Zuzenean
Lau urtetan zehar egindako lanekin ez dauka zerikusi handirik proiektu honek, gizarte arloarekin zerikusi handiagoa baitu: «gizarte arloarekin gertutasuna betidanik eduki dut, baina ez nekien gehiegi gai honen inguruan eta lagun batengana jo nuen, Uxue Flamarikerengana, eta horrela sortu zen errefuxiatuen kanpamenduko ideia» azaldu digu Zabaletak.
Errefuxiatuen egoera zaila da oro har, baina emakume errefuxiatuena are okerragoa da, kanpamenduetan ez dago segurtasunik eta eraso matxistak oso ohikoak izaten dira. Komunera joatea oso arriskutsua da beraientzat. Hau kontuan hartu eta egoera honentzat konponbide bat proposatu du. Ikerketa sakon bat egin ondoren moduluka banatutako espazioa sortu du: komuna, aldagela, dutxak, egongela eta eskailera moduluak sortu ditu. Edozein kanpamenduren espazio eta beharretara moldatzeko aukera ematen dute moduluek.
Lesbosen egoteko aukera izan zuen, Flamarikerekin batera, Zaporeak elkartearekin. Errefuxiatuen kanpamenduaren errealitatea gertutik ezagutu eta proiektua guztiz osatu nahi izan zuten. Bertako errealitatea «oso gogorra da» oro har, neurri ugari eta baldintza oso txarrak dituzte, «pertsona hauek ez daude kartzelan; askatasuna eduki beharko lukete, eta ez daukate» kontatu digu.
Hala ere, emakumeen egoera larriagoa da bertan. Beraien testigantzak jaso nahi izan zituzten baina «gehiago kostatzen zen beraiekin harremantzea, distantzia gehiago hartzen zuten», azaldu digu Zabaletak. Baina testigantzak bildu eta proiektuari sakontasun handiagoa eman diote.
Proiektua osatu eta unibertsitateak iradokita, Conscious Design Award sariketara aurkeztu zuten, Social Impact arloan lehen postua irabazi du. Honek indarra eman dio aurrera jarraitzeko eta proiektuarekin jarraitzeko asmoa duela kontatu digu: «Hori izan da hasieratik asmoa, irakasleek bideragarri ikusten dute eta horregatik joan ginen Lesbosera».
Proiektuaren nondik norako guztiak kontatu dizkigu gaur Bigarren Kafean Naroa Zabaleta Etxeberriak.