Zuzenean
«Zuzendaritza Madrilen dago eta erabakiak ez dira hartuko ez han ez Zamudion, Munichen baizik»
Aldentzen joan da pixkanaka Gamesa Euskal Herritik eta Siemens Energyk egin berri duen eskaintzarekin erabakiak Alemanian hartuko dira. Kezka eragin du horrek euskal langileen artean.
«Zuzendaritza Madrilen dago eta erabakiak ez dira hartuko ez han ez Zamudion, Munichen baizik»
«Halako kasuetan lehen hitzak lasaitzekoak izaten dira baina lehen ere ikusi genuen, Siemens eta Gamesaren arteko fusioa izan zenean halakoak esan arren 300 lanpostu galdu zirela, orain ere itxura hori du». Mikel Irastorza Siemens-Gamesaren Asteasuko langile batzordeko kideak (LAB) azaldu du NAIZ Irratian oso kezkatuta daudela langileak.
Lurreko eolikoen arloan bizi diren zailtasunen berri badute langileek ere, «lurreko eolikoak nahiko eskas doaz eta itsasokoak ondo, gure kasuan indar gehien duguna eta mekanizatzen duguna lurrekoa da eta ez doa ondo». Erabakiguneak aldentzeak arazoari irtenbide oker bat ematea eragin dezakeela uste du Irastorzak. «Une honetan egoitza Zamudion egon arren zuzendaritza Madrilen dago eta aurrerantzean ez Zamudion ez Madrilen, erabakiak Munichen hartuko dira».
Kezka azaldu du Asteasuko lantegiko langileen ordezkariak. «Uste dugu enpresa saldu edo funtsen baten eskuetan utzi asmo dutela, lehen ere egin baitituzte halakoak». Mota honetako operazioen ostean «zuzendaritza berriek diruari bakarrik begiratzen diote; haiek ez diete begiratzen langileei, errentagarritasuna nahi dute».
Lakua, «lotsagarri hasieratik»
Lakuako Gobernuak hasieratik «jarrera nahiko lotsagarria» izan duela dio Irastorzak. Gamesa diru publikoz sortu zela ekarri du gogora eta Siemens eta Gamesaren arteko fusioa «oso positiboa» zela adierazi zuela bere garaian Arantxa Tapia sailburuak. «Zer gertatu zen? Langileen galera eta bermerik ez lanpostuak hemen mantentzeko. Positiboa akziodunentzat izango zen baina langileentzat ez behintzat».
Erosketa eskaintza gauzatzen bada «orain arteko langileak mantentzea» eskatu du LABeko ordezkariak eta Lakuari «esku hartzea erabakietan eragina izateko, gutxienez»; baina, «ez dugu esperantza handirik».