Zuzenean

NAIZ Irratia

«Adierazpen instituzionalak ongi daude baina benetan balio duena, politikak egitea da»

Sei gizon homosexualen ustezko hiltzaileak bere burua entregatu izanak «lasaitasuna» ekarri dio LGTBIQ+ kolektiboari, Ikusgune Behatokiko koordinatzaile Amets Martinez de Hereditak dionez. Baina era berean, kasu honek betiko «kriminalizazioa» eta aurreiritziak azaleratu dituela salatu du.

Audio_placeholder

«Adierazpen instituzionalak ongi daude baina benetan balio duena, politikak egitea da»

Loading player...
Pasa den ostiralean miatu zuen Ertzaintzak atxilotutako gizonaren etxebizitza Irunen.
Pasa den ostiralean miatu zuen Ertzaintzak atxilotutako gizonaren etxebizitza Irunen. (Europa Press)

Epaileak espetxera bidali du Bilboko krimenengatik atxilotutako gizona. Ertzaintza Bilbon ustez izandako sei hilketa ikertzen ari da, hiri horretan izandako hainbat gizonen heriotzekin lotuta. Pasa den ostegunean entregatu zuen bere burua Irungo Ertzaintzaren polizia-etxean eta ordutik atxilo dute.

Ikertzen ari diren azken hilketa 2021eko udazkenean gertatu zen. Eta hilabeteak pasatu dira, Lakuako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak azalpenak eman arte. Horiek beharrezkotzat jo ditu Euskal Herriko LGTBIQ+ kolektiboak, baina baita unean uneko adierazpenetatik harago joatea ere. «Adierazpen instituzionalak ongi daude baina benetan balio duena, politikak egitea da» dio Amets Martinez de Heredita Ikusgune Behatokiko koordinatzaileak. Izan ere, kasu honen inguruan gorpuztu egin dira LGTBIQ+ kolektiboarekiko dauden aurreiritziak. Ez baitute zalantzarik Ikusgunen, kasuarekiko pertzepzioa ezberdina izango litzatekeela hildakoak homosexualak ez balira. «Zalantzarik gabe, bazterretan dauden pertsonak hiltzen direnean hauei ematen zaien garrantzia bestelakoa da. Hori agerian gelditu da kasu honetan», nabarmendu du Ikusguneko koordinatzaileak.

Ikerketaren zain egotea egoki deritzo Martinez de Hereditak, baina kasu honek piztu duen «alarma» aintzat hartuz, agintari publikoek azalpen gehigarriak eman beharko lituzketela uste du. Bilera bat eskatu dio Lakuako Gobernuari, «azalpenak emateko, lasaitasuna emateko eta honen aurrean hartuko dituzten konpromisoen berri emateko». Aparteko politika horien beharra berretsi du Martinez de Hereditak, horiek ezean betiko «kriminalizazioa» azaleratzen delako LGTBIQ+ kolektiboarekiko.

Estigmatizazioa

Kasu honen baitan «estigmatizazioa» agerikoa izan dela salatu du ere LGTBIQ+ kolektiboaren parte den Eneko Ander Romerok. Besteak beste aplikazioen erabilera txarrak edota drogen kontsumo normalizatuaren inguruko mezuak zabaldu dira, inolako oinarririk gabe. Dio Romerok «lasaitasuna» ekarri dutela Lakuak emandako lehen azalpenek. Baina zehaztu du zalantzarik ez duela, aferak bestelako oihartzun bat izango zuela hildakoak kolektiboko kide ez balira, «sekulako erantzun sozial eta instituzionala» egongo litzatekeela. «Gure kasuan zer egon den?» galdetu du Romerok, «alde batetik isiltasuna. Bestetik, morboa, aplikazioak erabiltzeagatik» ondorioztatu du.

Jaurlaritza Logoa