Zuzenean

«Ez dugu erantzun argirik. Onartezina da. Horregatik okupatu dugu eskola»

Irisarriko eskola publikoan euskarazko murgiltzea lehen hezkuntzan ezartzeko eskaera burutu dute. Estatu frantseseko Hezkuntza Nazionalaren erantzunik jaso ez dutenez, guraso eta haurrek «sinbolikoki» okupatu dute hezkuntza zentroa.

Audio_placeholder

«Ez dugu erantzun argirik. Onartezina da. Horregatik okupatu dugu eskola»

Loading player...
Protesta Irisarriko ikastetxe atarian gaur goizean.
Protesta Irisarriko ikastetxe atarian gaur goizean. (Biga Bai)

«Eskolan ere euskaraz nahi dugu hitz eta jolas» dioen afixarekin Irisarriko eskola publikoa hartu dute guraso eta haurrek. Kexu dira Hezkuntza Nazionalaren erantzun faltaz. Izan ere, herriko hezkuntza komunitateak murgiltze eredua eskatu du, lehen hezkuntzan euskararen irakaskuntza bermatzeko. Ama eskola bukatzean, «sistema elebidunera pasatzen dira. Murgiltzetik duten euskara maila atxikitzeko, hiru egunez klaseak euskaraz ukan ditzaten nahi dugu eta bat frantsesez».

Gobernu frantsesak abenduan legeztatu zuen hezkuntza publiko eta pribatuan murgiltze eredua, baldin eta guraso elkarte, irakasle, zuzendari edo herriko hautetsiek hezkuntza eredua onartu. Irisarrin, irailean aurkeztu zuten proiektua irakasleek, eragile guztien adostasunarekin. «Proiektua prest da, proiektu pedagogikoa hor dago, gurasoak ados dira eta Herriko Etxea ados dago. Murgiltze eredu hori gure eskubidea da. Beraz, ez dugu oztoporik ikusten abian ezartzeko»

Hala ere, arazoa administrazioaren erantzun falta da. Proiektua aurkeztua egon arren, erantzun zalantzatiak jaso dituztela zehaztu dute gurasoek. «Ez dugu erantzun argirik Akademiatik. Onartezina da». Erantzun gabezia salatuz, eskola okupatu dute, heldu den ikasturtean murgiltze eredua ezarri dadin. Gurasoek mobilizatzen jarraitzea aurreikusten dute.

Jaurlaritza Logoa