. Zortzi egitasmo zehatz barnebiltzen ditu proiektuak, eta guztiei aterkia jartzera dator 'Eraginez Piztu'. 

Aritz Ameztegi eta Jone Espillak azaldu digute herritarrak baduela «informazio falta» gaiarekiko; horrek eremu honetan urratsak emateko «oztopoa» suposatzen duela diote. Horregatik jarri dute arreta eremu urbanoan: «Debagoienan kontsumitzen den energiaren %50 mugikortasunari dagokio, beste %30 industriari, eta gainerako %20a etxeko kontsumoari. Gutxiengo horretan jarri nahi izan dugu fokoa, hemen bildutako esperientziak beste eremuetan eragiteko aukerak emango dizkigula aurreikusita». 

Ez dira hutsetik abiatzen; eskualdeak baditu martxan trantsizio energetikoan eragiteko helburuz martxan jarri diren proiektu batzuk, Leintz Bailarako Ekiola kooperatibaren parke-fotovoltaikoa kasu. Hauek zein hutsetik abiatu diren beste proiektu batzuekin osatu dute 'Eraginez Piztu'. 

Aliantzen beharra

Herritarrak, elkarteak, eragile sozialak, instituzioak... guztien elkarlanak egin du posible proiektu honen aurkezpena. Lehen bistara elkarlotzen zailak diruditen aliantzak dira bideratu dituztenak; aliantza «zailak» direla aitortu dute, baina «emankorrak» ere bai: «Udalekin harreman estua dugu, erronda ezberdinak egin ditugu, eta ulertu behar dena bakoitzak errealitate ezberdina duela, lehentasunak ere ezberdinak dira... kosta egin da, baina guztian bezala, hemen ere zenbat eta eragile gehiagok ekarpenak egin, proiektuak aberastu egiten dira».  

Trantsizio energetikoarena «erlojuaren aurkako borroka da» esan digutenez, «juxtuan gabiltza denborari dagokionez, eta pausuak azkartu egin behar dira». Proiektu honek «inpaktu handiagoa» ekartzea espero dute.