Zuzenean

NAIZ Irratia

«Eskuin muturra 8 eserlekutik 89ra pasa da Frantziako Asanblean»

Estatu frantziarreko hauteskunde legegileen bigarren itzulian eskuin muturraren emaitzak nabarmendu ditu Eguzki Urteaga soziologoak, «eskubiak eta macronistek suarekin jolastu dute» eta ondorioz «eskuin muturra maila historiko oso altuan dago». Bozen galtzaile nagusia Macron dela uste du.

Audio_placeholder

«Eskuin muturra 8 eserlekutik 89ra pasa da Frantziako Asanblean»

Loading player...
Le Pen bart gaueko hitz hartzean
Le Pen bart gaueko hitz hartzean (CHRISTOPHE ARCHAMBAULT | AFP)

Estatu frantziarreko hauteskunde legegileen bigarren itzuliko emaitzak aztertu ditugu Eguzki Urteaga soziologokoarkein. Euskal Herriko emaitzei so, Urteagak  nabarmendu du argi gelditu dela ezkerrak nekez lor ditzakeela diputatuak abertzaleen botorik gabe. 4. hautesbarrutian izandako emaitzak nabarmendu ditu. Bertan NUPESeko hautagai Iñaki Echanizek, 89 boto eskas atera dizkio Anick Trounday macronistari eta Urteagak uste du abertzaleen botoak erabakigarriak izan direla. Izan ere, botorik agindu ez bazuen ere EH Baik, gertutasun handiagoa erakutsi du Echanizekiko honek euskal agendarekiko atxikimendu handiagoa erakutsi duelako.

5. eta 6. hautesbarrutietan ezustekorik ez eta Vicent Bru eta Florence Lasarre hautagai macronistak aise gailendu dira. Eta kasu honetan ere abertzaleen erabakigarritasuna frogatu dela dio soziologoak, Tom Dubois eta Sandra Pereira hautagai ezkertiarrek nahiko jarrera jakobinoa erakutsi dutelako eta horrek eragin duelako boto abertzalerik ez erakartzea ezkerrera.

IEHko agendari dagokionez, Urteagak gogorarazi du bai Laserre baita Bru ere Molac legearen alde agertu zirela eta Bruk parte hartze nahiko aktiboa izan zuela bake prozesuan. Zatiketa handia izango duen legealdi berrian, Urteagak uste du aukera ezberdinak sortuko direla baina errealistak izateko deia ere egin du, hiru parlamentari hautatzen direlako IEHn, eta guztira 577 dituelako Asanblea Nazionalak.

Frantziar Estatu osora begirada zabalduz, NUPES ezkerreko frontea 142 eserlekurekin gelditu da, hainbat inkestek iragarritakoa baino dezente gutxiago. Baina badu zentzua horrek Urteagaren esanetan, ezkerrak ez zuelako aukera handiegirik bere boto-emaile kopurua handitzeko. Jean Luc Melenchonek dena den, garaipentzat jo ditu bere emaitzak, Macronen gehiengo absolutua ekidin dutelako. Urteagaren arabera, ezkerrak irabazi baino, Macronek galdu ditu hauteskudeak nabarmenduz herritarrek bere harropuzkeria zigortu dutela. Asanblearen osaketa berrian, badirudi eskuineko alderdiei begira jarriko direla Ensembletik, baina hor ere babesik ez dutela ziurtatuta ohartarazi du soziologoak.

Ultraeskuina 8 eserlekutik, 89ra

Hauteskunde hauetako «titularra» eskuin muturrak lortutako emaitza da Urteagaren iritziz, «duela 5 urte 8 eserleku zituen eta 89ra pasa da». NUPESeko alderdiek talde parlamentarioak modu bananduan osatzen badituzte gainera, «oposizioko lehen alderdia izango da eskuin muturra eta hori elementu historikoa da». Urteagak fenomeno honen azalpena ere eskaini digu: NUPES ezkertiarra eta Resemblement National ultraeskuindarra aurrez aurre izan diren barruti askotan eskuin tradizionalaren jarraizaileek muturrekoari eman diote botoa, macronistek abstentziora jo duten bitartean.

Jaurlaritza Logoa