Zuzenean

NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Eneko Goia
Donostiako alkatea

«Donostia ez da turismoari begira eraikitako hiri bat»

Uda jendetsua iragarriz, turismoaz, etxebizitzaz eta hiri ereduaz mintzo da Eneko Goia Donostiako alkatea. Hirian eraikitzen ari diren azpiegituren aldeko apustua berretsi du gogoraraziz, hauek ez direla egiten «inor izorratzeko», baizik eta «hiria hobetzeko».

Audio_placeholder

«Donostia ez da turismoari begira eraikitako hiri bat»

Loading player...
Eneko Goia Donostiako alkatea Naiz Gunean.
Eneko Goia Donostiako alkatea Naiz Gunean. (NAIZ Irratia)

Aski da Euskal Herriko edozein herritara joatea egunotan turista andana heltzen ari dela ikusteko eta agerikoagoa da hori kostaldean. Eneko Goia Donostiako alkatearen arabera «alde batetik bestera mugitzeko asmoarekin dago jendea, eta hori Donostiak ere sufrituko du». Aurtengoa izango da, bi urteko pandemiaren ostean, normaltasunez igaroko den lehen udara, eta sor daitezkeen arazoez jakitun «hori ahalik eta egokien kudeatzea» dagokiela azaldu du Goiak.

Turismoarena ez da fenomeno berria Gipuzkoako hiriburuan, hiriari lotuta izan baita luzaz. Baina bada gaur egun gehiegizkoa dela pentsatzen duenik ere, jasangarria ez dela. «Ez nator bat» dio Goiak, «Donostia ez da turismoari begira eraikitako hiri bat. Erakargarria? bai. Baina hiriak egiten dituen apustuak sendoak dira» gaineratu du. Turismoan oinarritutako hiri bat izatetik urrun, zientziari eta kulturari lotuagoa dela uste du Donostiako alkateak, «nik ikusten dudan Donostiaren eredua da, 5000 ikertzaileetatik gora duen hiriarena . Beteta dagoen parke teknologiko bat duen hiriarena. Hemendik banoa Otis Zardoiak Donostian duen planta berria irekitzera; eta bertan ekoizten den %80a esportatzen da».

Eta zientzia eta kulturaren aldeko apustu hori, «ez da kanpotik norbait gozatzera etortzeko egiten den zerbait» Goiak dionez, «gu aberasteko» baizik.

Larunbat honetan manifestazioa deitua dago Donostian, ezartzen ari den hiru ereduaren aurka, 46 eragileren bultzadaz.

Hotelez

Turismoa neurri gabe ugaritzen ari dela pentsatzen duten askok, Donostian azken urteotan ireki diren hotelengan jarri dute fokua. Hauekiko «hausnarketa» bere egin eta jasotako kexak «barneratuta» dituztela ziurtatu du Goiak. Are gehiago, etxebizitzen eraikuntzara bideratutako lursailetan dagoeneko neurriak hartu dituztela ekarri du gogora, «kasu horietan guk ez dugu plan berezirik onartzen erabilera aldatzeko. Ez da ematen gaur egun lizentziarik hotelik irekitzeko lursail horietan».

Bestelakoa da ordea, erabilera tertziarioko lursailen kasua. «Horietan momentuz posible da» alkateak gogora ekarri duenez. Halako kalifikazioa zuen Bellas Artes eraikina, Hilton kateko luxuzko hotel bihurtuko dutena. Kultur arloko hainbat eragilek hiritar guztien ondarea galdu dela salatu dute; zinema bat zela jatorrian, eta zinemen gainbehera agerikoa dela erantzun du Goiak, «zinemak itxi egin dituzte jenderik ez doalako». Pragmatismora jo du alkateak, «aukeratu behar izaten da agian ez onena baizik eta posible dena».

Etxebizitzaren arazoa 

Hotelak eta bereziki etxebizitza turistikoak etxebizitzen garestitzearekin lotzen dituzte askok; «Arazo bat dagoela? zalantzarik gabe, baina nik uste dut arazoaren arrazoia aztertzerakoan asmatzen saiatu behar dugula, topikoetan erori gabe» esan du Donostiako alkateak. Zentzu horretan etxebizitza promozio bakoitzeko «erdia» BOEk izaten ahalegintzen direla nabarmendu du Goiak, eta alokairuaren prezioa mugatzeaz hauxe dio: «eztabaida hori ongi dago, baina jendeak jakin behar du erabaki hori udal batek ezin duela hartu. Estatuan kokatzen da eskuduntza».

Baina etxebizitzez harago, Donostiako zentroak Gruyère gazta baten antza hartu du azken hilabeteetan, metroko lanen edota Kontxa inguruan trafikoa berrantolatzeko lanen ondorioz. Eragozpenez jakitun, alkateak nabarmendu du hauek ez direla egiten «inor izorratzeko», baizik eta «hiria hobetzeko». 2024. urterako metroko lanak amaitutzat joko direla aurreratu du Naiz Irratian.