Zuzenean

NAIZ Irratia

«Gobernuak ez du hitzarmena bete emandako lehen pausu araugilean»

Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategi Informazioaren Harian. Egoera politikoaz, Hezkuntza Lege berriaren inguruko lehen desadostasunak edo zerbitzu publikoen egoera izan ditu hizpide. Azken honi lotuta, Sagardui sailburuaren adierazpenen atzean, «eraispen planifikatu bat» dagoela kritikatu du.

Audio_placeholder

«Gobernuak ez du hitzarmena bete emandako lehen pausu araugilean»

Loading player...
Miren Gorrotxategi Esuko Legebiltzarreko saio batean.
Miren Gorrotxategi Esuko Legebiltzarreko saio batean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gasteizko Parlamentuko lau alderdi nagusien batasunak ekarritako baikortasunetik, lehen desadostasunek utzitako zalantzetara. Pasa den astelehenean bildu zen EAEko Hezkuntza Lege berriaren jarraipen batzordea, EAJ-k, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek hitzarmenean sinatutako edukiak legez nola gauzatu aztertzeko. Eta esan behar, nolabaiteko pitzadurak sortu direla lehen saiotik. Hala ere, «hitzarmenean desadostasunik ez» dagoela, «arazoa» hitzarmena gauzatzerakoan heldu dela adierazi du Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean, «planifikazio dekretuaren zirriborroak kontra egiten dio zuzen zuzenean adostutako hitzarmenari. Gobernuak ez du hitzarmena bete emandako lehen pausu araugilean».

Gobernutik lasaitasunerako deia egin dieten arren, lehen zirriborroak aurreikusitakoaren aurka egiten duela ziurtatu eta zergatia azaldu du Gorrotxategik: «akordioak dio sistemak bermatuko beharko duela plaza publiko nahikoa dagoela toki guztietan. Zirriborroak dio aldiz, bermatuko direla diru publikoarekin sostengatutako plaza guztiak. Hori ez da akordioak jasotakoa, akordioak azpimarratzen du nahikoa plaza publiko egon behar duela ikastetxe publikoetan eta ez itunpekoetan zirriborroak planteatzen duen bezala».

Alderdi morean hitz egiteko prest izango dira uneoro Gorrotxategiren arabera, haien nahia akordioa «indar guztiarekin bizirik» egotea delako, baina iragarri du baita ere lan egingo dutela jatorrizko «hitzarmena errespetarazteko». Eta hezkuntza arloan bezala, beste batzuetan ere elkarlanerako eskua luzatuta dute Elkarrekin Podemosen, hori bai zerbitzu publikoak sendotzeko helburuz.

«Eraispen planifikatua»

Eta zerbitzu publikoen defentsa horretatik abiatuta, ezin aipatu gabe utzi, Gotzone Sagardui EAEko Osasun sailburuak lehen arretan etorkizunean izango diren aldaketez esandakoak. «Sagarduik nolabait esan duena da, onartu egin behar ditugula, aldaketa kulturalaren eufemismoa erabiliz». Iragarpen horrek eragindako polemikaz jakitun, Sagardui ahalegindu da hainbatetan zehazten balizko aldaketa horiek epe luzekoak izango direla, eta horrek agerian uzten du, Elkarrekin Podemoseko bozeramailearen esanetan, «osasun sistema publikoaren eraispen planifikatu bat saltzen ari zaigula». Testuinguru honetan, lehen arretaren egoeraren eztabaida agenda politikoaren erdigunean jarri eta kalitatezko zerbitzuak bermatuz sendotzera deitu du.

 

Jaurlaritza Logoa