Zuzenean

Ainara Rodriguez-Amaia Zurutuza

Askabide: «Mobilizazioa giltzarria izan da prozesio antiabortista ez egiteko»

Emakumeen borrokak lortu zuen Donostian egitekoa zen abortuaren aurkako prozesioa geldiaraztea, Askabide klinikako arduradun Naroa Iturriren iritziz. Baina itzuliko direla uste du: «Beraien webgunean ikusi dugu legea bertan behera geratu arte hilabeteko lehen larunbatetan elkartzen segiko dutela».

Audio_placeholder

Askabide: «Mobilizazioa giltzarria izan da prozesio antiabortista ez egiteko»

Loading player...
Askabide klinikako langileak prozesio antiabortistaren aurka mobilizatu ziren herritarrekin batera.
Askabide klinikako langileak prozesio antiabortistaren aurka mobilizatu ziren herritarrekin batera. (Andoni CANELLADA | FOKU)

‘Otoitz egitea ez da delitua’ leloa ozentzera agertu zen ultrakatoliko eta faxista talde bat pasa den larunbatean Donostiara. Artzai Ona katedralaren inguruetatik Askabide klinikarako bidea egin behar zuten prozesioan, 18.30ean hasita, baina ehunetik gora herritarrek abortuaren kontrako martxa ekidin zuten, talde feministen deialdiari erantzunda. Pasa den apirilaren 12tik Estatu espainiarrean legez debekatuta dago abortatu nahi duten emakumeei kliniken atarietan jazarpena egitea.

Prozesioa geldiarazteko gakoa emakumeen mobilizazioa izan zen Askabideko arduradun Naroa Iturriren esanetan. Izan ere, Madrilen ere beste mobilizazio bat deituta zuten, eta kasu honetan aurrera egin zuen. «Madrilekoa egin da, klinika aurrean jarri dira eta Polizia Nazionalak ez du ekidin», azaldu du NAIZ Irratian Iturrik. Hori dela eta, berretsi du «hemen mobilizazioa giltzarria» izan dela, «ez dago zalantzarik, ikusita zegoen emakume mordoa bazekiten ez zela komeni egiten uztea».

«Garaipen bat da» mobilizazioa ekiditea Askabideko arduradunaren esanetan eta Easo inguruan bizitakoa «indar erakustaldia» izan zela baietsi du.

Baina antiabortistak itzuliko direla uste du, «babes handia dute, juridikoa eta ekonomikoa, eta tamalez berriro etorriko direla uste dut, saiatuko direla». Deialdi berria ere egina dute jada: «Beraien webgunean ikusi dugu legea bertan behera geratu arte hilabeteko lehen larunbatetan elkartzen segiko dutela». Nahiko luke Iturrik larunbateko aurrekariarekin klinika parean egin ohi dituzten abortuaren aurkako mobilizazioak debekatuko balituzte, baina momentuz bere horretan segiko dutela uste du.

Aspaldiko erasoak

Horrek esan nahi du berria ez den jazarpenak segida izango duela. Iturrik azaldu du antiabortistek urte luzeak daramatzatela klinikaren aurrean. «Denetarik izan dugu»,  emakumeei «eskuetatik heltzen zieten ‘etorri gurekin’ edo ‘guk lagunduko zaitugu’ esanez», eta ahozko erasoak ere izan dira, «‘hiltzaile batzuk zarete’ edo ‘hiltzen duenak hiltzea merezi du’ bezalakoak esaten zituzten».

Klinikako langileentzat «desatsegina» da antiabortisten jazarpena, baina Iturrik azpimarratu du pazienteengatik dutela kezka handiena: «Emakume asko berriro epaituak sentitzen dira, kulpa edo lotsa sentitzen dute batzuetan eta batzuk ezkutuan sartzen dira klinikara». 2022. urtean halako egoerak gertatzea ulertezina dela iritzi dio Askabideko arduradunak.

Jaurlaritza Logoa