Zuzenean

Amaia Zurutuza

«Elikadura Jokaera Nahasteak ditugunak ahaztuta gauzka Osakidetzak»

Anorexia tratatzeko zein baliabide ditu Osakidetzak? Zerbitzua ez da nahikoa gaixotasun hau duen Aitziber Samaniegorentzat; ACABE elkarteko Mari Jose Arrutiren ustez, «profesionalak falta dira». Horren isla, Jose Nievasen alaba Albaceten dagoela ingresatuta hemen ez dagoelako unitate bereziturik.

Audio_placeholder

«Elikadura Jokaera Nahasteak ditugunak ahaztuta gauzka Osakidetzak»

Loading player...
Pisua, ispilua eta buruaren arteko leiha
Pisua, ispilua eta buruaren arteko leiha (Zinkevych | Getty Images)

Elikadura Jokaera Nahasteen inguruko kontsultak izugarri handitu dira Osakidetzan. Pandemia lehertu zenetik anorexia nahiz bulimia bezalako gaixotasunen inguruko kontsultek %72 egin dute gora.

Osakidetzak martxoan emandako datuen arabera, Elikadura Jokaera Nahasteei lotuta osasun sistema publikoan egindako lehen kontsultak %62 handitu ziren iaz 2020ko datuekin alderatuta eta igoera %72koa da 2019arekin alderatuz gero. 2018an ia 6000 kontsulta izan ziren, iaz, berriz, ia 8.800.

Osasun Mentaleko Sailean jasotzen dute arreta gaixotasun hau duten pertsonek. Osakidetzak ez du Elikadura Jokaera Nahasteei zuzenduriko unitate bereziturik eta Psikiatria Sailean ingresatzen dituzte horretarako beharra duten pertsonak.

Aitziber Samaniego
Aitziber Samaniego

Anorexia, «kartzela» eta «infernua»

Aitziber Samaniego gasteiztarrak bere esperientzi pertsonalean oinarrituta, Elikadura Jokaera Nahasteak ikustarazteko helburua du, baita gaixotasun hauei aurre egiteko arreta hobea lortzeko helburua ere.

NAIZ Irratian azaldu du duela lau urte diagnostikatu ziotela nerbio anorexia baina zehaztu du «haurtzaroko egunerokoa aztertuz» konturatu zela txikitatik zetorkiola, «zortzi urte nituela esan nuen jateari utzi behar niola». Hala, «31 urte daramatzat nire kartzela partikularrean», dio.

Gaixotasun latza da anorexia. «Infernuan bizitzea da, anorexiak irribarre egiteko gogoa kentzen dizu, lagunekin egoteko edo seme-alabez gozatzeko gogoa. Gurpil zoro batean sartzen zaitu, janaria, kaloriak eta ariketa fisikoa dira zure lehentasunak. Infernu bat da, hotz egiten du eta zure beldurrak harrapatzen zaitu». Samaniegok uste du oso zabalduta dagoen gaixotasuna dela, Osakidetzaren datuek hala erakusten dutela dio, «gero eta lehenago» ageri dela eta gero eta heldu gehiagok pairatzen dutela gaixotasun hau.

«Osakidetzak ahaztuta gauzka»

Bere burua «oso gaizki» ikusi zuenean medikuarengana joan zen Samaniego. «Ezin nuen ezer jan errudun sentitu gabe, ez banintzen bizikletan bi orduz ibiltzen izugarrizko antsietatea sentitzen nuen, hitz batean esanda, ezin nuen bizi». Medikuak Osasun Mentaleko Sailera bideratu zuen gasteiztarra. Diagnostikoa egin eta Osakidetzak gaixo hauentzat martxan duen jantoki terapeutikora bidali zutela kontatu du, «bertara bazkaltzera joaten nintzen, gela batean bakarrik egoten nintzen janariz betetako bandeja batekin, ordu erdiz». Gaztearen osasun egoerak, ordea, okerrera egin zuen. Ondorioz, psikiatrian ingresatu zuten «helburu bakar» batekin, «pisua hartzea». Baina ez zuen terapiarik jaso eta ondorioz bere «ideia bakarra» medikuek ezarritako pisua hartzea zen, «berriro etxera joan eta ez jateko». Gaixotasun honen konplexutasuna eta zailtasuna nabarmentzen du gasteiztarraren testigantzak. Eta gaixoek arreta zabala behar dutela gaineratu du: «Terapiarik gabe ezinezkoa da funtzionatzeko modua aldatzea».

«Osasungintzan diru gehien gastatzen duen erkidegoetako bat da baina kontua da ez duela unitate espezializaturik»

Osakidetzan bizi izan zuenarekin argi dio, «nire ustez Osakidetzak ahaztuta gauzka, erabat, ez du laguntzarik ematen edo ematen duena ez da nahikoa». EAEko osasun sistema publikoa goraipatu ohi dute agintariek eta Samaniegok ere gogoratu du «osasungintzan diru gehien gastatzen duen erkidegoetako bat» dela baina bere esanetan gakoa da «ez duela unitate espezializaturik», beste erkidego batzuek baduten bitartean. «Premiazkoa da», dio, «unitate espezializaturik gabe galduta gaude». Ospitalizazio guneak eta ospitaleratzea behar ez den kasuetan egunerokoan gaixotasuna tratatzeko «eguneko zentroak» antolatuko dituen unitate bat eskatzen du, eta horrekin batera «profesional espezializatuak».

Hori da osasun sistema publikoaz «bere esperientzian» oinarrituta egiten duen irakurketa. ACABE Anorexiaren eta Bulimiaren aurkako elkartearentzat, berriz, esker hitzak ditu Samaniegok; «elkarteak eta Edgar psikologoak bizitza salbatu zidaten». Baina elkarte honen baliabideak mugatuak direla ohartarazi du eta gaineratu horregatik erabaki duela borrokatzea, «duintasunez tratatzea merezi dugulako, ez genuke klinika pribatuetara edo beste erkidego batzuetara joan behar». Irtenbidea posible dela uste du gainera, «Osakidetzak baliabideak ditu, ondo eta sortzen diren behar berrien arabera kudeatzeko besterik ez dut eskatzen dut».

«ACABE ez da Osakidetzaren ordezkoa»

Osakidetzak Elikadura Jokaera Nahastea dutenei eskaintzen dien arretaren ingurukoak ezagutzeko, hain justu, Gipuzkoako ACABE elkartera jo dugu. Mari Jose Arruti bertako psikologoak kasuen ugaritzea baieztatu du lehenik, «bai, jende gehiago dator guregana eta Osakidetzan ere laguntza eskaerak nabarmen igo dira».

«Jendea kanpora joan da laguntza eske, beste leku batzuetan erroldatu dira han zerbitzu horiek ematen dizkietelako, Valentziara nahiz Ciudad Realera joan dira, hemen ez zuten laguntza ematen zietelako han»

Azaldu du elkarte honek informazioa eskaintzen diela izan gaixotasuna dutenei, izan euren senide eta ingurukoei. Halaber, hezkuntza arloan gero eta lan handiagoa egiten dute. «Harremana dugu irakasleekin adibidez, eskoletatik laguntza eske etortzen dira kasuren bat ikusten badute zer egin dezaketen jakiteko». Nagusiki, informazioa eskaini, prebentzioa sustatu eta gaixotasunarekiko sentsibilizazioa bultzatzen du ACABE elkarteak. Gaixotasuna duenak, ordea, tratamendua behar du, noski, eta honi lotuta argi dio Arrutik, «gu ez gara Osakidetzaren ordezkoa, ezin dugu zeregin hori gure gain hartu, elkarte honek ez du hori egiteko azpiegiturarik». Hala, arazoa nabarmena denean Osakidetzara, Osasun Mentaleko Sailera edo arlo pribatura bideratzen dituzte laguntza behar duten pertsonak.

«Osasun Mentalean profesional falta dago»

Osasun Mentalean, ordea, «profesional falta» dagoela baieztatu du Arrutik. «Gero eta gutxiago daude» eta batzuetan bajak ez direla kubritzen baieztatu du. Bere esanetan, gero eta argiagoa da «gabezia», pandemiak areagotu egin du baina arazoa atzetik datorrela zehaztu du, gaineratuz, dauden profesionalak «onak» direla baina ezin diotela dagoen eskaerari erantzun, «ezin dute gehiago eskaini».

ACABE elkartearen eta Elikadura Jokaera Nahasteak dituztenen «aspaldiko eskaera» da gaixotasun hauei «baliabide gehiago» bideratzea. Ospitaleratze kasuetan «badaude oheak baina ez nahikoak», adin txikikoen kasuan «zortzi ohe daude». Samaniegok bezala eguneko zentroen beharraz ere ohartarazi du, «ingresoa behar ez dutenentzat, edo ingresoa amaitu dutenentzat, jarraipena eta terapia eskaintzeko eta familiekin ere lan egiteko, bitarteko hori falta da». Jangela berezi bat martxan du Osakidetzak baina Arrutiren esanetan «ez du oso ondo funtzionatzen beraiek baietz dioten arren». «Ez dago zerbitzu propiorik», dio.

Bitartean, Osakidetzako arduradunek ACABE elkarteak nahiz gaixotasuna dutenek eskatzen dituzten baliabideak ez direla beharrezkoak diote, «beti horrekin topatzen gara, ez direla beharrekoak esaten dute, zerbitzuak ondo daudela».

Baina gabeziak daudela erakusten du, besteak beste, behar duten laguntza jasotzeko EAEtik kanpora joan direnen egoerak. «Jendea kanpora joan da laguntza eske, beste leku batzuetan erroldatu dira han zerbitzu horiek ematen dizkietelako, Valentziara nahiz Ciudad Realera joan dira, hemen ez zuten laguntza ematen zietelako han».

Nagore, Lezotik Albacetera anorexia gainditzeko laguntza bila

Euren herrian behar duten laguntza jaso ezinean, kanpora joan behar izan dutenen artean dago Nagore Nieva Lezoko gaztea. Albaceten dago ingresatuta, gaixotasun hauek sendatzeko unitate berezi batean. Jose Nieva aitak NAIZ Irratian azaldu du lau hilabete daramatzala han eta «pixka bat bat hobeto» dagoela, «pixkanaka goaz».

«Esperantza dugu unitate berezi horretan hobetuko dela, hemen sei edo zazpi hilabetez egon ginen eta ez genuen ezer lortu»

2020. urte hasieran hasi ziren ohartzen alaba «tristeago» zegoela. Psikologo pribatu batengana joan ziren eta anorexia zuela esan zieten. «Gero eta gutxiago jaten zuen eta azkenean Donostiako ospitalean ingresatu behar izan genuen», azaldu du Nievak. Hiru hilabete pasa zituen bertan. Nabarmendu du Gipuzkoan ez dagoela Elikadura Jokaera Nahasmenak artatzeko zerbitzu espezializaturik eta dagoen zerbitzua «denbora gutxi egoteko» dela, ez «denbora luzez». Baina denbora behar izaten da, hain justu, gaixotasun honi aurre egiteko. «Pisua hartu zuen baina ez zuen tratamendurik eta atera zenean berdin zegoen edo okerrago. Ospitaletik sartu eta atera ibili zen sei hilabetez». Azkenean, Osakidetzako psikiatrak berak esan zien Nagorek «unitate berezi bat behar zuela, EAEn ez zegoela halakorik eta kanpoan bilatu behar genuela». Albaceten ingresatu zuten azkenean gaztea, Nievak baieztatu duenez Osakidetzak berak «bilatu zigun lekua».

Orain, noski, hobekuntza espero du familiak, «esperantza dugu unitate berezi horretan hobetuko dela, hemen sei edo zazpi hilabetez egon ginen eta ez genuen ezer lortu». Noski, zerbitzu berezitua hemen nahi luke familia honek, «hori da bilatzen ari garena, Osakidetzak beti berdina esaten digu, hemen daukagunarekin nahikoa dela baina jende asko gaude arazo berarekin eta hemen unitate berezi hori behar dugu gure jendea tratatzeko».

Jaurlaritza Logoa