Zuzenean

Naiz Irratia

EH Bilduren Konferentzia Munizipalista, «erronka berrien» aurrean norabide bat adosteko

Maiatzaren 27an eta 28an EH Bilduk bere lehen Konferentzia Munizipalista egingo du Iruñean. Ezker subiranistako alkate eta zinegotzien bileran norabide amankomun bat adostea dute helburu. Onintze Oleaga EH Bilduko udalgintza arduradunrekin eta Lizarra, Hernani eta Elorrioko alkateekin izan gara.

Audio_placeholder

EH Bilduren Konferentzia Munizipalista, «erronka berrien» aurrean norabide bat adosteko

Loading player...
Onintze Oleaga EH Bilduko Udalgintzako arduraduna, Nagore Alkorte Azpeitiko alkatea eta Idoia Buruaga Elorrioko alkatea, Konferentzia Munizipalistaren aurkezpenean
Onintze Oleaga EH Bilduko Udalgintzako arduraduna, Nagore Alkorte Azpeitiko alkatea eta Idoia Buruaga Elorrioko alkatea, Konferentzia Munizipalistaren aurkezpenean (EH Bildu)

Onintze Oleaga EH Bilduko udalgintza arduradunak NAIZ Irratian baieztatu du hautetsiek «elkartzeko beharra» dutela, «legegintzaldia hasi eta berehala pandemia sortu zen, elkarlanean egon garen arren urrun egon gara eta lehen beharra elkartzea da». Baina garrantzitsuena «garai ziurgabe» hauetan «norabide berdinean arraun egitea» dela zehaztu du, erronka berriei erantzuteko denen artean norabide bat adostea.

EH Bilduk bere sorreratik aldarrikatu du gauzak beste modu batera egiteko beharra eta Oleagak iritzi dio koalizioak argi frogatu duela hala ari dela, «ez dugu ustelkeria kasurik, herritarrei ateak zabaldu dizkiegu, gure egiteko modua beste egiteko modu bat da, herritarrentzat eta herriarekin gobernatzen dugu». Herritarrak politikaren erdigunean jarri behar direla defendatzen den garaiotan, EH Bildu haratago doala baieztatu du Oleagak «komunitateak ahalduntzea eta kohesionatzea» ere helburu duela azalduz. Udalgintza arduradunaren esanetan ezker soberanistarentzat oso garrantzitsua da «behetik gorako eraikuntza».

Ideia honi tiraka, Hernaniko alkate Xabier Lertxundik gaineratu du «jendearekin eta jendearentzat gobernatzea» ez dela soilik jendearekin «harremanetan egotea», herritarrak nahiz eragileak «artikulatzea eta kohesionatzea» defendatu du, erabakiak «beste modu batean hartzeko». Idoia Buruaga Elorrioko alkateak EH Bilduk «beste gobernantza eredu bat» duela berretsi du, «herritarrengandik hurbil eta herritarrekin» lan egiten dutela ziurtatuz. Lizarrako alkate Koldo Leozen hausnarketa ere bildu dugu, «Udalera iritsi ginenean argi genuen udalaren eta herritarren arteko aldea murrizteko mekanismoak jarri behar genituela». Bide horretan, «parte hartze postontzi» bat abiarazi zuten, herri batzarrak «noiznahi» egiten dituzte eta baitak bilerak ere eragile eta kolektiboekin, «protagonismoa ematen diegu», baieztatu du Leozek.

Herritarren beharrei erantzutea da udal baten eginbeharra, baina grue mikrofonoetan egon diren alkateek azpimarratu dute horretarako baliabideak behar direla. Lizarrako alkateak positiboki baloratu du EH Bilduren ekimenez «finantziazioa igotzea» eta zerbitzuak hobetzea lortu dela baina baliabide gehiago behar dituztela aldarrikatu du, kasu honetan gainera, Lizarrako herritarrei ez ezik ingurukoei ere zerbitzu ezberdinak eskeintzen dizkielako herriak.

Lertxundik azaldu du «azken urteetan udaletara gero eta eskumen gehiago» bideratu dela, baieztatu du hori positiboa dela udalak direlako herritarrengandik gertuen dauden instituzioak eta gertutik hobeto erantzuten zaielako beharrei, «baina bitartekorik ez badago ez da posible». Udalez gaindiko erakundeek bideratzen dizkieten baliabideek baldintzatuta lan egiten dutela baieztatu du, nahiz eta azken urteetan «programa berritzaileak garatuz» bitartekoak lortzen «asmatu» duten. Dauden baliabideak «ez dira nahikoak», dio irmo Buruagak eta gaineratu baliabideak egon badaudela, dirua egon badagoela, horren isla AHTra bideratzen ari diren dirutza.

Lidergoa, «herriak»

Testuinguru honetan sei gai zehatzen inguruan hausnartuko dute ostiral eta larunbat honetan Iruñeako Baluarten egingo den Konferentzia Munizipalistan: Gobernantza eredu herrigilea, trantsizio energetikoa, gobernantza feministaren eredua, etxebizitza, hezkuntza eta tokiko garapena. «Beste mila izan zitezkeen, baina lehentasunak ezarri behar dira», azaldu du EH Bilduko udalgintza arduradunak. Edonola, uste du gai hauek direla «datozen urte eta hamarkadak definituko dituzten erronkei erantzuteko» gako garrantzitsuetako batzuk. Euskal Herriak dituen eta izango dituen erronkei erantzuteko «herrien ekarpenak» garrantzitsuak eta beharrezkoak izango direla baieztatu du. Lidergoa, hori bai, «herriak» hartu behar duela defendatu du Oleagak eta udalak herritarrengandik gertuen dauden erakundeak izaki «funtsezko papera izan dezakete gobernantza konpartitu hori artikulatzeko».

Jaurlaritza Logoa