Zuzenean

NAIZ Irratia

«41 urte dira gaur Bobby Sands gose greban hil zela eta bozkatzera doazenek gogoan izango dute»

Uharteko egoera politikoa erabat iraul dezake ostegun honetan Sinn Feinek, Ipar Irlandako hauteskunde autonomikoak irabazten baditu. «Sinbolikoki eta politikoki» indar handiko lorpena litzatekeela dio luzaz bertan bizi izan den Ihintz Olidenek. Uste du baina, galdeketa ez dela berehala helduko.

Audio_placeholder

«41 urte dira gaur Bobby Sands gose greban hil zela eta bozkatzera doazenek gogoan izango dute»

Loading player...
Hauteskundeetako hautagaien kartelak Belfasten.
Hauteskundeetako hautagaien kartelak Belfasten. (PAUL FAITH | AFP)

«Lehen aldiz 100 urtean» hautagai errepublikazale batek irabaz ditzake Ipar Irlandako hauteskunde autonomikoak Ihintz Olidenek azaldu duenez; horrek ostegun honetako hitzorduaren garrantzia ulertzen lagundu beharko luke. Euskal Herrian bizi da gaur egun Ihintz Oliden, baina urte asko eman ditu Ipar Irlandan bizitzen eta ondorioz, ongi ezagutzen du bertako egitura politiko konplexua. Gainera, «sinbolikoki» botoa emateko egun berezia izango da Olidenek dionez errepublikazaleek, 2022ko maiatzaren 5 honetan emango dutelako botoa, baina burua 1981ean izango dute, «41 urte dira gaur Bobby Sands gose greban hil zela eta bozkatzera doazenek gogoan izango dute hori».

«Politikoki» pisu handikoa litzateke Michelle O´Neill Sinn Feineko hautagaiak ministro nagusi postua bereganatzea. Alderdi errepublikarraren «helburu nagusiak» dira, Olidenen arabera, galdeketa lehenik eta Irlandaren batasuna jarraian. Uste du, paradoxikoa dirudien arren Brexitaren ondorioz «gertuago» dagoela batasun hori, baina Sinn Fein ez dela berehalakoan horren bila joango. Ezin da galdeketarik egin, bizikidetza bermatu gabe. «Sinn Feinek dio unionistarik gabeko Irlanda bat ez dela egingo, denentzako tokia egon behar duela Irlanda batu horretan. Orain helburua da jendea horretara bideratzea» azaldu du Olidenek. 

Botere banaketa

Ipar Irlandan hauteskundeak irabazi bai, ministro nagusi postua eskuratu ere, baina ezin da kolore bakarreko gobernua eratu, partekatua behar duelako. «Ostiral Santuko akordioan idatzita dagoen zerbait da. Horrek esan nahi du ministro nagusi eta ministro nagusiorde karguak bi alderdi nagusienak direla. Alderdi arerioak izaten dira kargu horietan», adierazi du Olidenek. 1998tik UDP unionista eta Sinn Fein batasun-zalea izan dira bi alderdi bozkatuenak.

Gobernu eredu «nahiko konplikatua» da Olidenen esanetan, zail egiten duena, gaiaren arabera «gutxieneko adostasunetara» heltzea. 2002tik 2007ra adibidez ituna apurtu eta Londresek hartu zuen bere gain agintea. 2017an berriz ere bertan behera gelditu zen gobernua eta azkena, 2022 honetan Paul Givan ministro nagusiak karguari uko egin zionean Brexitaren ondorioei aurre egin ezinik. Zailtasunak badira beraz, baina errepublika zaleek botere politikoa edukitzea ahalbidetu duen sistema bakarra da.

Norabide ezberdinak

Errealitatea da, Brexitak espero zen kontrako efektua izan duela unionistengan Olidenen arabera, «Brexitarekin UDPk espero zuen Erresuma Batura gehiago hurbiltzea. Espero zuten Erresuma Batu eta Europar Batasunaren arteko muga Irlandan jarriko zutela». Baina kontrakoa gertatu da. Aduanak, Ipar Irlandako portuetan daude eta ondorioz, ekonomikoki bada ere, Erresuma Batutik kanpo gelditu dira. «Galera bat bezala sentitu dute, traizionatuak izan direla» esan du Olidenek.  Hala ere, ez du UDPren galtzailetzat jo oraindik, dioenez, unionistak iaioak direlako «azken orduan» bere hautesleak mobilizatzen.

UDP behera ari den bezala, gora ari da egiten Sinn Fein eta bereziki Irlandako Errepublikan non alderdi bozkatuena izan zen azken hauteskundeetan. Michelle O´Neill iparraldean eta Mary Lou McDonald hegoaldean indarkeriaren garaitik urrunduta dagoen «belaunaldi berria» ordezkatzen dute Olidenek azaldu duenez. Gainera populazioarekiko sentiberak diren gaietan asmatzen ari dira, esaterako abortuaren despenalizazioan edota etxebizitza politiketan.

Jaurlaritza Logoa