Zuzenean

Ion Garate
Elkarrizketa
Mirari Uria
Realeko jokalaria

«Bigarren postuan bukatzea urrea irabaztea modukoa da niretzat»

Mirari Uria (Azpeitia, 2003) Realari lotuta dago aspalditik. Lehendabizi, han eta hemen txapelketak jokatzen eta, ondoren, bigarren taldea osatu zenean. 2019an egin zuen debuta gorengo mailan eta aurten bere aurreneko sasoia izan da lehen taldeko jokalari gisa.

Audio_placeholder

«Bigarren postuan bukatzea urrea irabaztea modukoa da niretzat»

Loading player...
Mirari Uria, Vila-realen aurkako partidan, Realarekin lehen gola egin zuen deman.
Mirari Uria, Vila-realen aurkako partidan, Realarekin lehen gola egin zuen deman. (Gorka RUBIO | FOKU)

Mirari Uriak egin zuen Granadillako gola; ligako bigarren postua ziurtatzeko gakoa izan zena, alegia. Irribarreak ihes egiten dio Txapeldunen Ligaz hitz egitean, grina sumatzen zaio eta «ilusio handiz» dago denboraldia Anoetan agurtuko dutelako. Bertan gehiagotan jokatu nahiko luke eta inbidia sanoz ikusi du Bartzelonak lortu dituen errekorrak.

Datorren denboraldian Europako talderik onenekin lehiatuko zarete  eta bigarren postua ziurtatuta  daukazue. Zerbait gehiago eska  daiteke?

Egia esateko, sekulako denboraldia egin dugu. Hasieran helburu batzuk jarri genituen eta guztiak lortu ditugu. Lehendabiziko helburua zen aurten Txapeldunen Ligarako sailkatzea eta, gainera, bigarren postuan bukatzea urrea irabaztearen modukoa da niretzat. Lehenak geratzea bezala, azkenean Bartzelona denon aurretik baitoa.

Denboraldi hasieratik posible ikusten al zenuten Txapeldunen Ligarako sailkatzea?

Gure helburuetako bat zen. Egia da hasieran oso urrun ikusten duzula eta hasieran geure buruari ere galdetzen genion ea lortzeko gai ote ginen. Emaitza onak pilatzen joan ahala, posibleago ikusten genuen, eta zenbat eta gutxiago falta, gero eta hurbilago ikusten hasi ginen.

Hogei partida irabazi, hiru berdinketa eta sei porrot; etxetik kanpo, 14 partidetatik soilik bi galdu… Jabetzen al zarete lortu duzuenaz?

Nik uste dut oraindik ez garela oso kontziente. Lehendabiziko itzulia izugarrizkoa izan zen, Bartzelona eta Levanteren aurka soilik galdu genuen. Hasieran hain urrun ikusten zenuen hori bat-batean lortzea ikaragarrizko poza da.

Uste duzu merezi duen balioa ematen ari zaiola lortutakoari?

Nik esango nuke baietz. Ikusi da zenbat hedabidetan agertu den gure ospakizuna. Gainera, orain klubak berriz ere Anoeta ireki behar du gure partidarako eta uste dut horrek ikusgarritasun handia emango digula.

Taldearentzat garrantzitsuak diren jokalari askok berritu dute kontratua. Etorkizun hurbilak itxura ona dauka, ezta?

Bai, oso ona. Gainera, kontratua berritu duten horiek gazteak dira, batez besteko oso gaztea daukagu, eta uste dut horrek indar handia emango digula are gehiago hazteko.

«Ez nuen espero jokatu ditudan minutu hauek jokatzea. Harrobitik igotzen den bati hainbeste aukera ematea benetan eskertzekoa da»

Natalia Arroyoren lanak ere zerikusia izango du, ziur. Gustura zaudete berarekin?

Bai, Natalia eta talde tekniko osoaren lana lortutakoaren zati handi bat izan da. Beraiek egunerokoan lan handia egiten dute eta guk egiten dugun lan erdia beraiei esker da.

Datorren denboraldiari begira, Txapeldunen Liga, Liga eta Kopa uztartzeak eraginik izango du zuen errendimenduan?

Uste dut ez duela zertan izan. Denboraldiaurrea zerbaitetarako egiten dugu. Denboraldi gogorragoa izango da, baina nahiko prestatuta hasiko gara ondo aurre egiteko.  

Aurten eginiko denboraldi bikainaren ostean, datorrenari begira hori presio gehigarri bat izan liteke?

Une honetan, ezetz esango nuke (barrez). Aurrera jarraitu behar dugu eta denboraldiz denboraldi helburu berrien bila joan. Hurrengo urtean, esaterako, ea Kopan aurrera egiten dugun. Aurten Bartzelona egokitu zitzaigun, baina ea hurrengo urtean aurrez aurre lehiatzeko gai garen. Desberdina izango da.

Arlo pertsonalean, Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin ere jokatu duzu. Nola baloratzen duzu urtea?

Oso arraroa izan da. Lehenengo aldiz deitu didate denboraldi honetan eta ilusio handia izan da. Gainera, Eurokoparako sailkatu gara. Realean, bestalde, harrobitik igo eta lehendabiziko denboraldia izanda, ez nuen espero jokatu ditudan minutu hauek jokatzea. Harrobitik igotzen den bati hainbeste aukera ematea benetan eskertzekoa da.

Jaurlaritza Logoa