Zuzenean

Ion Garate
Elkarrizketa
Iñaki Insausti
T3T mendi lasterketako antolatzaile taldeko kidea

«Norabide aldaketarekin, bukaeran, indarrak eta trebetasunak garrantzi gehiago izango dute»

Igande honetan Tolosaldeko Hiru Tontorrak mendi lasterketa lehiatuko da. Aurtengoa, gainera, berritasunekin dator, ibilbidea atzekoz aurrera jarri baitute. Iñaki Insausti antolatzaile taldeko kideak NAIZ Irratian adierazi du aldaketaren funtsa lasterketari beste buelta bat ematea izan dela

Audio_placeholder

«Norabide aldaketarekin, bukaeran, indarrak eta trebetasunak garrantzi gehiago izango dute»

Loading player...
Iñaki Insausti, eskuinean, erdian Robert Pkemboi eta Matthew Kiptanui keniarrak dituela.
Iñaki Insausti, eskuinean, erdian Robert Pkemboi eta Matthew Kiptanui keniarrak dituela. (NAIZ)

Zegama-Aizkorri mendi maratoiak duela pare bat aste sortu zuen giroaren ostean, Tolosaldean antzerako grina espero da igande honetan. Tolosaldeko Hiru Tontorrak (T3T) lehiatuko da –Erroizpe, Uzturre eta Ernio tontorrak igoko dituzte–, baita T2T ere, eta antolatzaileak eguna iristeko gogotsu daude, baita «urduri» ere, «gauza guztiak lotu behar baitira denak ondo funtziona dezan», Iñaki Insausti antolatzaile taldeko kideak NAIZ Irratian emandako elkarrizketan zehaztu legez. Modu honetan, antolakuntza taldetik lasterketa ondo atera dadin lanean ibiltzen diren 200 bolondresei «eskerrak» nahi izan dizkie: «Izan ditzakezu munduko diru guztia eta baliabide handienak baina pertsonak ez badaude lan taldeetan, alper alperrik da».

Pasa den urtean egin ahal izan zen lasterketa, neurri murriztaileekin. Aurtengoak badirudi normaltasun itxura gehiago izango duela, ezta?

Bai eta gainera, ausartuko nintzateke esatera erabatekoa izango dela. Araudiak begiratzen egon ginen aurreko urtean eta egun ez daude goitik datozen neurririk. Beti ezagutu izan ditugun mendi lasterketa horietako batez gozatzeko aukera izango dugu.

Aurtengo edizioa berrikuntzekin dator, norabidea aldatu diezue. T3T-an Ernion zen lehen igoera, aurtengoan azkena izango da. T2Tan, aldiz, lehendabizi Erroizpe igo beharko dute.

Bai, 7 urte eta gero pentsatu genuen gure lasterketak merezi zuela aldaketaren bat. AEBtan ez daude errotuta mendi lasterketak baina badaude zenbait lasterketa famatu hori egiten dutela, bi urtez behin norabide aldaketa bat. Eta esan genuen, zergatik ez gurean aurten norabidea aldatzea? Ea zer gertatzen den. Jendearen ahoz ahokoa ezagututa, oso feedback positiboa jaso dugu. Lasterketa leku berean da, ordua ere berdina baina ibilbidea da ezberdina. Hasiera puntu bat izan daiteke.

«Beti ezagutu izan ditugun mendi lasterketa horietako batez gozatzeko aukera izango dugu»

Aldaketa hau aldatzeagatik egin duzue edo badauka beste arrazoiren bat?

Gogortasuna eta horrelako hitzak gure artean ez zen aipatzen, gero ikusi dugu gogorragoa izango dela amaiera. Gehiago izan da lasterkariak jokoz kanpo harrapatzeko, beste buelta bat eman lasterketari eta Zelatun ere bada puntu garrantzitsua asteburuetan, eta beste giro bat bilatzeko asmoz, beste bizipen batzuk. Lasterketa erabat aldatzen da, ze mendiagoa da Ernio Erroizpe baino eta bukaeran, indarrak eta trebetasunak garrantzi gehiago izango dute.

Izen handiko korrikalariak espero al dira?

Bai, jada bolo dabil keniarrak datozela, Robert Pkemboi eta Matthew Kiptanui. Skyrunner Kenia proiektuko partaide dira, Zegama Aizkorrin bosgarren eta bederatzigarren amaitu zuten, asfaltoko korrikalari bikainak dira eta beraien bizitzako apostua egin dute azkenengo urtean mendi lasterketetan buru belarri aritzeko. Guztien gainetik hauek leudeke gizonezkoetan. Gero, emakumezkoetan, urte askotan etorri bezala, Aitziber Ibarbia zizurkildarra eta Maddi Mujika elgoibartarra izango lirateke T3T maratoian izen esanguratsuenak.

Pentsatzen dut ariko zaretela eguraldi iragarpenari begira. Ez dago aparteko berorik iragarrita ezta euriterik ere.

Muturreko berorik ez dago iragarrita, ekaitzik ere ez. Baina une batzuetan badirudi ekaitz elektrikoa izan daitekeela eta horrek gehiago arduratzen gaitu. Baina hain dago aldakor, egunero eta orduro begira gabiltzala. Iazko berorik ez den bitartean, uste dut denok gustora egongo garela.

Pasa den urtean lasterketa streaming bidez ikusteko aukera izan zen. Aurten egongo al da aukerarik?

Ez, aurten ez. Gure artean aritu ginen baloratzen eta horrek antolaketa bat eskatzen du. Pertsona batzuk lau bat ordutan horretan aritzea suposatzen du eta nahiago izan genuen indarrak beste puntu batzuetan jarri. Berritasun modura, aurten sare sozialetan bai joango gara argitaratzen maiztasun handiagoarekin. Aurtengoan badago lantalde txiki bat helmugan bertan eta ahalik eta gehien eguneratzen joango da.

«Beti esaten digute, eta agian hau da gure buruari loreak botatzea, igartzen dela antolakuntzan gabiltzanok korrikalariak garela. Badirudi formularekin asmatzen dugula»

Aurtengo ediziotik harago, nola baloratzen duzue lasterketa izaten ari den bilakaera?

Prentsaurrekoan adierazi genuen bezala, 2005. urtean abiatu ginen nahigabean, guretzat entrenatzeko ibiltzen genuen ibilbide batean eta bat-batean handik urte batzuetara Euskadiko txapelketa antolatu genuen. Egun, Keniako lasterkariekin hitz egiten ari gara, Euskal Herrian punta-puntan dabiltzan asko ere etorriko dira eta korrikalariek diote gustora daudela. Beti esaten digute, eta agian hau da gure buruari loreak botatzea, igartzen dela antolakuntzan gabiltzanok korrikalariak garela. Badirudi formularekin asmatzen dugula eta denon elkarlana atsegina izan daitekeela. Hori izan daiteke urte hauetako pizgarri edo funts nagusia.

Korrikalariek beraiek badiote, zerbaitengatik izango da.

Bai, ekarri ditzakezu korrikalari onak, baina 800 dortsaletatik 750 izango dira benetan urtero-urtero etorriko direnak eta horiek ondo zaindu behar dituzu. Horiek gustora baldin badaude, gu ere bai. Haiek esango dute Tolosan badagoela lasterketa bat, halakoa eta bestelakoa dena eta abar kontu, eta ahoz ahoko hori da propagandarik onena.

Jaurlaritza Logoa