Zuzenean

«Abortuak doakoa, publikoa eta unibertsala izan behar du»

2005. urtean hasi zuen bere bidea Nafarroako Abortuaren Batzordeak. «Aurrerapausoak» izan dira ordutik, baina feministen aldarrikapen historikoa oraindik ez da bete eta «aurrera joan beharrean atzera joan gaitezkeela» ere ohartarazi du Amaia Santesteban komisioko kideak.

Audio_placeholder

«Abortuak doakoa, publikoa eta unibertsala izan behar du»

Loading player...
Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazio batera joateko deia, Iruñeako Virgen del Camino Ospitaleko fatxadan, 2014. urtean.
Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazio batera joateko deia, Iruñeako Virgen del Camino Ospitaleko fatxadan, 2014. urtean. (Iñigo Uriz | Argazki Press)

Estatu espainiarreko 1985. urteko Abortuaren Legeak 20 urte bete zituenean sortu zuten Nafarroan Abortuaren Batzordea. Bertako kide Amaia Santestebanek NAIZ Irratian azaldu du mugimendu feministak lege berri baten aldeko mobilizazioa abiaraztea erabaki zuela «gaiari heltzeko» unea zela iritzita. Estatu mailan ekin zitzaion lanketari, baita Hego Euskal Herrian ere. Garai hartan «PSOE lege aldaketa bat planteatzen ari zen eta momentu erabakiorra zen kalera atzerako». Eta hala egin zuen mugimendu feministak, 2008an Iruñean eta 2009an Bilbon, bi manifestazio nazional egin ziren abortatzeko eskubidea bermatuko zuen lege baten alde.

2010. urtean onartu zuten azkenik aldaketa batzuekin bada ere gaur egun indarrean jarraitzen duen legea. «Garrantzitsua» izan zen legea Santestebanen esanetan. «Paradigma aldaketa bat ematen da, abortua zigor kodetik atera eta eskubide izatera pasatzen da, gure ustez oso aldaketa garrantzitsua». Edonola, Nafarroako Abortuaren Komisioko kideak zehaztu du euren «aldarrikapen historikoak» bere horretan darraiela, «kritikoak izan gara beti lege horrekin, salbuespenak dituelako, 14. astera arte posible da eta gero salbuespen batzuen arabera, beraz, guk gure aldarrikapen historikoaren jarraitzen dugu, abortatzeko eskubidea unibertsala, doakoa eta publikoa izan behar da».

Gallardon Legea

Aurrerapauso baten ostean mehatxua iritsi zen, ordea. 2012. urtean Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak «sektore ultrakontserbadoreari erantzuten zion» lege proposamen bat aurkeztu zuen abortatzeko eskubidea nabarmen murriztu nahian. Berehala aktibatu ziren feministak. «Emakume pila bat berriro antolatzen hasi ginen, momentu oso garrantzitsua izan zen, emakume gazte asko batu ginen eta heldu asko berriro mobilizatzen hasi ziren», dio Santestebanek. Lanketa sendoa egin zuen Abortuaren Komisioak, Nafarroan barna «inurri» lana egin zuten, herriz herri egoeraren inguruko informazioa zabalduz eta manifestazio «oso-oso jendetsu» bat ere egin zen Iruñean.

Fruitua eman zuen borrokak eta Gallardonek dimisioa aurkeztu zuen. «Garrantzitsua izan zen mugimendu feministak egindako lanaren ondorioz Gallardonen, PPren eta eskuinaren mehatxuak gelditzea. Ez zuten lortu gure gorputzak kontrolatzeko nahian aurrera egitea eta argi gelditu zen aurrean geundela».

Abortuen %93, sare pribatuan

2005. urtean Abortuaren Komisioa sortu zutenean argi ikusi zuten Nafarroan ez zela aborturik egiten eta beste erkidego batzuetara joaten zirela emakumeak. 2011. urtean, berriz, Antsoaingo zentro pribatura hasi ziren abortua bideratzen.

2016. urtean «beste aurrerapauso bat» lortu zen. Sexu eta Ugalketa Osasunaren Foru Dekretua onartu zuen Nafarroako gobernuak osasungintza publikoan abortatzeko eskubidea bermatuz. «Aurrera pauso oso-oso handia izan zen eta erakusten du pixkanaka eskubideak lortzen goazela». Baina Santestebanek ohartarazi du paperean jartzen duena dagoela batetik eta praktika bestetik. Izan ere, Estatu espainiarreko Osasun Ministerioko azken datuak aintzat hartuz, 2020. urtean Nafarroan 888 abortu egin ziren eta %93,9a zentro pribatuetan. Ondorioz, «lanean jarraitzen dugu», berretsi du Santestebanek.

«Eskubideak kendu ahal dizkigute»

Ameriketako Estatu Batuetan abortatzeko eskubidea bertan behera uzteko aukerak argi uzten du Abortuaren Komisioko kidearen esanetan «eskubideak lortzeko borroka egiten dugula, aurrerapausoak lortzen ditugula, baina bermatuak ditugun eskubideak kendu ahal dizkigutela». Arriskua «beti dago» hor bere esanetan, Estatu espainiarrean eskuin muturraren gorakadaren aurrean ere argi du, «eskubideak zalantzan jar daitezke, aurrera joan beharrean atzera joan gaitezke». Horregatik, «gure lanarekin jarraituko dugu orain arte bezala, abortua doakoa, publikoa eta unibertsala izatea lortu arte».

Jaurlaritza Logoa